Israelek Gazaren kontra abiarazitako sarraskiak urtebete egingo du aurki, eta, horren karietara, mundu osoan bezala Euskal Herrian ere ugaldu dira protesta eta elkartasun adierazpenak. Gaur, milaka lagunek bat egin dute eguerdian Bilbon Palestinarekin Elkartasuna plataformak egindako deialdiarekin, «Palestinako erresistentziari babesa azaldu eta Israeli eta haren konplizeei aurre egiteko»; Iruñeko kaleetan ere milaka lagun elkartu dira, arratsaldean, Genozidio bat, 76 urteko erresistentzia zioen pankartaren atzean.
Ikusi gehiago
Manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik abiatu, eta udaletxearen aurrean amaitu da. Han, antolatzaileek agiria irakurri dute, arabieraz, euskaraz eta gaztelaniaz. Azken urte honetan Gazan gertatutakoa salatu dute: «Urtebete honek agerian utzi du berriz ere kapitalismoaren eta inperialismoaren alderik krudelena. Ikusi dugu Israelgo armada Gaza okupatzen, ospitaleak, ikastetxeak eta hirigune osoak bonbardatzen, ikusi ditugu hornidura mozketak, milioika biztanleren desplazamendua, laguntza humanitarioaren blokeoa eta sartzen ziren kamioietako batzuen aurkako erasoak. Ikusi dugu Gaza erditik zatitzen».
Baina, plataformaren iritziz, auzia ez da soilik Gazaren kontrako erasoa: «Israelek ez du nahikoa herri palestinarra desagerrarazten saiatzearekin. Sionismoa proiektu supremazista eta espantsionista da, eta haren lurralde goseak ez du mugarik». Zisjordanian ezarritako 30 kolonia berriak eta Libano, Siria, Iran eta Yemenen kontra egindako erasoak gogora ekarri dituzte, eta elkartasuna adierazi diete «Palestinako erresistentziari eta eskualdeko herrialde guztietan, Yemenetik Libanora, munstro sionistaren kontra borrokan ari diren guztiei».
«Israel zigortu behar da. Israelekin harremanak eten behar dira. Israel bakartu behar da, legeak behartuta»
LIDON SORIANOYala Nafarroako ekintzailea
Palestinarekin Elkartasuna plataformaren iritziz, Israel «NATOren bloke geopolitikoaren base militarra» da, eta horregatik «eskuak libre» ditu lurraldean zehar hedatzeko: «Hau guztia ez da burua galdu duen agintari baten errua». Horregatik, AEBetako eta Europako gobernuak, enpresak eta alderdiak «konplizetzat» dauzkate: «Haiek dira Israel armaz eta babes mediatikoz hornitzen dutenak, haren erretolika edozein delarik ere».
«Aukera bakarra dago basakeria hau geldiarazteko: Israelgo estatua desagertzea. Eta Israelgo estatua hemen hasten da». Palestinako erresistentzia babesteaz batera, Mendebaldeko gobernu, enpresa eta alderdiak «presionatu» eta Israelen kontrako boikota areagotzeko deia egin dute: «Borrokan jarraitu behar dugu, Israelgo estatu terrorista desegin eta ibaitik itsasorainoko Palestina aske bat eraiki arte».
Jendetza kalean
Manifestazioa eguerdian abiatzekoa zen, baina lehenagotik ere jendetza handia egon da Jesusen Bihotza plazaren inguruetan. Manifestarietako askok Palestinaren ikurrak, elastikoak edo kartelak zeramatzaten, baita Libanoren ikurrak ere, eta herri arabiarretako komunitatearen kideak ugariak ziren. Bezperan, 24 orduko elkartasun baraualdiak egin zituzten Bilbon, Donostian, Gasteizen, Iruñean eta Sakanan (Nafarroa), manifestaziorako deia egiteko. Atzo goizean amaitu zen ekinbidea, eta horretan parte hartutakoak mobilizazioan egon dira.
Atef Abu Saif idazle palestinarra eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Kultura ministro ohia ere han egon da. Egunotan Euskal Herrian dago, Gazako egunerokoa liburua aurkezteko, eta hark ere mobilizazioan parte hartu nahi izan zuen.
Manifestazioa hasi aurretik, plataformako kide Eneko Callek eta Esther Muñozek adierazpenak egin dituzte. Manifestazioaren goiburuak gogorarazi dituzte, eta nabarmendu dute Euskal Herri osotik iritsitako jendea zegoela mobilizazioan. «Azken egunotan agerian geratu da Israelek ez duela bakerik nahi, eta gerra eskualde osora eramatea duela helburu», erantsi dute.
Kale Nagusian antolatuta zegoen beste ekitaldi bat zela eta, manifestazioaren hasiera atzeratu egin da, eta, azkenean, 12:25ean abiatu da. Mobilizazioaren buruan ikurrina eta Palestinako ikurra joan dira, eta, horren ostean, pankarta nagusia, deialdiaren goiburuekin: Palestinaren erresistentzia babestu, Israeli eta bere konplizeei aurre egin. Atzean milaka lagun, Kale Nagusi osoa betez.
Manifestariek Palestinaren aldeko eta Israelen kontrako oihuak egin dituzte manifestazioak iraun zuen bitartean: Boikot Israel, Palestina askatu; Estatu sionista, estatu terrorista; Israel hiltzaile, Europa laguntzaile; Libanorekin elkartasuna; Ez da gerra, genozidioa da; Ibaitik itsasora, Palestina gailenduko daeta abar.
Manifestariak Plaza Eliptikora iritsi direnean, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean zeuden zenbait lagun izan dituzte zain, pankarta batekin. Han, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren eta Europako buruzagi politiko batzuen irudiez gain, Israel eta bere konplizeei aurre egin leloa zegoen ikusgai. Manifestazio osoan errepikatu da hori: ibilbidean zeuden zenbait leku esanguratsutan, antolatzaileek pankartak erakutsi dituzte, Israelen «konplizetzat» jotzen dituzten eragile politiko eta ekonomikoen jarrera salatzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregiaren aurrean, Euskal instituzio burgesak sarraskiaren konplize leloa zeukan pankarta bat erakutsi dute antolatzaileek. Apur bat aurrerago, Kale Nagusian, BBVAren egoitza dago, eta han ere BBVA hiltzaile esaldia idatzita zeukan pankarta bat atera dute. Ordurako, jende andanak osatu du manifestazioa, espaloietan zain zeuden herritar ugarik mobilizazioarekin bat egin ostean, eta, esaterako, manifestazioaren buruak Plaza Eliptikoa gainditu eta Kale Nagusia hartu duenean Plaza Zirkularrerako bidean, oraindik bazegoen jendea manifestazioaren abiapuntuan.
Plaza Zirkularrean, berriz, osasun langileak egon dira, Osasun langileak palestinar erresistentziarekin goiburua zuen pankarta batekin. Manifestariak hara iritsi direnean, zuriz jantzitako zenbait lagunek performance bat egin dute, eskuetan panpinak zeramatzatela, Israelgo armadaren erasoaldien ondorioz hildako umeak gogorarazteko.
Plaza Zirkularretik Buenos Aires kalea hartu du manifestazioak, udaletxerako bidean. Udaletxeko zubian, odol orbanez tindatutako Israelen ikur bat paratu dute zenbait ekintzailek zoruan. Manifestariak ikurraren gainetik pasatu dira, eta handik gutxira txikituta gelditu da.
13:30ean iritsi da manifestazioa udaletxera, eta handik minutu gutxira hasi da ekitaldi politikoa. Manifestariek udaletxe aurreko esparru osoa eta zubia bete dute. Udaletxeko balkoietatik bengalak piztu eta beste bi pankarta zabaldu dituzte antolatzaileek, Gora palestinar erresistentzia eta Israelen kontra borrokatu esaldiekin.
Suhiltzaileak, abokatuak, kirolariak...
Iruñean, pankarta nagusiaren eta Palestinako bandera erraldoi baten atzetik, beste hainbatek osatu dute manifestazioa: Yala Nafarroa Palestinarekin elkartearena, irakasleena, abokatuena, suhiltzaileena, osasun langileena, kirolariena, ehun kazetari palestinar baino gehiago hil dituztela salatu duena, kirolariena... Genozidioa geratzeko eskatu dute, eta baita su etena eskatu ere. Palestina askatzeko eta Israeli boikot egiteko oihuak izan dira entzunenetakoak. 12.000 lagun elkartu dira, antolatzaileen arabera.
Antolatzaileen izenean, Lidon Sorianok, Yala Nafarroako ekintzaileak, nabarmendu du gobernuak behartuta daudela nazioarteko ebazpenak betetzera: «Ez betetzera bakarrik, baita nazioarteko zuzenbidea betearaztera ere, eta betetzen ez duenari zigorrak jarri behar zaizkio». Gogoratu du Nazioarteko Justizia Auzitegiak eta Nazio Batuen Erakundeak adierazi dutela Israelen erasoen kontra daudela. «Israel zigortu behar da. Israelekin harremanak eten behar dira. Israel bakartu behar da, legeak behartuta».
Baina gaur egungo egoeran gobernuek Israel ez dutela zigortzen ikusita, manifestazioa antolatu dute «Duela urtebete ez zen ezer hasi: badira 76 urte Israel erasoan ari dela; ez orain bakarrik, eta ez Palestinari bakarrik, baita Libanori eta Siriari ere; hala, gerraren globalizazioa bilatuz, egoera horretan eroso sentitzen baita», Sorianoren esanetan.
Palestinak bere burua babesteko eskubidea duela gehitu du, herrialde okupatua delako, eta Nazio Batuen Erakundeak eskubide hori aitortzen duela. Israelek, ordea, ez duela defentsa legitimorako eskubidea: «Defentsa legitimoak hiru premisa ditu: proportzionaltasuna, berehalakotasuna eta helburu zibilak eta militarrak bereiztea. Israelek ez du halakorik betetzen sistematikoki».
Israel hiltzaile, Europa babesle, oihukatu dute. Carrefourren denda baten paretik pasatu direnean, mezua moldatu dute: Israel hiltzaile, Carrefour babesle. Israelen kontrako zigorrik ez dela ikusten oihukatu dute, Israel «estatu terrorista» dela; Palestinarena, ordea, ez dela «terrorismoa», erresistentzia baizik. Gogoratu dute Israelek bonbardatzen dituenak ospitaleak direla, ez direla militarren egoitzak.