Pandemiak Nafarroako gazte gehienen egoera emozionalean eragin duela ondorioztatu du gobernuak

Eragina nabaritu badute ere, ia denak beren bizimoduarekin gustora daudela ikusi dute kaleratu berri duten ikerketan. Gizarte sareen gutxitzeak kalte egin die, baina gazteek hori gainditzeko baliabideak dituztela adierazi dute.

Haur bat maskara jantzita. JON URBE/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko maiatzaren 7a
12:50
Entzun

Pandemia gizartearen erroraino sartu da; sektore guztietan eragin du. Gizarte harremanak murriztu ditu, hezkuntzarako sarbidea zaildu du, etorkizuna ziurgabe bilakatu du, eta horrek emantzipazio adina atzeratzea ekarri du, ezinbestean. Gizarte osoaren buruko osasunean izan du eragina, beraz, egungo egoerak: baina baldintza horiek haur eta gazteengan arrasto sakonagoa izan duela ondorioztatu du Nafarroako Gobernuak gazteen buruko osasunari buruz kaleratutako ikerketak. Izan ere, adin horretan garrantzi handiagoa dute gizarte sareek eta harremantzeak, eta etorkizuna ziurgabeena duten adin tarteetaako bat da. Hala ere, herrialdeko gazte gehienek egoerari aurre egiteko baliabideak dituztela ondorioztatu dute.

Pandemiak gazteen buruko osasunean izan duen eragina aztergai bilakatu du Nafarroako Gobernuak. Carlos Amatriain NGI Nafarroako Gazteria Institutuko zuzendaria eta Iñaki Arrizabalaga Osasunbideko Osasun Mentaleko kudeatzailea izan dira emaitzen berri ematearen arduradunak. Herrialdeko 800 gazte galdekatu zituzten iazko azaroan, eta ondorioztatu dute galdekatutako gazteen erdiak baino gehiagok, %54,4k zehazki, nabaritu dutela beren osasun emozionalak okerrera egin duela. Horrez gain, galdekatutako gazteen %6k jokoak eta apustuak gehitu dituzte beren aisialdira. Horrez gain, pazienteen ugaritzerik nabaritu dute psikologiako profesionalek, batez ere haurretan. Zaharragoak «eusten» ari direla uste du Arrizabalagak, baina adin tarte horretako eskaerak ere gora egingo duela aurreikusi dute.

Dena den, egoerak okerrera egin duela nabaritu badute ere, gazteen erdiek, %48k, adierazi dute beren egoera emozionala oso ona dela, eta %9k baino ez du esan txarra denik. Bestalde, antsietate mailak ez du asko egin gora, hamar gaztetik bakarrak baino ez baitu antsietate maila altua, inkestan adierazitakoaren arabera.

Hala ere, emakumeei dagokienez, datuak larriagoak dira. Buruko osasunak okerrera egin duen datu guztietan, gehiengoak emakumezkoak dira. Hori horrela: osasun emozionalean beherakada nabaritu duten %54etatik eta buruko gaitzen bat diagnostikatu dieten gazteen %11tatik ere, gehiengoak emakumezkoak dira. Horrez gain, sedentarismo maila emakumezkoetan handiagoa dela ere ondorioztatu dute, kirol ariketetan gizonezkoen aldean hamazortzi puntu azpitik baitaude. Arazo nagusia, ordea, autoestimuari lotutakoa dela uste dute ikertzaileek: izan ere, lau emakumetik batek ez du bere gorputza gustuko, eta horrek autoestimuan eragin dezakeela ondorioztatu dute.

Egoera horiei aurre egiteko, osasun mentala eskuragarriago bilakatzea eskatu dute gazteek, psikologo profesional gehiago izatea osasun sisteman, eta hitzaldiak antolatzea gaiaren inguruan sentsibilizatzeko. Bestalde, aisialdirako alternatibak ere eskatu dituzte, eta, hain zuzen ere, NGI horretan lanean dabilela aurreratu du Amatriainek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.