Koronabirusa

Pandemia bat bidegurutzean

Omikron aldaerak eta txertoaren orokortzeak zeharo aldatu dute koronabirusaren aurkako estrategia. Aurrera begira, «ikuspegi globala» hartu eta «osasun sistema indartu» behar dela diote adituek

Nafarroako Unibertsitate Publikoko txertaketa gunea, iaz. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko otsailaren 22a
00:00
Entzun

Izurria ez da bukatu, zenbaitetan hala badirudi ere. Gripalizazio eta endemiko hitzek gero eta presentzia handiagoa dute osasun arduradunen diskurtsoetan, eta, seigarren olatuaren eragina apaldu ahala, neurriak arintzera jo dute Euskal Herriko eta Europako administrazioek. Adituak ere bat datoz: izurria bukatu ez, baina beste fase batera igarotzeko bidean da agian. Fase horrek zer ekarriko duen eta nola helduko zaion, hortxe gakoa.

«Oso argi ikusten da seigarren olatua bukatzen ari dela», azaldu du Ana Galarraga zientzia dibulgatzaileak. «Intzidentzia handia dugu, baina oso azkar eta era jarraituan ari da apaltzen. Adierazle guztietan ikus daiteke». Seigarren uhinaren apaltzeaz harago, baina, «fase aldaketa bat» antzeman dute ikerlari eta aditu askok. «Badirudi trantsizio fase baten hasieran gaudela, izurriaren dezelerazio baten ostean eta pandemia arteko fasearen aurretik», esan du Adrian Aginagaldek, Kantabriako Osasun Publikoko Behatokiko zuzendari eta epidemiologoak. Haren esanetan, fase «zehaztugabea» da hau, eremu gris bat, orain arteko zurrunbiloaren ostean: «Inoiz ez dugu halako egoerarik bizi izan; hortaz, trantsiziozko fase batek nolakoa izan behar duen ez dago gure eskuliburuetan jasota».

Ikusi gehiago: Hegoaldeko erietxeetan 401 paziente daude koronabirusak jota

Galarragaren ustez, bi faktorek eragin dute egungo egoera: omikron aldaeraren «hedatze masiboak» eta «txertaketaren orokortzeak». «Omikronek hankaz gora jarri zuen orain arteko detekzio sistema; egun batetik bestera ezinezkoa izan zen positiboak, gaixo agiriak eta bakartzeak kudeatzea. Gainezka egin zuen denak. Bestalde, txertoek izugarri apaldu dute birusaren eragina, eta, horri esker, gaur egungo egoerak eta duela urtebetekoak ez dute zerikusirik».

Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologia irakasle Ignacio Lopez Goñik ere txertatze prozesuaren «arrakastan» egin zuen azpimarra, Kontuen Ganberak iragan astean antolatutako jardunaldietan: «Zientziak lortu du birusa identifikatzea, txertoak garatu ditu, eta baita gaitzaren efektuak apaltzen dituzten sendagaiak ere. Oraintxe, arazo zientifiko bat bainoago, birusa kudeaketa arazo bat da».

Egoera berri honetan positiboei eta intzidentziari erreparatzea «estrategia antzua» dela dio Aginagaldek: «Gabonetan jada argi ikusi zen ez zegoela gaitasunik omikronen intzidentzia neurtzeko, ez hemen, ez Berlinen, ez New Yorken. Izan ere, kutsatzeen eta transmisio kateen zaintza, epidemiologian, anomalia bat da. Ezohikoa erabat. COVID-19arekin orain arte aplikatu den estrategia ez zen jasangarria; ezin zitzaion luzaroan eutsi, eta baliabide asko kontsumitzen zituen, gainera».

«Hau ez da endemia bat»

Gaitza gripe bat balitz bezala tratatzeko hautua egin dute erakunde askok. COVID-19a «endemiko» bihurtzeko bidean dela iragarri zuten zenbait agintarik. Hori esan ahal izateko, baina, «ebidentzia zientifikorik ez» dagoela gogorarazi du Galarragak: «Endemia bat da sasoi edo toki jakin batean atzematen den gaitz bat. COVID-19a ez da hori. Mundu osoan eragiten du oraindik, eta ez dakigu noiz etor daitezkeen olatu berriak».

Are: COVID-19a gaitz endemiko gisa sailkatzea «ardurak gainetik kentzeko modu bat» izan daitekeela uste du: «Herrialde garatuetako arduradun politikoek erabakitzen badute COVID-19a gaitz endemikotzat jotzea, bizkarra eman ahalko diete aldarrikapen askori; besteak beste, txertoen banaketa bidezkoago baten edo arrakala sozioekonomikoak arintzearen aldeko aldarriei. Pandemiarik ez bada, desagertu egingo dira horretara bideratu diren bitarteko asko».

Ikusi gehiago: Laugarren dosia «ez da behar», Veranen ustez

Pandemiaren karira sortutako baliabide juridikoak eta laguntzak «sektore zaurgarrienei» eraginen diela gaineratu du Galarragak: «COVID iraunkorra, adibidez, ez dago behar bezala aztertua, eta pazienteei arta emateko bideak ere ez daude argi. Bada, orain ebazten badugu pandemia bukatu dela eta normaltasunera itzuli garela, paziente horiek —emakumeak hein handi batean— bazterrean utziko ditugu, ahaztuta eta heldulekurik gabe». Horregatik, ongi deritzo Galarragak izurriaren aurkako estrategiak berritzeari eta egokitzeari, «baina gizarteko arrakaletan are gehiago sakondu gabe».

Aurrerantzean, zer?

COVID-19aren izurriak «hankaz gora» jarri ditu epidemiologoek historikoki erabili izan dituzten eredu teorikoak. Hortaz, aurrera begirako iragarpenak egitea «ezinezkoa» dela uste du Aginagaldek: «Epidemiologook ez dugu iragarpenik egiten. Ez dakigu zer gertatuko den, eta norbaitek baietz badio, gezurretan ari da. Gainera, orain arteko paradigmak ez du balio: egungo izurriaren bilakaerak, olatu batekin bainoago, antza du zurrunbilo batekin: azelerazio, dezelerazio eta trantsizio faseak dauzkagu bata bestearen atzetik, baina gero berriz azeleratzen da izurria, berriz desazeleratu... horrela, pandemiak indarra galtzen duen arte».

Etorkizuna zalantzaz betea agertu arren, egungo trantsizio fasea «orain arteko neurriak ebaluatu eta beharrezko ez dena kentzeko garaia» dela uste dute BERRIAk kontsultatutako aditu guztiek. Besteak beste, osasun sistema publikoa indartu behar dela azpimarratu dute. «Zazpigarren olatu bat badator, eta handia bada, arazo larriena izanen da aurretik osasun sistema indartu ez izana», esan zuen Lopez Goñik iragan asteko hitzaldian. «Murrizketen fasetik hobekuntzen fasera» pasatzea galdegin du Galarragak: «Aireztapen sistemak, baliabideak, protokoloak... nola hobetu daiteke hori guztia?».

Helburua «normaltasunera itzultzea» ez, «aurrekoa hobetzea» dela uste du dibulgatzaileak: «Arnasa luzeko konponbideak behar ditugu, gizarteko arrakalak handitu ez daitezen. Lehengora bueltatzea, bere horretan, ez da konponbide egokia».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.