Euskal Autonomia Erkidegoan Espainiako Poliziaren buru izandakoa da Enrique Pamies. Hark Euskal Herrian eginiko hamarkaden kontakizuna jaso dute Cómo luché contra ETA: de los años de plomo al caso Faisán (Nola borrokatu nintzen ETAren aurka: berunezko urteetatik Faisan auzira) liburuan, Pamiesen beraren narrazioan oinarrituta.
Liburuaren argitalpenaren harira, elkarrizketa bat egin zioten ABC egunkarian, eta hor esandakoetako batzuen inguruan galdetu zion Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuak Espainiako Gobernuari. ABC-ko kazetariak Pamiesi galdetu zion ea, uneren batean, torturak justifikatuta egon ote zitezkeen. Zera erantzun zuen poliziaburu erretiratuak: «Zuri interesatzen zaizu tipoak egia kontatzea, eta torturekin ez dizu egia kontatuko. Momentu bat helduko da non zuk nahi duzuna kontatuko dizun. Mentalki apurtu egin behar duzu. Gertatu ezin dena da, galdekatze batean, gaiztoak zuk baino atseden handiagoa edukitzea».
Hori ikusita, Iñarrituk gobernuari galdetu zion «atxilotu bat nola apurtzen den mentalki» eta zertan datzan atxilotu bati «atseden ez hartzeko» neurriak.
Espainiako Gobernuak, idatziz emandako erantzunean, entzungor egin dio Pamiesek esandakoari: «Segurtasun Indarren egitekoa da eskubide eta askatasunen ariketa askea babestea, herritarren segurtasuna bermatzearekin batera. Horretarako, beharrezko neurriak hartzen dira egiteko horiek betetzeko, Espainiako Konstituzioarekiko eta gainerako ordenamendu juridikoarekiko errespetuaz».
Gobernuak erantsi du Segurtasun Indarrek ordenamendu juridiko horretatik kanpo eginiko jarduera ororen aurkako «mekanismoak» aktibatzen direla «dagozkion erantzukizun penalak eta administratiboak» argitzeko.