Pandemia garaian eta haren ondoren, arnasari eragiten dioten birusek portaera aldatu zuten, osasun publikoaren mesedetan, babes neurri gehiago hartu baitziren arnas bidetik transmititzen diren birusen transmisioa mugatzeko. Orain, baina, aurreko egoera itzuli da. Oro har, ez dago maskara erabiltzeko ohiturarik, nahiz eta «oso neurri eraginkorra» den, Miren Basaras mikrobiologo eta EHUko irakaslearen eta Enrique Peiro Osakidetzako Osasun Publikoko Programen arduradunaren hitzetan.
Gripearen eta beste arnas birus batzuen garairik gogorrenean, maskara erabiltzea gomendatu diete Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak arnasbideko gaixotasunen sintomak dituzten herritarrei; baita eskuak garbitzea, espazioak aireztatzea, COVID-19aren probak egitea eta ondoko pertsonekiko segurtasun distantzia bat ezartzea ere, transmisioa prebenitzeko neurri gisa.
COVID-19aren pandemia garaian derrigorrezkoa izan zen maskara erabiltzea. Pandemiaren ondoren ere maskara eskura eramatea ohitura izango zela esan zuten hainbat aditu eta osasun arduradunek. Gaur egun, ordea, salbuespena dira maskara janzten dutenak edo eskura daramatenak. Osasun arloko erakundeak ari dira pedagogia egiten maskararen erabilera une konkretu batzuetan erabiltzeko. Hain zuzen, oraingoa bezalako egoeretan baliatzea gomendatzen dute: arnasaren bidez transmititzen den birusen gorakadaren garaian.
«Ez dugu pentsatu behar elementu arrotza denik, une jakin batzuetan erabili beharreko tresna baizik, uda garaian eguzkitako betaurrekoak erabiltzen ditugun bezala».
MIREN BASARAS Mikrobiologoa eta EHUko irakaslea
Peirok azpimarratu egin du maskararen erabilgarritasuna, bai birusen transmisioa geldiarazteko, bai eta nork bere burua babesteko ere: «Ez du zertan erabilgarri izan, esaterako, mendian bakarrik bagoaz, ez eta sintomarik ez badugu ere; aldiz, bai jende askorekin elkartzen bagara». Txertatzea ere gomendatu du osasun arduradunak.
Basarasek ohartarazi du maskara baliagarria izan daitekeela pandemiatik haratago ere. «Ez dugu pentsatu behar elementu arrotza denik, une jakin batzuetan erabili beharreko tresna baizik, uda garaian eguzkitako betaurrekoak erabiltzen ditugun bezala», adierazi du mikrobiologoak. Peirok gehitu du erronka dela pandemian ikasitakoa egunerokora hedatzea: «Uztailean ere gaixotuko bagina, arduratsua litzateke maskara jartzea».
Gaur egun, sentsibilizatuta dauden herritarrek maskara eta beste neurri batzuk erabiltzen dituzte, baina «kasu bakanak» dira, Peiroren esanetan. Herritarren sentsibilizazioa lortzea da garrantzitsuena, osasun arduradunaren ustez: hala, egunerokoan maskara erabiltzea «ez da inola ere estigmatizatzailea edo harrigarria izango», eta «hobera egingo du osasunari buruzko hezkuntzak eta pazienteen segurtasunak».
Hotza etorri, eta kasuek gora
Kasuen gorakada «ohikoa» da, Miren Basaras mikrobiologoaren esanetan: «Udazken amaiera aldera eta negua bitartean beti egiten dute gora arnasaren bidezko infekzioek». Geroz eta jende gehiagok du COVIDa, gripea edo arnasaren bidezko beste birus infekzioren bat —hotzeria, bronkiolitisa…—, eta joera bera izango da hurrengo asteetan ere. Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak nabarmendu du kutsatzeen bilakaerari jarraipen estua egin behar zaiola, eta ondorioei arreta jarri, gehienbat ospitaleratzeen presioari so. Halere, «oraindik ez da larritzeko moduko egoera». Are, Peirok ziurtatu du birusen zirkulazio ereduan normaltasun egoera berreskuratzen ari dela oro har, nahiz eta negu sasoian kasu gehiago azaldu.
Irene Zabala Peña Barakaldoko (Bizkaia) farmazialaria da, izen bereko farmaziako langilea, eta azken egunetan maskara gehiago saltzen ari direla ziurtatu du, baita A gripearen ala gripe arruntaren testak ere. «Kutsatzeak gero eta gehiago dira, eta jendeak kontzientzia hartu du; 30 urtetik gora izan eta jende helduarekin bizi direnak etorri dira bereziki farmaziara». Carlos Agirre Mungiako (Bizkaia) Agirre farmaziako farmazialariak dio ez dutela nabaritu maskara gehiago saldu denik, baina bai, ordea, A gripearen test gehiago: «Izugarri handitu da salmenta».
Mukiak, eztula, sukarra duen orori egingo liokete maskara jartzeko gomendioa Basarasek eta Peirok, bereziki ondoan daudenak babesteko; are gehiago pertsona zaurgarriak badira. Basarasek nabarmendu du birus horiek eskuetan geratzen direla, eta denbora luzez iraun dezaketela bertan; hortaz, garrantzitsua da eskuak maiz garbitzea.
Maskara, eraginkor
Lehendik ere bazekiten maskara erabilgarria zela. Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Programen arduradunak gogoratu du pandemia iritsi aurreko udazkenean kartelak egin zituztela herritarrek prebentzio neurriak har zitzaten; tartean, maskara. Ondoren, pandemia garaian derrigorrezkoa bihurtu zen hura erabiltzea. Egun, Hego Euskal Herriko osasun zentroetan maskarak erabiltzea gomendatzen da. Katalunian eta Valentzian haratago joan dira: hango osasun zentroetan maskara erabiltzera derrigortu dute, gripearen eta COVID-19aren kasuen gorakadagatik. Espainiako Familia Medikuen Elkarteak eskaera hori egin ondoren hartu zuten erabakia.
Ikusi gehiago