Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
COVID-19ak bizitza hankaz gora jarri zien eguna ongi gogoan dute Isabelle Delgadok (Bilbo, 1969) eta Ianire Alkortak (Mutriku, Gipuzkoa, 1989). 2020ko otsailaren 29an kutsatu zen Delgado, eta urte bereko urriaren 1ean Alkorta. Harrezkero, SARS-CoV-2 birusak organismoan eragin dizkien ondorioen aurka egunero ari dira borrokan: muturreko nekea dute, zorabioak, arnasteko zailtasunak, takikardiak, metabolismoaren desorekak, hesteetako arazoak... Gaitzarekin bizi dira oraindik. Birusarekin kutsatu zirenetik bost urtera, eritasuna gainditu ezinean dira biak ala biak. COVID luzea edo iraunkorra dute.
Ikusi gehiago
COVID-19aren sintomak luzaroan dituztenen isla dira Delgado eta Alkorta. Haiek bezala daude milaka eta milaka lagun mundu osoan. Osasunaren Mundu Erakundeak honela definitzen du COVID iraunkorra: hasierako infekziotik hiru hilabetera irauten duten sintomen multzoa, edo hortik aurrera garatzen direnena. COVID iraunkorraren sintomak askotarikoak dira, eta ohikoenak nekea, buruko mina, garuneko lainoa eta esfortzu osteko ondoeza dira.
Pandemiaren lehen olatuak jo zituenetik beren onera bueltatu ezinda daudela kontatu dute bi emakumeek. «Nik osasun bikaina nuen, betidanik oso indartsua izan naiz, baina hau nire bizitzako kolperik gogorrena izan da», azaldu du Delgadok. Alkortak, berriz, gaitzarekin kutsatu zenetik «bizitzen» bainoago «bizirik irauten» ari den sentipena du: «Bizi naiz, baina ez naiz lehengo Ianire hura». Biak ala biak dira Euskal Herriko Long COVID elkarteko kide.
«Udaberria iritsi zen, kalean ibiltzen utzi ziguten, eta nik pentsatzen nuen: ‘Hau atzean utzi dut’. Baina gero konturatu nintzen ezetz, ez nintzela osatzen. Nekatuta nengoen oraindik»
ISABELLE DELGADOCOVID iraunkorra du
Koronabirusaren pandemiaren aurreneko oldarraldi hura ezin ahaztu dezakete, mugarri izan baitzen haien osasunean eta bizitzan. Garai hura memorian iltzatua du Delgadok: «Etxean bakarrik nengoen semearekin, 12 urte besterik ez zuen, eta pentsatzen nuen bertan hilko nintzela inork lagundu gabe. Itogarria izan zen». Orduan, ospitaleak eta osasun sistema gainezka eta kolapsaturik zeuden, eta ezin izan zuten aurrez aurre artatu. «Niri esan zidaten lekurik egon izan balitz ospitaleratuta egongo nintzela», azaldu du. Kontsulta pribatu batean artatu zuten, eta, serologia bat egin ziotenean, ikusi zuten antigorputzak zituela eta, beraz, kutsatuta zegoela. Etxean igaro zituen hortik aurrerako egunak, ondoezik: sukar handia zuen, buruko min izugarria, eta eztula.
Hiru hilabetez etxean bakartuta egon ondotik, bere onera bueltatzen hasia zela pentsatu zuen: «Udaberria iritsi zen, kalean ibiltzen utzi ziguten, eta nik pentsatzen nuen: ‘Hau atzean utzi dut’. Baina gero konturatu nintzen ezetz, ez nintzela osatzen. Nekatuta nengoen oraindik». Udazkena iritsi zen, eta osasunak ez zuen hobetzeko trazarik; nekea, buruko mina eta gorputz osoko ahultasuna ez ziren apaltzen. Eta urte horretako azaroan, telebistan COVID iraunkorrari buruzko lehen testigantzak entzun zituenean, ohartu zen ez zegoela bakarrik, milaka pertsonak sintoma berberak zituztela, eta pairatzen zuen gaitza ez zela iragankorra.
Bizitzea, «gurpil zoro» bat
Antzekoa da Alkortak bizi izandakoa. Gogoratu duenez, 2020ko urrian, gaitzarekin kutsatu zenean, pentsatu zuen gripearen antzeko sintoma haiek aurki desagertuko zirela, baina, astebete igaro, eta makal segitzen zuen; beste bi aste igaro, eta berdin; hilabete bat, bi hilabete... eta ondoezik oraindik. Are, sintomak apaldu beharrean, berriak agertzen zitzaizkion: zorabioak, neke kronikoa, mina, laino mentala... «Bi hilabete igaro ziren, lau, sei... eta gero eta okerrago nengoen. Eta berdintsu egon naiz gaur arte».
«Pilak agortuta bezala nago: nekatuta egotea baino gehiago da, gorputzak berak ez dit funtzionatzen, ikusmen lausoa daukat, zorabioak ditut, eta mozkortuta banengo bezala ikusten ditut gauzak...»
IANIRE ALKORTACOVID iraunkorra du
Lanbidez irakaslea da Alkorta, eta gaixotu zenetik ezin izan da lanean normal aritu. Urte eta erdi eman zuen gaixoaldian, baina Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko epaimahai batek «bost minutuko bilera batean» ebatzi zuen lanerako prest zegoela eta lanpostura bueltatu behar zuela. Alabaina, lanera itzultzeko indar barik zegoen, ondoezik, eta baimen egunak hartu behar izan zituen, ezinezkoa zitzaiolako eskolara normal bueltatzea. Handik aurrerako hilabeteak «gurpil zoro» baten modura gogoratzen ditu, «bizimodu normala» egiteko ezintasunak zeharo baldintzatuta.
Eta molde beretik joan zaizkio azken bost urte hauek ere: aldiro bueltatzen da lanera, osasunak apur bat hobera egiten duen bakoitzean, baina segituan laga behar izaten du. «Erronka» gisa definitu du bere egunerokoa: «Lanera joaten banaiz, han agortzen dut nire energia guztia: ezin dut besterik egin egun guztian». Haur txiki bat du, baina maiz ez da egoten hura behar bezala zaintzeko eran, eta etxeko lanak ere nekez egin ditzake.

Alkortak sarri erabili du «agortu» hitza bere osasun egoeraz ari denean. «Pilak agortuta bezala nago; nekatuta egotea baino gehiago da, gorputzak berak ez dit funtzionatzen, ikusmen lausoa daukat, zorabioak ditut, eta mozkortuta banengo bezala ikusten ditut gauzak sarri, beste plano batean baleude bezala...».
Osasun sistemaren hutsuneak
Bost urte dira gaitzarekin bizi direla, baina artean ez dute lortu osasun sistemak behar bezala artatzea. Oraingoz ez dago tratamendurik COVID iraunkorrari aurre egiteko; sintomak tratatu ohi dizkiete, botiken bidez. «Ez dago diagnostiko eta protokolo argirik, ez gaituzte erregistratzen, eta horrek asko zailtzen du gure arta», azaldu du Delgadok. «Ospitaleko medikuek gutxietsi egiten gaituzte. Historia medikoa ez dute ondo betetzen: bi esaldi idazten dituzte, eta kito. Gero, desgaitasuna edo lanerako ezintasun partziala eskatu nahi dugunean, ez dugu inolako babes dokumentalik», kexu da.
«Ospitaleko medikuek gutxietsi egiten gaituzte. Historia medikoa ez dute ondo betetzen: bi esaldi idazten dituzte, eta kito»
ISABELLE DELGADOCOVID iraunkorra du
Delgadok aitortua du COVID iraunkorra duela, baina gaixo gehienek ez dute diagnosi ofizialik ere. Alkorta hala dago: espezialista batetik bestera bidaltzen dute, sintoma batzuk tratatzeko botikak ematen dizkiote, baina artean Osakidetzak ez dio aitortu COVID iraunkorrak jota dagoela. Diagnosi ofizialik ezean, gaixo askori gertatu izan zaie medikuek esatea sintoma guztiak psikologikoak edo psikosomatikoak direla. Alkortak horixe bera entzun behar izan du: «Mediku batek behin esan zidan: 'Emakumea eta gaztea zara, eta ongi zaude; zurea psikologikoa da'. Eta pilula batzuk errezetatu zizkidan».
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak iragarri du COVID iraunkorra artatzeko unitate bat sortuko duela Basurtuko ospitalean (Bizkaia). Delgadok eta Alkortak zuhurtziaz hartu dute albistea, oraindik unitateari buruzko informazio oso gutxi zabaldu baitute: «Berri ona da, baina ez dakigu nola kudeatuko duten. Ez dakite zenbat garen, eta ez dago protokolorik. Hortaz, nola erabakiko dute nori emango dioten arreta?», galdetu du Delgadok.
Tratamendu egokirik gabe, eta dauden moduan egonda, ezinbestekotzat dauzkate Espainiako Gizarte Segurantzaren ezintasun aitortzak. Pauso hori emango du Delgadok: «Ez nago lanerako, eta aurrezkietatik bizi naiz. Ez nuen ezintasuna eskatu nahi, baina beste biderik ez zait geratzen». Biek ala biek uste dute osasun sistemak «abandonatuta» dauzkala COVID iraunkorra dutenak, eta gizarteak ez zituela behar adina babesten.
«Sendatu ez, baina hobetuko naizen esperantza badut. Ez dut existitzen jarraitu nahi: bizi egin nahi dut»
IANIRE ALKORTACOVID iraunkorra du
Bere burua «epaitua» sentitzen du Alkortak, gaixorik egoteagatik barkamena eskatu beharko balu bezala, eta Delgadok, berriz, gizartearen «arbuioa» sumatzen du, leku itxietan maskara erabiltzeagatik. Gaixoek pairatzen duten «estigmaz» ere kexu da: «Jende askorentzat, pandemia iragana da, eta ez du ulertu nahi guretzat egunerokoa dela oraindik ere».
Bost urte igaro dira pandemia lehertu zenetik, eta COVID iraunkorra duten pazienteek oraindik ez dute lortu sistemak arta egokia ematea eta gaixotasuna «ikusgai» egitea. Helburu horien alde lanean ari dira Delgado eta Alkorta elkartearen bitartez, baina, azaldu dutenez, badute beste xede garrantzitsuagorik: osasunez hobera egin nahi dute, guztiz sendatzea oso zail ikusten baitute. Delgado: «Ez naiz lehen nintzena, eta badakit ez naizela sekula izango. Ez naiz osatuko, baina gutxienez nire egoerak ez dezala okerrera egin. Ez dut nahi alzheimerra garatzea edo gorputz osoa kaltetuta geratzea». Sendatzea ezinezko ikusten du Alkortak ere, eta «hobetzearekin» konformatzen da: «Sendatu ez, baina hobetuko naizen esperantza badut. Ez dut existitzen jarraitu nahi: bizi egin nahi dut».