Argitzen ari da Panaman lehengo astean desagertu zen Bizkaiko andrearen kasua. Harena da desagertu zen tokitik gertu agertu zen hilotza, eta hilketa bat izan zen: buruan emandako kolpe baten ondorioz hil zela baieztatu du autopsiak. Eneritz Argintxona Fraile zen. Erandiokoa zen, eta 30 urte zituen.
Carenero uhartean topatu zuten, desagertu zen tokitik gertu. Bocas del Toro probintziako fiskaltzak, Ertzaintzarekin elkarlanean, DNA proben bidez baieztatu du desagertuta zegoen emakumearena dela joan den ostiralean topatutako hilotza. Hezetasunaren ondorioak agerikoak ziren gorpuan, eta ezinezkoa zen hura bestela identifikatzea.
Panaman ari dira kasua ikertzen, argitzeko norekin ibili zen andrea desagertu aurretik eta zer egin zuen. Biktimaren objektu pertsonal batzuk topatu dituztela esan dute, eta badituztela ustezko hiltzaileen identitatearen inguruko zantzu batzuk. Haiek atxilotzeko konpromiso irmoa azaldu dute hango erakundeek. Jakinarazi dutenez, feminizidioa da ikerketako hipotesi nagusia. Hilotza identifikatu aurretik ere esana zuten hori.
#PGNContraElDelito#Identificación | Fiscalía Regional de Bocas del Toro, mediante pericia de reconocimiento, confirma que el cuerpo de la mujer ubicado en Isla Carenero el 26 de julio coincide con la ciudadana extranjera, reportada desaparecida el 24 de julio en Isla Colón. pic.twitter.com/SIv65seqH3
— Procuraduría General de la Nación (@PGN_PANAMA) July 30, 2024
Joan den ostiralean salatu zuen sendiak desagertzea, eta larunbatean eman zuen albistea Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Adierazi zutenez, uztailaren 24an ikusi zuten azkenekoz andrea. Ostatu hartuta zegoen tokitik atera zenean izan zen. Ondoren, arrastoa galdu zitzaion, eta familia berehala kezkatzen hasi zen, ez zutelako lortzen harekin hitz egitea. Horregatik jarri zuten joan den ostiralean bertan salaketa desagertzearen berri emateko. Egun hartan bertan jakin zen hilotz bat agertu zela. Hondartza batean aurkitu zuten, eta hainbat turistak eman zuten abisua.
Hainbat iturriren arabera, emakumea lanean ari zen Panaman. Beste hainbatek esan dute GKE gobernuz kanpoko erakunde batekin lanean ibilia zela, eta oporretan zegoela orain. Desagertu zen tokia bera turista askoren bilgunea dela nabarmendu dute. Hainbat iturriren arabera, aurki Euskal Herrira itzultzeko asmoa zuen, egun gutxiren buruan. Familiak, Ertzaintzan ez ezik, tokiko erakundeetan ere eman zuen desagertzearen berri.
Susmo ilunak
Berehala zabaldu ziren kasuaren inguruko susmo ilunak; batez ere, han inguruan bertan agertu zen hilotzaren ondorioz. Hasieratik esan zuten hango ikertzaileek «atzerrikoa» zela hildakoa, eta desagertutako andrearen pasaportea ere han aurkitu zuten. Horrek ere larritasuna areagotu egin zuen kasuaren inguruan. Eta horregatik zen garrantzitsua hilotza identifikatzea eta Bizkaiko emakume harena zen argitzea. Familiaren bidez lortu dituzte identifikazioa egiteko lagin genetikoak.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren ohar baten bidez jakin zen Euskal Herrian emakumea desagertu zela, familiak Ertzaintzan salaketa aurkeztu zuenean horren berri eman baitzuten. Orain, Ertzaintzako iturriek zehaztu dute, ordea, Panamako agintarien ardurapean dagoela ikerketa, gertaera han gertatu zelako, eta haiek ez dutelako eskuduntzarik horren gainean. Hemendik aurrerako argibideak hango agintariek eman beharko dituztela adierazi dute.