Urtea egin du COVID-19ak Euskal Herrian. Ia 5.000 gaixo hil dira eta ospitaleko artak behar izan dituzte 20.000 baino gehiagok. Bizitzak uzkaili dituen pandemia baten kronika da hau, lau ekitalditan.
LEHEN EKITALDIA: INORK USTE GABEKO TSUNAMIA
Ez zegoen maskararik, ez zegoen babesteko ekipamendurik, ez zegoen testak egiteko baliabiderik, eta protokoloak xaloak ziren: Txinatik etorriz gero eta sintomarik izanez gero, berrogeialdia egitea aholkatzen zuten. Inork ez zuen espero SARS-CoV-2 birusa horren azkar eta horrenbesteko indarrez iritsiko zenik etxeko atarira. Baina hala izan zen, eta ezustean harrapatu zuen mundua.
Konfinamendua agindu baino hamar egun lehenago, instituzioak esaten ari ziren ez zela behar neurri zorrotzagoak hartzea. Otsail erdirako, behintzat, koronabirusa Euskal Herrian zen, baina aurreneko kasuak ez zituzten baieztatu otsailaren 28 arte. Kasu bakanak zirela uste zen, kontrolatu zitekeela transmisioa. Baina olatu bat ez, tsunami bat izan zen: martxoaren 31n 2.818 gaixo zeuden Hego Euskal Herriko ospitaleetan; 587 ziren hilak.
Gasteiztik eta Arabatik sartu zen birusa. Detektatu gabeko kasu bat baino gehiago izan ziren ia aldi berean, eta hileta batek eta Txagorritxuko ospitaleko kutsatze kateek zabaldu zituzten fokuak. Martxoaren 3an, lehen kasuak atzeman eta lau egunera, Osakidetzako 100 profesional zeuden bakartuta. Egun horietan jokatu zituzten Athleticek eta Realak Espainiako Kopako finalerdiak, eta bizitza normala egiten zuen jendeak. Horregatik, ezustekoak izan ziren hurrengo egunetako aginduak: Gasteizko eskolak ixtea (martxoaren 9an) eta kirol profesionala ikuslerik gabe jokatzea (martxoaren 10ean). Shocka eta izua zabaldu ziren.
Aste horretan bertan itxi zituzten eskola guztiak eta ekitaldi handiak debekatu. Martxoaren 13an, Eusko Jaurlaritzak aurrea hartu nahi izan zuen osasun larrialdia izendatuta, baina ez zuen neurri drastikorik hartu, eta Espainiako Gobernuak iluntze hartan bertan ezarri zuen alarma egoera. Konfinamendua martxoaren 15ean hasi zen Hegoaldean. Frantziako Gobernuak martxoaren 17an ezarri zuen, herriko bozen lehen itzulia egin eta gero.
Birusa urrats bat aurrerago zihoan, eta deigarria da gogoratzea egun haietan hainbat ostalarik, sagardogilek eta dendarik instituzioei aurrea hartu eta ixtea erabaki zutela, inork halakorik agindu aurretik. Laguntza sareak ere antolatzen hasi ziren herritarrak. Eta instituzioetako ordezkariak maskarak ez zirela behar esaten ari ziren bitartean —osagileentzat ere ez zeudelako—, trapuzkoak egiten ari ziren herritar asko, eta elkartasuna balkoietan islatzen zen, iluntzeko zortzietan.
Konfinamenduarekin batera, muga itxi zuten estatuek, aginte osoa hartu zuten eta birusaren aurkako «gerra» aldarrikatu zuten. Enpresa handi askok itxi zuten egun haietan, langileek behartuta kasu batzuetan, Mercedesen bezala, baina jarduera industriala ez zen erabat gelditu, eta hori izan zen aste haietako eztabaida nagusietako bat. Osakidetzako mila langilek «erabateko konfinamendua» ezartzeko ere eskatu zuten martxoan: gelditzen saiatzeko azken aukera zen.
Instituzioek, ordea, hobetsi zuten enpresen jarduera ez geldiaraztea, Aste Santua arte bederen. Espainiako Gobernuak egun batzuetarako agindu zuen «funtsezkoak» ez ziren jarduera guztiak gelditzeko. Baina horrek ere iskanbila eragin zuen, eta Jaurlaritzak eskatu eta lortu zuen zirrikitu bat irekitzea hainbat enpresak lanean jarrai zezaten. Garai hartakoa da Iñigo Urkullu lehendakariaren esana: «Osasuna eta enplegua ez dira bateraezinak».
Apirilak aurrera egin ahala, egonezina handitzen hasi zen. Enplegu erregulazioan zeuden Hegoaldeko langileen %20 inguru, eta langabezia inoiz ez bezala igo zen martxoan. Zahar etxeetan heriotzak metatzen ari ziren, eta ezarritako murrizketek ez zuten lortzen etetea. Zentro horietako langileak, osagileak, jarduera «funtsezkoetako» langileak... kexu ziren, euren buruak babesteko baliabiderik ez zutelako; zabor poltsekin batak egiten ari ziren erizainak. Osasun etxeetan aurrez aurreko arreta kendu, ebakuntza gehienak atzeratu, eta ZIU zainketa intentsiboetan oheak ugaritu zituzten. Testak egiteko sistemak kutsatuen %15 baino gutxiago detektatzen zituen, eta osasun zerbitzuek jarritako telefonoak gainezka zeuden. Infektatuak detektatu eta bakartzeko estrategia hankaz gora irauli zen, baina test gehiago egiteko EHUko ikerlariek garatutako tresna baztertu zuen Jaurlaritzak.
Bitartean, arauak betearazteko polizien moduak kritikatzen hasi ziren; buruko nahasmendu bat zuen gazte bat jo eta atxilotu zuten Bilboko San Frantzisko auzoan. Kulturgileek greba digitala egin zuten. Hegoaldeko haurrak kalera ateratzeko debekuaren aurka protestak hasi ziren zabaltzen. Bertan behera uzten ari ziren udako jai guztiak. Eta iluntzeko zortzietako txalo zartak ahultzen hasi ziren. Bi asterako izan behar zuten itxialdiak eta alarma egoerak, baina luzatzen ari ziren.
Apirilaren 27an utzi zieten haurrei kalera ateratzen Hegoaldean. Maiatzaren 2an hasi zen konfinamendua arintzeko prozesua. Ordurako datuen hobekuntza nabaria zen: positibo berriak gutxitzen ari ziren, eta ospitaleak husten hasiak ziren. Maiatzaren 2an 854 gaixo zeuden erietxeetan, horietatik 129 ZIUetan.
BIGARREN EKITALDIA: 'NORMALTASUN BERRIA'
Kalera ateratzeko ordutegiak izan ziren aurrena; dendak etorri ziren gero; «hondartza dinamikoak»; ostatuak, eskolak, kiroldegiak... Hamabostean behin, urrats bat, agintariek normaltasun berria izendatu zuten horretara bidean. Mugak ireki zituzten. Jaurlaritzak ekainaren 17an kendu zuen alarma egoera, eta Nafarroak, 21ean. Aurrea hartu zuen Lakuak, Kantabriara asteburuan joan ahal izateko. Jaurlaritzako Larraldietako buruak maiatzaren 5ean kargua utzia zuen, itxialdian Kantabriako etxera joan zelako.
Gobernuek aztarnari sistemak antolatu zituzten, eta positiboak detektatu eta bakartzeko estrategia funtzionatzen hasi zen. Agerraldiak kontrolatzea bihurtu zen kezka. Basurtuko (Bizkaia) eta Txagorritxuko (Araba) erietxeetan izan ziren lehenak, gero etorri ziren Ordiziakoa (Gipuzkoa), Tuterakoa (Nafarroa), Iruñeko Mendillorrikoa —fase bat atzera egin zuten han—. Agintariek gazteak eta ez-festak seinalatu zituzten.
Ekainean eta uztail hasieran txikitu zen intzidentzia; ia ez zen kasu positibo berririk. ZIUak hustu ziren, heriotzak bakandu. Orduan egin zituzten Eusko Legebiltzarrerako bozak, uztailaren 12an. Lau egun geroago, Gasteizko gobernuak agindu zuen kalean maskarak erabiltzeko, distantzia gorde ezin zenean. Nafarroan hurrengo egunean agindu zuten. Beste aro baten hasiera zen.
HIRUGARREN EKITALDIA: ITXIALDIA NOLA SAIHESTU
Ez da erraza bigarren olatuaren hasiera markatzea. Nekane Murga Jaurlaritzako orduko Osasun sailburuak uztail bukaeran esan zuen «bigarren olatua» ate joka zela. Fernando Simon Espainiako Gobernuko Osasun Larrialdien zuzendariak ez zuela uste erantzun zion: bai, positibo berriak ari ziren ugaritzen, batez ere Araban eta Bizkaian, baina asko asintomatikoak zirela zehaztu zuen. Datuak ez ziren lehen olatukoak bezalakoak, baina abuztu erditik aurrera hasi zen sentitzen heriotzak ugaritzen ari zirela.
Instituzioek gaueko aisialdia mugatuz erantzun nahi izan zioten. Tabernak ixteko ordutegiak aurreratuz joan ziren uztail bukaeratik aurrera. Kalean bil zitekeen jende kopurua murrizten hasi ziren, eta etxeko bilerak ere mugatu nahi izan zituen Jaurlaritzak, baina horretarako eskumenik ez, eta nahasmena eragin zuen agindu hark ere. Jaurlaritza saiatu zen tabernak gauez ixten abuztuan; auzitegiek ez zioten utzi.
Berriro itxialdi zorrotz bat eskatu zuten aditu askok, baina agintariek argi zuten helburua: konfinamendua saihestea, kosta ahala kosta, eta jarduera ekonomikoari eustea ahal zen neurrian. Eta langileak lanera joan zitezen eskolak zabaldu behar zirenez, ikastetxeetan sortu zen presioa. Tentsio batean itzuli ziren ikasleak eta irakasleak ikasgeletara.
Ipar Euskal Herria «eremu gorrian» sartu zen irailean, eta Nafarroan ere positibo kasu berriak izugarri hasi ziren ugaritzen garai horretan; beste hiru probintzietan egoera hobera egiten ari zen. Kasu sonatuak izan ziren: Gipuzkoan, Tolosako Asuncion klinika konfinatu zuten; langileek babes falta salatu zuten. Hortik aurrera, urrian dena hankaz gora jarri zen. Nafarroan, 100.000 biztanleko 500 kasuetatik gora zeuden irail erditik. Ia hilabete behar izan zuen Txibiteren gobernuak neurriak hartzeko: bileretan gehienez sei laguneko muga ezarri zuen, lokalen edukiera mugatu zuen, eta ostatuak 22:00etan ixteko agindu zuen. Sei egun geroago, urriaren 18an, Jaurlaritzak jarraitu zion. Eta lau egun geroago Nafarroak ostatuak eta mugak itxi zituen. Eta hurrengo egunean, Jaurlaritzak intzidentzia handieneko herriak itxi. Eta hurrengoan etxeratze agindua ezarri zuten Iparraldean; eta urriaren 30ean konfinatzera dei egin zuten ostera, eskolak eta lantegiak itxi gabe, baina. Pandemiako garairik estuena bizitu zuten Lapurdin, Baxenabarren eta Zuberoan urri-azaroetan. Baionan ospitale ibiltari bat ere jarri zuten. Ordura arte ez zuten ia sentitu ere birusaren eragina. Abenduaren 15ean bukatu zuten itxialdia.
Azaroaren 8 ingurutik aurrera hasi ziren positibo berriak gutxitzen, eta ostatuen terrazak ireki zituzten Nafarroan, azaroaren 26an. Ostalarien protestak hasiak ziren ordurako, laguntza nahikoa jasotzen ari ez zirelako. Ez dira isildu geroztik. Jaurlaritzak abenduaren 12an eman zien 20:00 arte irekitzeko baimena. Eta orduan, Gabonak iritsi ziren.
LAUGARREN EKITALDIA: TXERTOEN ALDIAN
Kalkulu matematikoek erakusten dute abenduaren 19-20ko asteburuan bukatu zela bigarren olatuaren beheranzko joera. Gabonen buelta horretan hasi ziren berriro positibo kasuak ugaritzen, eta horrek ekarri zuen urtarril erditik aurrera heriotzak ere ugaritzea. Ostatuak irekita, gobernuek Gabonetarako mugikortasuna erraztuta, eta tartean jaiegunak izanik, espero izatekoa zen. Batzuek bigarren olatuaren susperraldia deitzen diote, eta beste batzuek, hirugarren olatua. Otsailaren 1 aldean jo zuen goia, eta geroztik beheranzko bidea hartu du. Ospitaleetan ez dute askorik nabaritu, hala ere. Urri bukaeratik, ia ez dute lortu ZIUetan 100 gaixo baino gutxiago edukitzea, eta, lehen olatuan bezalako tsunamia izan ez bada ere, egunero-egunero 50 eta 100 gaixo berri iristen zaizkie urri erditik.
Urtarril erditik aurrera, herrien arteko joan-etorriak mugatzea izan da Jaurlaritzaren estrategia. Nafarroarena, ostatuen ordutegiak aldatzea. Iparraldean, berriz, etxeratze agindua aurreratu dute. Frantziako Gobernuak, mugako zortzi pasabide itxi, eta PCRak eskatzen ditu bestalde. Zeinek bere estrategia, baina itxialdia saihesten ahaleginduz beti. Eta ez zailtasunik gabe: EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak erabaki zuen ostatuek ireki zezaketela intzidentzia altueneko herrietan; otsailaren 10ean ireki zuten. Etxeratzea aurreratzen ere saiatu da Lakua, baina ez du modurik topatu, eta pandemia kudeatzeko lege propioa sortzeko asmoa agertu du orain.
Urtebete joanda, orain aldagai berri bat dago pandemia kudeatzeko, eta hori izango da hurrengo hilabeteetan egoera baldintzatuko duen faktore nagusietako bat: txertoak. Urtarrilean hasi ziren jartzen, eta Hegoaldeko herritarren %6,3ri eman diete dosi bat bederen. Ez da hori ere polemikarik gabeko kudeaketa izan, Basurtuko eta Santa Marinako erietxeetan txertoa tokatzen ez zitzaien arduradun batzuk ere txertatu zituztelako. Hori gutxi ez, eta Jaurlaritzako larrialdietarako aholku batzordeko kide batek kargua utzi behar izan zuen, horretarako eskubiderik gabe ondoko herri batera joan zelako.
Polemikak polemika, txertoek ebatziko dute pandemia honek atal gehiago izango dituen, edo laugarren ekitaldi hau izango den funtzioaren amaieraren hasiera.
%11-12
KUTSATUAK
Lehen olatuan, kutsatu ziren pertsona guztien %10-13 artean soilik atzeman zituzten osasun zerbitzuek. Bigarren olatutik aurrera, bolada batzuetan kutsatu guztien %60-70 atzeman dituzte, eta beste bolada batzuetan gutxiago. Hego Euskal Herrian egin diren azterketa serologikoek adierazten dute azaro bukaera arte 280.000 herritar inguru kutsatu zirela. Kalkulu matematikoak eginda, 320.000 eta 340.000 artean izan litezke gaur egunera arte kutsatuak. Herritarren %11-12 inguru lirateke.
20.000
OSPITALERATUAK
Ez dago ospitaleratuen zerrenda ofizialik, baina bai egunero ospitalera COVID-19arengatik eramandakoen datuak. Horiek batuta, otsailaren 26 arte, Hegoaldeko 19.500 gaixok baino gehiagokbehar izan dute ospitaleko zaintza. Baionako erietxean, urri erdira arte 326 gaixo artatu dituzte. ZIUetan zenbat jende artatu duten ere ez dago erregistratuta berez, baina 1.500 eta 2.000 artean izan litezke.
4.908
HILDAKOAK
Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren otsailaren 21 arteko datuen arabera, eta Baionako suprefetaren urri erdi arteko datuen arabera, pandemia hasi zenetik 4.908 eri hil dira SARS-CoV-2 birusaren eraginez. Ipar Euskal Herriko datu ofizialik ez dago, suprefetak emandako horiez aparte. Jaurlaritzak heldu den asteazkenean emango ditu otsailaren 28 arte hildakoen datuak, eta egun horretan ia seguru da 5.000ra iritsiko direla.
Koronabirusa. Urtea datutan
Pandemia bat lau ekitalditan
Itxialdia, uda, bigarren olatua, txertoa: horra lau ekitaldiak. Eta 5.000 hildako eta 20.000 ospitaleratu. COVID-19ak urtebetean utzitako arrastoa hitz eta datu gutxitan labur liteke, baina ezin da hain aise azaldu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu