Mireia Zarate (Zamudio, Bizkaia, 1986) EBBko idazkaria da, eta egunotan buru-belarri murgilduta dabil EAJren VIII. Batzar Nagusiaren prozesuaren prestakuntzan.
Urtarrilean iragarri zenuten VIII. Batzar Nagusiaren prozesua, baina pandemiak bertan behera utzi zuen.
Gure kultura politikoa eta gure egitura aintzat hartuta, pandemia honek oso zail egiten du barne prozesua egitea. Oso alderdi parte-hartzailea gara, demokratikoa, batzarretan oinarritua, eta alderdikide guzti-guztiek dute aukera hautagaiak aurkezteko, estatutuak onartzeko eta gainerako prozesuetan parte hartzeko. Horrek esan nahi du pertsona asko biltzen direla prozesu honetan, eta pandemia honek ez du errazten hori. Hala ere, prozesu osoan bermatuko dugu alderdikide guztien parte hartzea.
Zer gai nagusi eztabaidatuko dira prozesu honetan?
Gai garrantzitsu bat izango da estatutuen berriztatzea. Proposamena jada alderdikideen eskuetan dago, eta azaroaren 12ra arte dute testu horri aldaketak egiteko.
EBBk egin duen proposamen horretan ba al dago berrikuntza nabarmenik?
Gauza asko hobekuntza teknikoak edo legeari egokitzeko egin beharreko aldaketak dira, baina, batez ere, bi dira berrikuntza nagusiak. Alde batetik, genero indarkeriaren inguruko protokoloa, zeinaren arabera alderdikide bat ikertua baldin bada genero indarkeria auzi batengatik kautelaz alderdikide izatea eten egiten baita. Mekanismo hori jada martxan dago, Aberri Batzarrak onartu baitzuen, baina orain estatutuetara eramango dugu. Orain arte, ez dugu erabili beharrik izan, eta espero dugu aurrerantzean ere erabili behar ez izatea, baina horretaz zorrotz jokatuko dugu.
Eta bigarrena?
Proposatuko dugu erakunde birtual bat sortzea. Herri guztietan ditugu Uri Batzarrak, eta, normalean, kidetza hor gauzatzen da, baina badago Euskal Herritik kanpo bizi den jendea alderdiko kide izan nahi duena eta harreman zuzen eta estua izan nahi duena. Bestalde, badaude pertsona batzuk alderdikide izateko pausoa eman nahi ez baina alderdiarekin nolabaiteko lotura izan eta informazioa jaso nahi dutenak. E-erakundeak edo erakunde birtualak bi multzo horiei erantzungo lieke.
Estatutuen ingurukoa alde batera utzita, eduki politikoko eztabaidarik egongo da prozesuan?
Bai. Aurten EAJren 125. urteurrena izan dela baliatuz, hausnarketa bat izan dugu alderdikideak ez diren euskal gizarteko zenbait aditurekin, etorkizunari begirako hiru gai nagusiren inguruan: identitatea, kultura eta hizkuntza; gizarte kohesioa, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta abar; eta hirugarrena, erronka globalak, hau da, klima aldaketa, Europa, ekonomia eta antzekoak. Gure asmoa da gogoeta hori guztia barneratzea, alderdian eztabaidatzea eta horren inguruko azken dokumentuak Aberri Batzarrak onartzea.
EBB eta herrialdeetako zuzendaritzak ere berriztatuko dituzue. Bi prozesu horiek bat etorriko dira?
Hautagaiak aurkeztu eta aukeratzeko epeak berberak izango dira kasu guztietan: gauden egoeran, ez da komeni batzarrak ugaritzea. Hala ere, herrialdeetako zuzendaritzak ez dira hautatuko abenduaren 12ko eta 13ko batzar horretan; herrialde bakoitzak aparteko batzar bat egin beharko du horretarako. Edonola ere, asmoa da abenduan zuzendaritza guztiak aukeratzea.
Zenbat alderdikidek parte hartuko dute prozesuan?
Alderdiak 30.000 kide inguru ditu, eta guztiek dute prozesuan parte hartzeko eskubidea. Gure eginbeharra da guzti-guztiei eskubide hori bermatzea, zailtasunak zailtasun. Nik kalkulatzen dut 18.000 edo 20.000 bat lagunek parte hartuko dutela prozesuan. Egoera zein den kontuan hartuta, seguru asko formula berriak asmatu beharko ditugu alderdikideen parte hartzea errazteko, hautetsontziak jarriz, botoa emateko ordutegi desberdinak ezarriz eta abar.
Nola iritsi da EAJ VIII. Batzar Nagusiaren prozesu honetara?
Ilusio handiarekin, etorkizunari begira, eta, egia esateko, oso indartsu: instituzioei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak gehiengo osoa du, EAJ nagusi da [EAEko] hiru aldundietan eta hiru hiriburuetan, eta egia da alderdia oso momentu onean dagoela. Baina, bestalde, pandemia baten erdian gaude, eta ondorio latzak ekarri ditu, martxotik hona ikusi dugunez. Denok elkartu eta indarrak batzeko garaia da.