Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Bost urte pasatu dira COVID-19aren pandemiak mundua eten zuenetik. Mundua… edo Mendebaldea? Jule Goikoetxea politologoaren arabera, Afrikako herrialde askotan eta Indian, esaterako, COVID-19a ez zen beren arazorik larriena izan, «arazo larriagoak dauzkatelako lehenagotik ere». Izan ere, «inperioa garenez, europarrok ohitura hau daukagu: zerbait egiten dugunean edo zerbait gertatzen zaigunean, uste dugu hori gertatu zaion lehenengoak garela».
Goikoetxeak nabarmendu du nekropolitika dela nagusi munduan, hau da, gaur egungo politika hilketan oinarritzen dela, eta ez bizitzan. Pandemia garaian hori argi geratu zen, haren esanetan: «Tartean, hildakoak etxean genituelako». Ildo horretan, zehaztu du Mendebaldeko herritar askok ikusi ahal izan zutela munduko menderakuntzak nolakoak diren: «Askok jakin zuten munduaren erdiak baino gehiagok hildakoak dituela etxean egunero».
Edu Apodaka gizarte psikologoak ere aztertu du pandemia, eta argi du: «Estatuak gai izan ziren erantzun kolektibo hori antolatzeko, legeen bitartez, indarraren bitartez… Askotan, gainera, kapitalaren interesen kontra». Klima larrialdiari aurre egiteko, ordea, estatuak erakutsi al du indar hori? Apodakaren ezezkoa biribila da: «Klima aldaketarekin ez da hori gertatzen, eta pandemia baino askoz kaltegarriagoa eta arriskutsuagoa da. Ematen du egin behar ditugun gauza guztiak indibidualak, pertsonalak eta moralak direla. Norberaren esku geratzen da. Pandemian, erantzuna ez zen norberaren esku geratu. Ez, ez: erantzun behartu eta kolektibo bat izan zen».
«Lehen, lurralde bat husteko, hondoratzeko edo kolonizatzeko urteak behar zenituen, eta orain segundo gutxian egin dezakezu hori»
JULE GOIKOETXEAPolitologoa
Pandemiak eragin handia izan zuen Euskal Herrian, eta, gainera, denei ez zien berdin eragin. «Bereziki zaila izan zen kolektibo zaurgarrientzat eta baldintza material kaskarrenak dauzkatenentzat», azpimarratu du Miren Guillo antropologoak.
Duela bost urte hori guztia bizi (eta jasan) ostean, ezertan aldatu al da gizartea? Marta Luxan antropologoaren, Guilloren, Apodakaren eta Goikoetxearen ustez —lauak dira EHUko ikertzaileak—, pandemiak eta haren ondorioek ez zuten egiturazko aldaketarik ekarri, baina ordurako gizartean errotzen hasiak zeuden joera batzuk indartzeko eta bizkortzeko abagunea izan zen. Bereziki, digitalizazioa bizkortu zuen. «Digitalizazioaren prozesuan geunden oraingo milurtekoa hasi zenetik, eta COVID-19ak azkartu egin du hori», azpimarratu du Goikoetxeak.
Bizimodu aldaketa
Zera erantsi du Apodakak: «Ikasi genuen —ikasten ari ginelako— Interneten bidez nola egin erosketak, bilerak, eskolak... dena: bizitza. Martxa horretan ez da atzerapausorik egon: aurrera egin du, eta areagotu egin da».
Alde horretatik, esparruak aldatzen ari direla azaldu du Goikoetxeak: «Neoliberalismoarekin batera, beste esparru batzuk ekoizten hasi ziren 1980ko hamarkadan, eta COVID-19ak pribatizazio hori azkartu egin zuen: denok etxean egon behar izan genuen, eta hori pribatizazio modu bat da, dena etxera eramatea —toki pribatua delako—; eta lan esparrua esparru pribatu bilakatzen da. Horrek ondorio asko izan ditu, bai COVID-19an, bai ondoren».
«Desberdinkeria sozialak areagotu ahala kezkak ere areagotu ziren, eta kolektibo edo pertsona batzuentzat aktibatzeko garaia ere izan zen»
MIREN GUILLOAntropologoa
Zer ondorio? Ekonomiaren digitalizazioa, esate baterako. «Duela 500 urte, urteak behar genituen, adibidez, urrea lurralde batetik bestera bidaltzeko. Orain dela 200 urte, ez genituen urteak behar, hilabete batzuk baino ez. Tartean Industria Iraultza gertatu zelako, trenak eta abar. Orain dela 40 urte —1980ko hamarkadan—, Internet garatzen hasi zen pixkanaka, eta orduan egunak behar zenituen gauzak alde batetik bestera eramateko. Gaur egun —horretaz ohartu da jende asko pandemian—, segundo batzuk behar dituzu», azaldu du politologoak.
Harago joan da, eta klik batek dauzkan ondorioetan jarri du azpimarra: «Lehen, lurralde bat husteko, hondoratzeko edo kolonizatzeko urteak behar zenituen, eta orain segundo gutxian egin dezakezu hori. Gauza bera gertatzen da prekaritatearekin eta subjektuekin. Lehen denbora jakin bat behar zenuen antolatzeko —sindikalismoak kapitalaren kontra, adibidez—, baina espazioa eta denbora aldatzean, protesta motak ere aldatu egiten dira».
Gizarte mugimenduak
Hori ondo ikusi dute Guillok eta Luxanek, Euskal Herriko gizarte mugimenduetan —zehazki euskalgintzan, feminismoan, ekologismoan eta antirrazismoan— pandemiak izan duen eragina ikertu baitute. Eraginak askotarikoak izan dira: esaterako, gizarte mugimenduek egoerara egokitzeko izandako gaitasuna eta edukitako sormena nabarmendu dituzte antropologoek.
«Desberdinkeria sozialak areagotu ahala kezkak ere areagotu ziren, eta kolektibo edo pertsona batzuentzat aktibatzeko garaia ere izan zen», esan du Guillok. «Gurean kaleak, jaiak eta txosnak dira diru iturri nagusiak, eta ikusi genuen bestelako iturri batzuk agertu zirela, egokitu zirela, jendeak bilatu zuela modua aurrera egiteko», gaineratu du Luxanek.
Dena dela, argi adina ilun izan zituen pandemiak, eta beste hainbeste dituzte gaur egun utzi dituen arrastoek ere. Osasungintza pribatua indartu izanaz ohartarazi du Guillok: «Pandemian egitura politikoek modua eman zuten hori gertatzeko. Euskal Herrian, beste leku batzuetan baino bermatuago genituen osasun zerbitzuak —batzuk bakarrik, eta soilik batzuentzat—, baina pandemian beldurra nagusitu eta zerbitzu publikoek gainezka egin izana baliatu dute sektore pribatua indartzeko, publikoa indartu beharrean».
Pribatizazioa
Indibidualizazioa da pandemiak azkartu duen beste prozesuetako bat. Zergatik? «Gaur egungo egitura politiko eta ekonomikoak indibidualismorako dispositiboak direlako. Indibidualismo prozesu horretan egitura publiko guztiak desagertzen hasten dira, eta COVID-19an hori muturrera eraman zen: pribatizazioa», azaldu du Goikoetxeak.
Gaur egun bolo-bolo dabilen gai batekin lotu du hori Apodakak: «Azken boladan asko hitz egiten ari gara kultur eta musika arloan dauden makroekitaldiez, eta kulunka gabiltza makroekitaldien eta banaka egiten ditugun eta antolatuta ditugun bizimoduen artean: batetik bestera ibiltzen gara, horien artean kulunka. Erdian egon beharko luketen elkarteak, taldeak eta lagunarteak ahultzen eta desagertzen ari dira».
«Kulunka gabiltza makroekitaldien eta banaka egiten ditugun eta antolatuta ditugun bizimoduen artean»
EDU APODAKAGizarte psikologoa
Horren haritik, lekuaren erabilerari dagokionez, Guillok nabarmendu du bat-batekotasuna murrizten ari dela pandemiaz geroztik: «Kultur jardueretan orain beti eman behar da izena. Pandemiarekin etorri zen, eta gelditu egin da. Batzuetan ez dago hainbesteko beharrik izena emateko, baina beste helburu batzuetarako ere baliatu dute, adibidez, erabiltzaileen informazioa biltzeko. Kontzertuak bat-batean urtebete lehenago iragartzen dituzte, sarrerak segituan saltzen dira, gero agian ez gara joango… Gauza bera gertatzen da beste kontsumo leku batzuekin ere; adibidez, jateko lekuekin. Adibideak dira, baina gure egiteko moduetan eragin dute, eta espaziorekiko eta denborarekiko beste gorputz erregulazio batzuk ekarri dizkigute».
Terrazen fenomenoa ere hizpidera ekarri du Luxanek: «Leku batzuetan pandemian hartu zuten lekuan geratu dira. Eremu publikoen pribatizazioa ez ote den geratzeko etorri…». Izan ere, ohartarazi du lehenagoko joera bat dela hori, baina orain indartu egin dela: «Azken hamarkadetan kapitalismoak pribatizatu egin ditu eremuak eta kalea. Lehen kontsumoari lotuta ez zeuden aisialdirako lekuak terrazak dira orain; leku publikoa etengabe kontsumoari lotuta dago orain. Espazioa bizitzeko galera bat eragin du».
Faxismoa
Indibidualismoa, bakardadearekin ez ezik, inpotentziarekin eta frustrazioarekin ere lotuta dago, Goikoetxearen esanetan. «Komunitatea sortzen laguntzen zuten egitura guztiak desagertzen ari dira azken hamarkadetan, eta horrek desegiten du komunitatea. Pribatizazio prozesu oro da komunitatearen kontrako dispositibo bat». Hori, nekropolitikarekin lotuta, faxismoarentzako bazka da, politologoaren ustez.
Izan ere, eskuin muturraren eta denetariko ideologia erreakzionarioen gorakada nabarmena izan da pandemiaren ostetik. Apodakak testuinguru berean kokatu du negazionismoaren hazkundea: «Ez dugunez ikuspegi sistemiko konplexu bat onartu nahi, eta modu lineal eta sinple batean pentsatzen jarraitu nahi dugunez, subjektu ahaltsu bati egozten diogu kausa, eta horrela gure ardurak ezabatzen ditugu».
Guillok eta Luxanek zehaztu dutenez, indar erreakzionario horiek indartu izana ezin da ulertu feminismoak Euskal Herrian izan duen hazkundea kontuan hartu gabe. «Laugarren olatu feministan gertatu da pandemia, eta argi dago hor egiturazko zenbait eraldaketa egiten lagundu zuela COVID-19ak. Zergatik? Lan erreproduktiboaren kontuarekin hamarkadak daramatzagu, baina pandemian lehen lerroan jarri zen. Askok ja ez genuen izendatu hemen edo Latinoamerikan lan erreproduktibo gisa, baizik eta esklabo lan moduan. Hori dela eta, zaintzaren inguruko hausnarketak —1970etik datorrenak— indar handia hartuko du, eta, aldi berean, hemen, Euskal Herrian, munduko lehen greba orokor feminista egitera eraman gaitu, zaintza sistema publiko-komunitario bat eskatzera», gehitu du Goikoetxeak.
«Lehen kontsumoari lotuta ez zeuden aisialdirako lekuak terrazak dira orain»
MARTA LUXANAntropologoa
Luxanek erantsi duenez, pandemiak lagundu du generoaren eta arrazaren artean dauden gurutzaketak are gehiago atzematen: «Etxean lan egiten duten emakumeen egoera ikusgarriagoa egin zen, eta hori arrazarekin gurutzatzen da. Loturak ikusi ditugu mugimendu horien artean ere. Eztabaidak eztabaida, lantzen ari gara gai hori: zer garrantzia duen arrazak gurean, zer feminismo dauden Euskal Herrian gaur egun…».
Mugimendu feministak defendatzen duen elementu nagusi bat komunitatea da, eta horrek indar handia hartu du pandemiaz geroztik; bereziki, komunitateak desagertzen ari direlako. Ildo horretan, Apodakak adierazi duenez, pandemiak argi erakutsi zuen jendea prest dagoela jendeari laguntzeko. «Estatuaren indarra ahuldu zenean —etxetik irteten hasi ginenean— zera ikusi zen: jendeak gogo handia zuela jendearekin egoteko, hitz egiteko, paseatzeko, jendea agurtzeko... Hor ikusi genuen benetan zer ari garen galtzen itxialdi pandemiko horren eraginez, eta, gaur egun, itxialdi digitalaren eraginez. Horri garrantzia eman behar diogu, eta ikusi behar dugu hor dagoela behar-beharrezko bizitza sozialaren samurtasuna».
Paradigma ekofeministak
Goikoetxearen ustez, horrek lagundu du ezkerreko mugimenduetan paradigma ekofeministak mahai gainean jartzen: «Gizakiak zer garen eta zer harreman daukagun beste espezieekin, konturatzea gizakiak animaliak garela, eta oso azkar desager gaitezkeela, hainbat espezie desagertzen diren moduan: zaurgarritasun hori erabili, eskuinean ez bezala, ezkerretik komunitatea indartzeko. Faxismoari aurre egin diezaiokezu soilik komunitate sendoak eta estatu indartsua baldin badauzkazu».
Guillok eta Luxanek azpimarratu dute pandemiak berekin ekarri duela pertsonak aurrez aurre egotearen garrantzia: «Hori politizatzen eta defendatzen da egun». Azaldu dutenez, garrantzitsua da aurrez aurre egotea, jendea ondo ezagutzeko, aktiboki entzuteko, ahozkoa ez den komunikaziorako eta eztabaida konplexuagoak izateko, besteak beste.
Finean, hor dago pandemiak emandako ikasketa nagusi bat, Goikoetxeak azaldu duenez: «Pozgarria da ikustea ez garela ezer komunitaterik gabe, eta ea horrek luze gabe egiturazko eraldaketak ekar ditzakeen».
Daniel Innerarity: «Berriro agertu dira ustez gaindituta zeuden fenomeno batzuk»
Nola aldatuko du koronabirusak mundua? Hori galdetu zien BERRIAk hainbat adituri 2020ko apirilaren 11n egin zuen erreportaje zabal batean. Besteak beste, Daniel Innerarity filosofoak erantzun zion galderari. «Krisi honek indartu egingo du ondasun komunen mundu bateranzko joera, eta, beraz, araubideei eta instituzioei dagokienez, integratuagoa izango den mundu bateranzko joera», esan zuen.
Berriz irakurri du orduan esandakoa, eta uste du asmatu egin zuela egin beharko zenaren diagnostikoan: «Ondasun komunak ondasun partekatu gisa ulertzen genituen, eta horrek erantzukizuna izatea eskatzen zigun: taldean jardutea, eragileen artean, estatuen artean… Are, uste dut hori horrela dela oraindik ere».
Baina —beti dago baina bat— aitortu du huts egin zuela gizarteak «bide zuzenetik» joateko duen gaitasunari dagokionez: «Berriro agertu dira ustez gaindituta zeuden fenomeno batzuk: nazionalaren esklusibotasuna, inperialismoa eta zientziarekiko mesfidantza».
Nahiz eta ez duen «oso argi», zera pentsatu nahi du: «Muturreko garaiak direla, eta errealitateak neurri batean ezarriko dizkigula irtenbide kooperatiboak eta konfiantza zientziaren jardunean».