«Pandemiaren kurtsoari» heltzeko, baliabideak eskatu dituzte ikastolek

Ikasturte hasierako ekitaldian, hezkuntza sistema osoari buruzko hausnarketa egiteko eskatu du Koldo Tellitu elkarteko presidenteak

Ohi baino ekitaldi txigiakoa egin zuten ikastolek atzo. IKASTOLEN ELKARTEA.
Maite Asensio Lozano.
2020ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Baliabide gehiago» behar dituzte ikastolek «pandemiaren kurtsoari» aurre egiteko. Hala berretsi zuen atzo Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko presidenteak Agurainen (Araba). Etorkizunerantz, hezkuntza eraldatzen lelopean, ikasturte hasierako egitaldia egin zuten han, eta Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berria han zela baliatu zuen Tellituk, «aurreko gobernuak hartu gabe utzitako erabakiak» galdegiteko: «Hitz egiten ari gara, aztertzen ari gara, baina oraindik ez dakigu nola bukatuko den prozesua, eta presa dago, handia, ikasturtea hasita dagoelako, eta, epe motzean boluntarismoarekin funtzionatu badaiteke ere, horrek muga duelako».

Izan ere, ikasturte hau ez da aurrekoa baino errazagoa izango, Tellituren hitzetan: «Protokoloak, distantziak, garbitasuna eta beste hainbat neurri ezarrita ere, badakigu pandemiak eragingo duela gure geletan». Ikastetxeek lehentasun gisa hartu dute «erantzun duina» ematea, besteak beste, arreta berezia behar duten ikasleei edota etxean euskararik jasotzen ez dutenei. Horretarako, baina, «baliabide gehiago» eskuratu behar dituzte, elkartearen ustez. Eta ez dira berdin jokatzen ari erakunde publiko guztiak. Tellituk salatu du Frantziako Gobernua «utzikeria handiz» ari dela, baina Nafarroakoak baliabide batzuk jarri dituela: «Ikusi behar ea horiekin nahikoa den».

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, ordea, ikastolek oraindik ez dakite zehazki zer errekurtso izango duten kurtso honetan: «Espero dezagun erantzuna egokia izatea». Edonola ere, hitz egiteko prest agertu da Bildarratz: «Finantzaketaren inguruan badauzkagu hainbat erronka, epe motzera, ertainera zein luzera. Horretaz kontziente gara, eta horri helduko diogu».

Baina gogoeta sakonagoa egin beharraz ere mintzatu zen Tellitu: «Honek guztiak hezkuntza sistema osotasunean zalantzan jartzeko ere balio behar digu. Ez da nahikoa akordio bat. Errotik aldatu behar da hezkuntza sistema. Hori da pandemia honetatik atera dezakegun ondorio nagusia; hezkuntza eragile guztiak leku berera ailegatu gara: aldaketarik gabe, gure sistema porrotera doa». Hartara, hezkuntza lege berri bat galdegin du berriro, eta elkarlanerako deia egin du bide horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.