Koronabirusa

Pandemiaren amaiera, gertu?

Omikron aldaerak kutsatzeetan eragindako abiadura ikusita, izurriaren amaiera hurbiltzen ari dela esan dute aditu batzuek azken egunotan. Izenburu deigarrietatik harago, ordea, zuhurragoa da mezua: pandemia ez da berehala bukatuko, baina seigarren olatu honen ezaugarriak bereziak dira, eta baliteke «paradigma aldaketa» bat ekartzea.

Maite Asensio Lozano.
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Omikron aldaerak pandemia amaituko duelakoan nago. Infekzio tasa ikaragarria da, baina gehienek koadro oso arinak dituzte. Hegoafrikan, intzidentzia igo zen bezain azkar ari da jaisten. Hau bukatzen ari da». Eguberri bezperan zabaldu zuen mezua Javier Zulueta mediku nafarrak Twitter bidez; koronabirusaren milaka kutsatu berriek eragindako etsipen giroan, hitzotan itxaropenerako helduleku bat aurkitu zuten askok. Berehala agertu ziren pandemiaren amaiera gertu ikusten duten beste aditu batzuk, tartean Zuluetaren lankideak, New Yorkeko Mount Sinai ospitaleko ikerlariak: pertsona asko kutsatuko dira omikronarekin, horrek immunitate naturala eragingo du, baita txertatu gabekoen artean ere, eta hala, gaitza endemiko bihurtuko da. «Hori gertatuko da, bai, baina ez dakigu noiz», adierazi du Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak. Zuhur mintzatzea lehenetsi du: «Ez dakigu zer bilakaera izango duen birusak».

«Inflexio puntu batean gaude, eta paradigma aldaketa bat ekarriko du», zehaztu du Jose Luis del Pozo medikuak. Nafarroako Unibertsitate Klinikako gaitz infekziosoen saileko zuzendaria da, eta Zuluetaren lankide izandakoa. Haren hitzei xehetasun bat jarri die: «Pandemia ez da berehala amaituko; denbora beharko dugu oraindik: olatu gehiago etorriko dira, eta aldaera gehiago, ziur. Baina une berezi batean gaude orain, omikrona azkar eta erraz transmititzen ari delako, eta aldi berean, biztanleriaren parte handi bat txertatuta dagoelako».

Izan ere, hori da halako birusen jokabide ohikoena, Del Pozok azaldu duenez: «Birus bat animaliatik gizakira pasatzen denean, bi gauza gerta daitezke: bat, patogenoa oso oldarkorra izatea eta pertsonen artean gaizki transmititzea; ala bi, birusa pertsonengan instalatzea, eta hobeto transmitituz eta patologia arinagoa eraginez lortuko du hori. Bigarren egoera horretan gaude, eta bilakaera oso azkar doa: erraz transmiti daitezkeen aldaera arinagoak sortzen ari dira».

Hain justu, ezaugarri horiek ditu omikron aldaerak, eta, horregatik, seigarren olatu diferentea eragiten ari da: transmisio askoz handiagoaren ondorioz, kutsatzeak izugarri ugaritu dira, baina, birusa arinagoa denez eta txertaketa oso aurreratuta dagoenez, erietxeetako inpaktua ez da lehen olatuetako proportzio berekoa. «Omikronaren leherketaz» mintzatu da Del Pozo, beste herrietan gertatutakoaz aritzean: «Hegoafrikan eta Erresuma Batuan, kutsatze kopurua oso azkar igo da, baina oso azkar ari da jaisten: pertsona asko infektatzen dira, baina, une batetik aurrera, jendea immunizatuta dagoelako edo gaitza pasatu duelako, birusak ez du aurkitzen nor kutsatu. Abiadura horrek berekin dakar joko arauak aldatzea: estrategiak eta protokoloak aldatu behar ditugu».

Edonola ere, pandemia amaitzeak ez luke esan nahi koronabirusa desagertuko denik, baizik eta gaitza endemiko bihurtuko dela. Eta, prozesu horretan, funtsezkoa da birusa ez hain larria izatea eta populazioa immunizatuta egotea. Gripearekin hala gertatu zela gogoratu du Galarragak: «Birusek joera dute desagertzeko ala endemiko bihurtzeko, eta SARS-CoV-2a ez da desagertuko: agerraldiak sortuko ditu noizbehinka, segur aski sasoika. Gripea ere gure artean dago, urtero agertzen da, baina guk ja badauzkagu defentsak; batzuetan gogorrago joko du, mutazioen eta norbere egoeraren arabera».

Txertoa munduan

Endemia noiz helduko den: horixe da adituen duda. Del Pozok ondorioztatu du etorkizuneko aldaerak arinagoak izango direla, baina Galarragarentzat goiz da halakorik baieztatzeko: «Birusak mutazioak izan ditzake, eta ager daiteke aldaera bat, omikronarekin hasieran uste zen bezala, ihes egingo diena txertoei. Egia da bitartean infekzio hauekin joango garela immunitate naturala hartuz, eta txertoek ere babestu egiten dutela, eta hemen gehienak txertatuta gaudela. Baina hemen». Izan ere, nabarmendu du pandemia fenomeno globala dela: «Leku askotan oso ehuneko txikietan dago txertaketa; beraz, hor jarraituko du birusak hedatzen eta aldaerak sortzen». Bat dator Del Pozo: «Pandemia ez da amaituko munduko populazio guztia txertatu ezean».

Baina izurriaren bukaerari buruzko iruzkinetan, beste gai batek ere eragin dio kezka zientzia dibulgatzaileari: «Komunikatiboki arriskutsua iruditzen zait horrelako ilusioak sortzea». Galarragak gogora ekarri du pandemian hainbatetan eman direla «mezu triunfalistak», eta ondoren ezinegon handia etorri dela. «Udan esan zen 18 urtetik gorakoen %70 txertatuta talde immunitatea lortuko zela, eta, gero, Nafarroan pandemia amaitua zela. Mezu horiek hala emateak zer buelta dakar? Txertoekiko konfiantza galera handia ekarri du, ez delako argi esplikatu arnasbideetako birusak ez direla desagerrarazten txertoen bidez: ez da inoiz gertatu, eta ez da gertatuko».

Pedagogiaren alde egin du beste behin ere; «gizartearekiko begiruneagatik», mezu sinpleetatik ihes egitea hobetsi du, eta konplexutasuna xehe azaltzea: «Bi muturretan gaude: edo erabat alarmista, edo guztiz triunfalista. Eta hau grisen kontua da. Epidemia batean, jendearen portaera funtsezkoa da; eta hor eragiteko, komunikazioak gardena izan behar du, ulertzeko modukoa, koherentea, sinesgarria... Hor dago akatsa, etengabe».

Kutsatze erritmoa moteldu

Bide horretan, argi dio Galarragak COVID-19aren zaintza epidemiologikoak luzaroan jarraituko duela, endemiko izanda ere: «Eta arazoak eragin ditzake osasun sisteman, adibidez, gripearen agerraldiekin bat egiten badu». Baina oraingo egoeran ere, intzidentzia zaindu beharra azpimarratu du: «Oraindik proportzionalak dira kutsatzeak eta ospitaleratzeak, nahiz eta ez izan lehengo proportzio bera. Intzidentzia oso altua bada, birusa zaurgarriengana iritsiko da; beraz, intzidentzia baxua izatea ona da».

Omikronaren abiadura ikusita birusa hartzeak saihetsezina ematen duen arren, prebentzio neurriak mantentzea galdegiten ari dira adituak. Del Pozoren aburuz, orain ezinbestekoa da kutsatze erritmoa moteltzea: «Baliteke azkenean denok infektatzea, baina arriskua geldotzen saiatu behar dugu, osasun sistema are gehiago ez kolapsatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.