Pantailak Euskaraz taldeak Twitterreko kontu berria ireki zuen atzo, joan den urriaren 14tik ezgaituta dagoelako lehenago zuten kontua. Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz taldeko bozeramaileak BERRIAri adierazi zionez, urriaren 11n «hainbat mezu eta bideo arraro» agertu ziren taldearen sare sozialetan, gehienak kriptotxanponei buruzkoak. Argitalpen horiek ikusi orduko ezabatu zituzten, irekitako saio guztiak itxi,eta pasahitzak aldatu zituzten. Hala ere, hiru egunen buruan kontua itxi zieten.
ADI EUSKAL HERRIA! Zentsura guztien gainetik, Pantailak Euskarazen @twitter kontu berria dugu: @PantailakEusk
— Pantailak Euskaraz (@PantailakEusk) November 2, 2022
Indarrez beteta, ilusioz gainezka eta irabaztera gatoz! Baina zure laguntza beharko dugu #PantailakEuskaraz lortzeko! Jarrai gaitzazu! RT masiboa! pic.twitter.com/1fjScvR224
«Zarata ateratzeko», sinadura bilketa bat jarri zuten martxan Avaaz plataformaren bidez. Hala, Aginagaldek arrazoitu zuen Twitterrek ez duela arrazoirik Pantailak Euskaraz taldearen kontua ezgaituta mantentzeko: «Gure aldarrikapenak oso-oso oinarrizkoak dira. Euskal hiztun komunitatearen eskubideak babestea besterik ez dugu eskatzen, pantailetan bereziki. Horrek ezin du izan inongo arau hausterik».
Twitter plataformak baditu moduak itxitako kontuak berreskuratzeko, eta, taldeak hiruzpalau eskaera egin baditu ere, ez dute erantzunik jaso. Aginagaldek adierazi zuen taldean «harrituta» daudela: «Hackeatze baten ondorioz izan baldin bada, mesedez kontuan hartu dezatela eta itzuli diezagutela kontua». Izan ere, haien kezka nagusia sare sozial hartan zituzten 2.500 jarraitzaile horiek galtzea eta «hutsetik hastea» zen, eta hala gertatu da azkenean. Hortaz, kontu berria zabaltzeko laguntza eskatu dute.
Ikusi gehiago:Pantailak Euskaraz taldeari bertan behera utzi diote Twitterreko kontua