Bi urte baino gehiago igaro dira koronabirusa Euskal Herrira ailegatu zenetik, eta, karrikan neurri murriztaileak kendu dituzten arren, presoek oraindik ezin izan dute senideekiko ohiko harremana berreskuratu. Horixe salatu du Etxerat euskal presoen senideen elkarteak, eta hala aldarrikatuko du gaur iluntzean Euskal Herriko hamaika herritan eginen dituzten azken ortziraletako elkarretaratzeetan: «Gure presoek eta senideek oraindik ere pairatzen dute espetxeetan aplikatzen jarraitzen diren neurri murriztaileenen zentzugabekeria».
Zehazki, ohartarazi dute aste honetara arte Espainiako Espetxe Erakundeek etenak izan dituztela aurrez aurreko komunikazio guztiak Dueson, Burgosen, Sorian eta Logroñon (Espainia). Alcalan eta Villabonan (Espainia), berriz, ezin izan dute bizikidetzako bisean bisekorik egin. Iruñeko kartzelan, halaber, oraindik ez dituzte komunikazio intimoak berreskuratu, eta Hego Euskal Herriko gainerako espetxeetan hamar egunera arteko konfinamenduak ezartzen dizkiete presoei bizikidetzako aurrez aurrekoak egiten dituztenean. «Horixe da errealitate gordina, pandemia hasi eta bi urtera», salatu du Etxerat-ek. Azpimarratu du senideei anitz eragiten diela horrek guziak: «Denbora gehiegi seme-alabei eta adineko senideei besarkadarik eman gabe».
Euskal presoen senideen elkarteak salatu du egoera «jasanezina» dela, eta ez duela «inolako zentzurik». Gogoratu du hainbat alditan salatu dutela egoera hori, mobilizatu egin direla: «Baina iritsi da garaia eskubideak ez urratzeko eskatzeko. Nahikoa da. Dagoeneko ez dago arrazoirik, pandemia osteko garai hauetan, kalean bizitzen ari garen normaltasun berarekin espetxeetan komunikazioak ez egoteko. Eta, jakina, bada garaia espetxea ez den beste aukera batzuk ausardiaz planteatzeko, askatasunaren ikuspegitik; preso gaixoak kaleratuz, hirugarren graduak, eskumuturreko telematikoak eta baimenak emanez».
Espainian oraindik 69
Etxerat elkarteak euskal preso guztiak Euskal Herrira ekarri ditzatela eskatzeko baliatuko ditu gaurko elkarretaratzeak, halaber. Izan ere oroitu du EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 69 preso dauzkatela oraindik Espainiako kartzeletan. BERRIAren arabera, 96 euskal preso daude gaur egun Euskal Herriko espetxeetan —EPPKkoak ez direnak ere zenbatzen ditu BERRIAk—, eta bertze lau laster lekualdatzekoak dituzte.
Yvan Colonna presoaren heriotzagatik «atsekabea» adierazi dute euskal presoen senideek, bertzalde: «Besarkada solidario bat bidaltzen diegu bere senide eta gertukoei». Frantziako Gobernuari urratsak egiteko eskatu die Etxerat-ek, «euskal presoen eta preso korsikarren aurka mantentzen duen salbuespena behingoz amaitzeko, eta garai berri honetan guztiak etxeratzeko».