«Bakoitzak modu batean bizi dugu tortura, baina niretzat garrantzitsua izan da motxilatik Pandoraren kutxa hori ateratzea. Pandoraren kutxa irekitzean, zer egingo dugu torturaren min horrekin? Niretzat gakoa ez da zer egin ziguten, baizik eta zer egiteko gai garen egin ziguten horrekin». Zume horiekin eraiki dute Euskal Herriko Torturatuen Sarea. Aitortzaren bidea jorratu eta berriz ez gertatzeko bermeak ipintzeko: «Gu gara tortura desagertzearen bermea». Lehen adierazpenak Amaia Urizar de Pazenak dira (Bilbo); 2004an atxilotu zuen Guardia Zibilak. Bigarrenak, Marta Pikaza Garaigortarenak (Laudio, Araba); 1989an atxilotu zuen Guardia Zibilak, eta 1998an Ertzaintzak.
Ikusi gehiago
Urizar eta Pikazaz gain, Iker Moreno Ibañez (Burlata, Nafarroa), Ainara Fresneda Etxeberria (Lesaka, Nafarroa) eta Gorka Loran Lafourcaude (Hernani, Gipuzkoa) elkartu ditu BERRIAk, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen sorreraz hitz egiteko. Lau hamarkada ezberdinetan atxilotu zituzten, Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan, beste askoren moduan. Funtzionario publikoek tortura hainbat hamarkadatan modu sistematikoan erabili izanaren ispilu dira. 1960tik aurrera torturak jasan dituztenen errolda osatu nahi du sareak.
Pikazak 20 urte zituen lehen aldiz atxilotu zutenean. Inkomunikazioalditik irtetean, Torturaren Aurkako Taldeak (TAT) esan zion salatzeko gertatutakoa. 1998an, berriz, Ertzaintzak atxilotu zuen, zortzi hilabete eta erdiz haurdun zegoela. Inkomunikatu egin zuten. «Badaukat zera bat: uste dut jende askok bakardadea sentitu dugula. Askotan pentsatu dut badagoela eskema bat: atxiloketa, tortura eta kartzela; baina, beste jende asko atxilotua izan eta gero, kalera gindoazen, eta kalera joatea berri on bezala hartuta, ematen du akonpainatuta egon behar duzula, baina nik uste dut esperientziak esaten duela ia alderantziz gertatzen dela, zeren, kasu honetan, kalera zoazenean ez duzu inorekin ezer konpartitzen; askotan, korapiloa barruan duzula geratzen zara, kontatu ezinik, eta horrela gera zaitezke urteak eta urteak».
TATi kontatu zionaz gain, urteetan ez du hitzik egin, harik eta KREIren deia jaso zuen arte. Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak eskatuta, Kriminologiaren Euskal Institutu KREIk txosten bat egin zuen 1960 eta 2014 artean torturatuei eta tratu txarrak jasandakoei buruz. 2017an aurkeztu zuten lana, eta 4.113 kasu identifikatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
«Nik lehen atxiloketaz ez dut ezertaz hitz egin», jarraitu du Pikazak: «KREIren deia jasotzeak eta institutu kriminologikora joateak aktibatu nau. Orduan konturatzen zara korapiloa hor zegoela, eta kolektibizatzeak ere zenbateraino laguntzen duen korapiloa askatzen. Garrantzitsua da askatzea, hitz egitea, zeren, gezurra dirudien arren, kalera ateratzeak ez dakar egoera hobe bat izatea torturarekiko, edo zure bizipenarekiko».
Morenok berretsi du Pikazaren baieztapena: «Nik eskertu nuen inkomunikazioa bukatutakoan espetxera joan izana, eta ez kalera. Egia da bi urte neramatzala jarraipenekin, banekien momenturen batean torturatuko nindutela, eta, behin hori pasatuta, espetxeratu nindutenean, pentsatu nuen: 'Ez naute berriz atxilotuko eta inkomunikatuko'. Babes sentsazio moduko bat zen. Herrenka iritsi nintzen inkomunikazioalditik espetxera, eta sartzerako sinarazi zidaten paper bat, argi gera zedin ni horrela iritsi nintzela. Espetxealdian, zeure burua prestatzen duzu espetxeari aurre egiteko. Irten nintzenean, jaso nituen mezu gehienak ziren: 'Jo, Iker, ze ondo zauden, ematen du ez zarela espetxean egon'. Jendeak ongi ikusten zaitu, eta nik ere sinetsi nuen bertsio hori. Nire bizitzarekin jarraitu nuen, ezer gertatu ez balitz bezala. Baina erreakzio txar batzuk izaten hasi nintzen: parrandan atera eta mozkorraldi txarrak izaten, edo bat-batean edozein txikikeriarengatik kristoren haserrealdiak... ordura arte ez bezalako jarrerak. Eta akordatzen naiz egun batean nire amak esan zidala: 'Iker, deitu psikologoari'. Deitu, eta zera esan nion: 'Nik, oraintxe bertan, ez dut neure burua ezagutzen'. Orduan ez nuen torturarekin lotzen. Hasi nintzen psikologoarekin lan bat egiten, eta, lan horren ondorioz, ikusi nuen. Hark esaten zidan: 'Ez duzu uste zure jarrera horiek denek lotura zuzena dutenik inkomunikazioan bizi izan zenuen harekin?'. Eta gauzak lotzen hasten zara: zer den umiliazioa, zer den errua...».
«Kide batek hitz batzuk xuxurlatu zizkidan inkomunikaziotik ateratzean: 'Itziarren semea ez da existitzen; maite zaitugu, lasai egon, ez zaude bakarrik'. Esaldi horrek dena eman zidan une hartan»
AMAIA URIZAR DE PAZ
Morenok azaldu du psikologoari hirugarren pertsonan kontatzen ziola dena, «gertakizun haietatik kanpo» balego bezala: «Pixka bat gorputzarekin lantzen hasi ginen. Eskatu zidan nik bera jartzeko zutik, paretaren kontra. Ez nintzen gai izan, iruditzen zitzaidalako egitea neukan minik handiena zela. Eta orduan galdetu zidan ea, behintzat, ni jartzen ahal nintzen posizio horretan. Jarri nintzen, eta paretaren kontra jartzean konektatu nuen inkomunikazioaldiko une batekin. Gogoratzen dut sabelean neukan korapilo bat igotzen hasi zitzaidala, eta negarrez hasi nintzen. Ez dut sekula hainbeste negar egin. Gogoratzen dut uztail hasieran zela, eta sanferminen hasieran saio hartako agujeta fisikoak sentitzen nituela. Hura izan zen unea neure buruari aitortzeko baietz, torturatu nindutela. Ordura arte, kostatzen zitzaidan sinestea. Hiru urte igaro ziren espetxetik irten nintzenetik ordura arte».
Pikazaren eta Morenoren esanei adi-adi egon da Urizar, buruarekin baietz eta baietz eginez: «Ematen du besteak entzutea errazagoa dela, baina bai zera! Sekulako karga da!». Ezker-eskuin babes keinuak jaso ditu, baita irribarre konplizeak ere, eta hala ekin dio torturak berarengan izan zituen ondorioak kontatzeari: «Ni Guardia Zibilak atxilotu ninduen, 24 urte nituela, gurasoen etxean. Zuzenean eraman ninduten Madrilera, Tres Cantosera [komisariara]. Patrolera sartu nindutenetik, beste hainbat emakumeri bezala, esan zidaten: 'Puta, te vas a enterar' [Puta, orain ikasiko duzu]. Banekien hor hasten zela infernua, eta horrela izan zen. Komisariara iritsi orduko, sexu mehatxuekin eta bortxaketa mehatxuekin ibili ziren; biluzik eman nituen bost egunak, itsuturik, ez nuelako bost egunetan inor ikusi, eta bueno: ba, eromena. Auzitegi Nazionalera heldu nintzenean, ez nuen kalea zapaldu nahi. Nire etxean espetxea ezaguna zen: nire anaia nik 9 urte nituenetik kartzelan zegoen, eta banekien hori nire etxerako zama itzela izango zela, baina beldurra neukan kalera irten eta berriro torturatua izateko. Une hartan ezingo nukeen jasan: oraindik ez dakit nola atera nintzen bizirik bost egun haietatik. Epaileak esan zidanean: 'Espetxera', lasaitu egin nintzen; negar egin nuen».
Espetxean inkomunikazioa luzatu zioten, eta, bakartuta zegoela, abokatuengana bidali zuten: «Ni guztiz akabatuta nengoen, eta han, Soton [Madrilen], abokatuengana burumakur nindoala, espetxera heldu berri eta kide batek deitu zidan: 'Amaia!'. Buelta eman nuen, eta Xabier Alegria zen. Kristoren besarkada eman zidan, eta hitz batzuk xuxurlatu zizkidan: 'Itziarren semea ez da existitzen; maite zaitugu, lasai egon, ez zaude bakarrik'. Esaldi horrek dena eman zidan une hartan».
«Adituek esaten digute ez dela ohikoa torturatua bera izatea subjektu, baina aitortzen digute horrek sekulako potentziala eta zilegitasuna duela»
IKER MORENO IBAÑEZ
Bost urte pasatu ziren, eta kalera ateratzeko garaia heldu zitzaion, baina ez zuen nahi: «Eta nire familiak bost urte zeramatzan neba ikusteko Almeriara joaten [Euskal Herritik 1.100 kilometrora] eta ni ikusteko Cordobara joaten [Euskal Herritik 850 kilometrora]. Dirutza itzela, bidaia itzelak. Nik nebarekin hitz egiten nuen, espetxez espetxeko deietan, eta esaten nion ez nuela atera nahi. Beldurra neukan. Nire torturatzaileek kalean jarraitzen zuten. Ez nuen nahi. Orduan konturatu nintzen, TATekin kristoren lana egin nuen arren —eta asko daukat haiei eskertzeko—, apurtu egin nindutela. Banekien torturatua izan nintzela, bortxaketa oso mingarria izan zela, baina nik neure buruari ez nion aitortu nahi izorratuta nengoela, eta aurre egin behar niola kaleari, berriz ere sexu harremanak izateari, gertatu zen guztiarekin... Zer ekarri digun? Ba, nik uste dut zera konpartitzen dugula: oso zaila izan dela».
Hitz egitea, sendagarri
Bizipen horiek edo tankerakoak pairatu zituzten milaka pertsonak funtzionario publikoen eskutik hamarkada askoan. Kolektibo jakin baten kontrako eraso haiek modu indibidualean egin zituzten, bakarka inkomunikatuz atxilotu bakoitza, eta, hain zuzen, helburuetako bat kolektibo horiek apurtzea izan zela uste du Morenok: «Torturatuak izan garen gehienok salatu dugu lagun bat edo gure ondoko norbait. Eta psikologoek esaten dute horrek sortzen duen errua dela gainetik kentzeko zailena. Alde horretatik, uste dut egun saretzeak ere daukala sekulako balioa, zeren nik esaten diot neure buruari: badakit nire lagun batzuek nire izena eman zutela, eta esana diet lagun horiei lasai egoteko, badakidala pertsona horiek ez direla komisaria batera joan nire izena euren borondatez ematera; badakit nire izena ahotik atera zietela indarrez, eta suntsitu zituztela nire izena emateko. Baina gero, beste aldean jartzen naizenean, neure burua zigortzen dut, eta esaten dut: 'Bai, bai, baina eman zenuen'». Gertatu zitzaienari buruz hitz egitea sendagarria izan dela berretsi dute denek.
«Niretzat oso erreparazio handia izan daiteke egia azaleratzea eta hau egin dutenek aitortzea sistematikoki torturatu dutela Euskal Herrian kolektibo jakin bat»
AINARA FRESNEDA ETXEBERRIA
Esan dute horri buruz ez dela hitz egin; «tabu» bihurtu dela, min egiten duelako. «Baina, hain zuzen, horrek berak suntsitu ditu mugimendu baten sareak. Eta uste dut orain geure buruari aitortzeak horrek guztiak ez duela zentzurik, eta gai izateak apurtu ziren sareak berriz lotzeko... uste dut horrek ere baduela sendagarritik zerbait». Morenoren hitz horiek berretsi ditu Urizarrek: «Bai, eta zenbat lagun eta zenbat kuadrilla ez diren elkartu berriro, badaezpada; gauzak dauden moduan utzi dituzte, eta...».
Torturetan izan den indarkeria sexuala ere hartu du hizpide Fresnedak. Esan du «emakume guzti-guztiek» biolentzia sexuala jasan dutela: «Torturatzaileak gizonezkoak dira, boterea dutenak, eta pentsamendu edo izate matxista horretan oinarrituta emakumea umiliatu dute. Egoera oso basatiak izan dira». Pikazak gehitu du bide horretan ere egingo duela lan sareak.
Zaintzaren funtzioa ere bete asmo du sareak. Loran: «Torturatuak zaintzea ere bada sarearen bokazioa, barruan duen min hori ateratzen laguntzea. Torturatu askok min hori oso-oso barruan daramate, eta nik uste sarearen helburuetako bat ere badela min hori askatzen laguntzea».
Nafarroan abiatu zuten sarea. Eusko Jaurlaritzak jarri zuen martxan KREI, baina Nafarroan ez zen halako ekinbiderik, eta antolatzen hasi ziren torturatuak. Pauso sendoak eman dituzte geroztik: lortu dute ehunka torturaturengana iristea, eta erakunde publikoetan bide bat egitea. Loran: «Aitortza ofizialak egon dira, harreman sare asko sortu dira bertako eragileekin. Nafarroan, gaur egun, parlamentura joaten dira, eta inor ez da gai esateko tortura ez denik existitu herri honetan». Egiteko modu hori zabaldu nahi dute Euskal Herrira. Fresnedak zehaztu duenez, «sare horizontal bat» izango da, torturatuak izango dituena protagonista.
«Torturatu zuten lagun batek esaten zuen barruan duen min hori zerbait positiboa egiteko bideratuko zuela, eta uste dut oso ondo doala ideia hori sareak izan nahi duenarekin»
GORKA LORAN LAFOURCADE
Bide horretan torturatuentzat aitortzak duen garrantziaz jardun da Moreno: «Salhaketako lagunek eskatu zidaten hitzaldi batean parte hartzeko, eta asmoa zen orokorrean hitz egitea, asmoa ez zen nire kasua kontatzea, baina azkenean kontatu egin nuen, negarrez... Hura izan zen lehen aldia jendaurrean kontatzen nuena, norbaitek entzuten ninduena, eta halako aitortza txiki bat sentitu nuen. Askatzailea izan zen; eta sendagarria».
Nafarroako sarearen martxa ikusita, zabaltzea erabaki, eta iazko udazkenean hogei batzar baino gehiago egin zituzten Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Ahoz ahoko deialdiak izan dira, eta 700 lagunetik gora elkartu dira.
Nafarroako esperientzian oinarrituta, Morenok esan du torturari buruzko nazioarteko topaketak egin izan dituztenean aipatu izan dietela ez dela ohikoa torturatutako pertsonak izatea subjektu, mingarria delako gai horren inguruan lan egin behar izatea, baina behin pausoa emanda, horrek daukan «potentziala eta zilegitasuna» izugarria dela.
Berriz ez gertatzeko bermeak
Aitortza modu diferentean bizi dute, eta aniztasun hori ere defendatzen dute. Urizar: «Nik ez dut behar paper bat esaten duena torturatua izan naizela. Baina etorkizunean jakin behar dute herri honetan zer pasatu den, eta pentsatu beharko dute zer herri mota nahi duten hau guztia berriz ez gertatzeko, nolako Polizia, sistema judiziala eta beste nahi duten. Bestela, hau guztia ateratzen ez badugu, berriz gertatuko da, zeren ikusten ez dena berriz gerta daiteke. Aldiz, aitortza bat duena, herriak ikusten duena, zailagoa da etorkizunean berriz gertatzea, eta uste dut hurrengo belaunaldiei zor diegula hori kontatzea».
Fresnedari, berriz, aitortza publikoak lagunduko lioke: «Niretzat oso erreparazio handia izan daiteke egia azaleratzea eta hau egin dutenek aitortzea sistematikoki torturatu dutela Euskal Herrian kolektibo jakin bat». Horregatik ere, pauso bat harago egin nahi du sareak. Loran: «Garrantzitsuena ez da zer egin ziguten, baizik eta zer egiteko gai garen egin zigutenarekin. Torturatu zuten lagun batek esaten zuen torturaren gaiarekin garai batean testigantzari garrantzi handia ematen zitzaiola, eta uste zuela buelta bat eman behar zitzaiola horri, eta kontatu bai, torturatua izan zela, baina bizirik atera zela hartatik, eta barruan duen min hori zerbait positiboa egiteko bideratuko zuela, eta uste dut oso ondo doala ideia hori sareak izan nahi duenarekin».
Urizarrek ere berretsi du ideia hori: «Zerbaitetarako balio dezala honek ere. Urteetan izan dugu hor barruan, eta ez genuen kontatzen, jendeak ez zezan pentsa militante izateak parte txar hori zeukala, eta, badaezpada ere, hor bazter batean ezkutatu genuen, ez zedin gerta min ematea eta negar egin behar izatea. Ez gara horren gogorrak».
Fresnedak ideia horretan sakondu du, eta sarera gerturatzeak torturaren egiazko dimentsiora gerturatzen lagundu dezakeelakoan dago: «Aitortza ofiziala batzuentzat garrantzitsua izango da; beste batzuentzat, berriz, ez du garrantzirik izango. Baina guk garrantzia ematen diogu, horrek emango digulako Euskal Herrian torturak izan duen dimentsioa, eta argazki bat emango digulako: egia azalarazteko aukera emango digu, erreparazioan bideak irekitzen hasteko, egia esateko, eta justizia egiteko».
«Nafarroan gauza oso inportantea gertatu da: ezin izan dute ukatu tortura existitu denik. Hori berme bat da etorkizunera begira»
MARTA PIKAZA GARAIGORTA
Pikazak ere berretsi du horren garrantzia: «Gu gara tortura desagertzearen bermea. Aitortzarik gabe oso zail ikusten dut hori gertatzea. Nafarroan gauza oso inportantea gertatu da: ezin izan dutela ukatu tortura existitu denik. Hori berme bat da etorkizunera begira».