Daniel Zulaika sendagilea da, eta 1970eko hamarraldiaren bukaera aldera hasi zuen bere ibilbide profesionala, Donostia ospitalean, barne medikuntzan. Aurten konplitu da hiesaren izurriaren hasieratzat jotzen diren lehenbiziko kasuen jakinarazpenaren 40. urtemuga —AEB Ameriketako Estatu Batuetatik heldu zen berria, gaitzen kontrolerako erakundetik—, baina adierazi du Euskal Herrian ere ordurako bazirela zerbait ezohikoaren zantzuak hainbat paziente gazterengan. 1979ko uda du gogoan, Errenteriako Madalenen osteko egun eta asteak. «Ordura arte liburuetan bakarrik ikusten genituen gauzak ikusten hasi ginen». Heroinaren kontsumoa sartua zen ordurako Euskal Herrian, eta horrek ekarri zuen «desastrearekin» lotu zituzten berehala.
Heroina hartzen zuten gazte haien osasunean zer ikertua egon zitekeela aintzat hartuta, eta ikusten zituzten zenbait gauzarekin arduratuta, beste kide batekin batera Errenteriako Beraun auzoko osasun zentrora joaten hasi zen Zulaika, eta han artatzen zituzten heroinazaleen laginak hartu zituzten: «Ikerketara begira, bagenekien hor aldagai interesgarriak egon zitezkeela». 1981ean, oraindik izenik ez zuen gaixotasun haren berri izan zutenean zientzia argitalpenen bidez, ezizen bat zabaltzen hasia zen hari buruz aritzeko, mespretxuzkoa: «Minbizi arrosa». Hain zuzen ere, munduko zenbait tokitatik heltzen hasiak ziren datuen arabera, gayen artean ere naro zabaltzen ari zen osasun arazoa, eta horren ondoriozkoa zen izena,guztiz aurreiritziz betea.
«Nahasmen handia zegoen, eta bi urte pasatu ziren arte ez genuen jakin osasun arazo hori birus batek eragindakoa zenik ere. Guztiz galduta geunden», gogora ekarri du Zulaikak. Ezaugarri komun bat zuten paziente gehienek: «Infekzio ezohikoek erasaten zieten gaixoei. Esaterako, tuberkulosiaren ondorioz hiltzen ziren. Ordura arte, tratamenduren baten ondorioz immunoeskasiak zituzten pazienteetan-etabakarrik ikusten ziren halakoak. Baina, kasu hartan, ikusten ari ginen beste zerbait ere eragiten ari zela erantzun immunitarioaren ahultze hori. Izan ere, infekzio bat osatu orduko, beste batekin etortzen zitzaizkigun pazienteak». Larri askotan. Bazuten, orduko hartan, beste ezaugarri komun bat: «Bi-hiru-lau urteren buruan hil egiten ziren».
Heriotza ugari
Eta pronostiko aski ilunekin jarraitu zuten 1996. urtera arte, hortik aurrera heldu baitziren birusaren aurka egiteko botika eraginkorrak.«Oso urte gogorrak izan ziren». Gaixoen familiekin-eta harreman estua izaten zutela gogoratu du Zulaikak, eta une zail asko izan zituztela haien ondoan. «Hildakoak, hildakoak, hildakoak; horrela joan ziren hainbat urte». Hain justu ere, 1984tik 1996ra, hiesak eragindako 2.207 erregistratu zituzten. Espainiako Estatistika Institutuak jasoa du epemuga horrexetan 321 pertsona hil zirela Nafarroan hiesarekin. 2.528 heriotza izan ziren denera Hego Euskal Herrian lehen olatu hartan. Gazteak ziren gehienak.
1985ean izan zuten diagnostikoak egiten hasteko era, propio horretarako testak lehenbizikoz eskuratuta. Epidemiologikoki gertatzen ari zenaren erretratua argituz joan ziren horrela, eta orduan artatu zituzten «ofizialki» birusak jotako lehen pazienteak: «Nik 1985eko otsailean ikusi nuen lehen kasua», gogora ekarri du Zulaikak. Baina ez zen aurrena. Behin testak eskura, heroinazaleei hartuak zizkieten laginak hartu zituzten, aztertu zituzten, eta izututa geratu ziren testen emaitzekin: «Ikusi genuen hiru heroinazaletik bi infektatuta zeudela. Orduan jabetu ginen nolakoa zetorkigun. Hori benetako arazo mediko bat zen». Osasun publikokoa ere bai: «Eten egin behar zen izurria».
Baina arrastoa utzi du, eta urtero atzematen dira oraindik kasu positiboak. Osakidetzak erregistratua du 6.033 hies kasu diagnostikatu dituztela 1984tik. Lehen urte haietan GIBa izatea«teknikoki» hiesa garatzeko bidea izaten zela zehaztu du Zulaikak. GIBdunenak bereizita ematen ditu 1997tik: 3.926 kasu izan dira. Osasunbideak, atzera begira, GIB positiboen kopurua ematen du txostenetan: 2.195 infekzio izan dira 1984tik.
Lehen datuak jaso zituztenean, egoeraren larritasunaren berri izaten hasi ziren instituzioak, eta neurriak hartzeari ekin zioten. Eusko Jaurlaritzak, esaterako, 1987an jarri zuen martxan hiesaren aurkako plana; Zulaika bera jarri zen koordinatzaile, eta hortxe jardun zuen 2016. urtean erretiroa hartu zuen arte. Aitzindaria izan zen plan hura, eta gainerako autonomia erkidegoek erabili izan zituzten han irekitako hainbat bide eta programa. Urte haietan, maiz pedagogia egiten oroitzen du bere burua. «Esaterako, beharrezkoa izan zen ulertaraztea heroinazalea gaixo dagoela, eta, adibidez, ordezko tratamenduak eman behar zaizkiola, eta xiringak».
«Eskandaluzko» neurriak
Transmisio bideak argi zituzten ordurako, eta bazekiten heroinaren kontsumoarekin eta sexu jarduerekin lotutako mezuetan eta baliabideetan ardaztutako estrategiak ondu beharko zituztela.Zenbait proposamen «eskandaluz» hartu zirela onartu du. «Adibidez, hiesaren aurkako kita asmatu genuen.Tartean, xiringa bat eta preserbatibo bat jartzen genituen». Botiketan zabaltzen hasi ziren. Eta, aurreiritziak aurreiritzi, oro har, osasun sistemaren erantzuna «egokia» izan zela uste du. Egin zituzten urrats gehiago ere bide horretan: «Hurrengo pausoa izan zen hori bera kartzeletan egitea. Eusko Legebiltzarrera eraman genuen gaia; errezeloz bada ere, onetsi zen hor ere». Basauriko espetxean hasi ziren (Bizkaia). «Hala, kurba apalduz joan ginen».
Ez du ahanzteko lehen tratamendu eraginkorrek bidean eragin zieten poza. «Mirarizkoa izan zen; emozio handiko uneak izan genituen. Izan ziren pazienteak justu muga-mugan egon zirenak; beste batzuek ez zuten suerte hori izan». Hildakoen kopuruak 1996an jo zuen goia: 492 pertsona hil ziren urte hartan Hegoaldean hiesaren ondorioz. 1997an, berriz, 219. Ordutik, oro har, beheranzkoa izan da joera. Bidean kalera begiratzeko ahalegina ere egin zutela esan du Zulaikak: «Nik beti esaten nuen aktibismoak, kaleko mugimenduak gauza gehiago lortuko zituela medikuek, ikertzaileek eta osasun profesional guztiek batera baino».
Beste zoonosi bat
Izurriari aurre egiteko prozesuan, munduan, zenbait mugarri izan zirela uste du. «Gay kolektiboak ulertu zuen, adibidez, hiesa erreminta ere izan zitekeela bere eskubide zibilen alde egiteko. Eta lortu zuten, adibidez, dirutzak bideratzea ikerketara. Gero, horietako asko giltzarri izan dira COVID-19aren ikerketarako ere», azaldu du Zulaikak.
Ezin bestela, adi erreparatu dio, urteotan mundua antzaldatu duen beste pandemia honi. Badira aldeak: koronabirusa «kutsatu» egiten dela esaten da, esaterako, naro-naro. «Baina GIB birusa transmititzen da zuk zerbait egin duzulako; zuk zerbait injektatu duzu, zuk sexu harreman jakin bat izan duzu». Eta GIB birusa «betiko» da: «Definizioz, GIBaren antigorputzak dituen norbaitez esaten da seropositiboa dela, eta betiko da». Horrek aparteko ezaugarriak ematen dizkie infekzioari, haren gaineko aurreiritziei eta prebentzio estrategiei.
Zientzia aldizkarien zain
Bi izurrien arteko aldeetan, nabarmen, informazioaren teknologiek eta komunikatzeko era berriek ekarri duten azkartasuna ikusi du Zulaikak. «Informazioa? Larunbatetan eta igandeetan iristen ziren zientzia aldizkariak ziren guretzat». Miretsita ikusi du zein bizkor joan diren COVID-19aren kontrako txertoak lortzeko prozesuak. «Ametsik onenetan ere ezin zen irudikatu horrelakorik».
Badituzte ezaugarri komunak ere bi birusek: «GIB birusa ere zoonosi bat da. Tximino berdetik pasatu da gizakietara. Birus eta germenen trukatzea oso ohikoa da gizakietatik animalietara, eta animalietatik gizakietara. GIBarekin gertatu zen, koronabirusarekin gertatu da, eta beste eritasun batzuekin ere gertatuko da». Errepikatzen diren aldagaietan, hau ere ikusi du Zulaikak: «Orduan ere baziren negazionistak. Esaten zuten ez zegoela birusik: laborategi batean sortua zela».
Hiesa, 40 urte. Pandemiaren historia
PANDEMIA BATEN LEHEN KONPASAK
Ofizialki 1981. urtean jakinarazi ziren oraindik izenik ez zuen eritasun batek eragindako lehenengo kasuak: orain lau hamarraldi. Hiesaren pandemiaren hasiera izan zen. Bereziki erasokorra izan zen lehen urteetan; botikarik ez zen, eta diagnostikatu eta urte gutxira hiltzen ziren paziente asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu