Palestinaren aurkako genozidioa salatzeko, Ikamak lanuzteak egingo ditu astelehenean

Ikasle mugimendu horren ustez, «inoiz baino garrantzitsuagoa» da nazioartean ikasleak erakusten ari diren «determinazioarekin eta erantzukizunarekin jarraitzea». Mobilizazioak egingo dituzte hiriburuetan.

Palestinaren aldeko kanpaldiak egiten ari dira Hego Euskal Herriko lau campusetan; irudian, Gasteizko campusa. IDOIA ZABALETA / FOKU
Palestinaren aldeko kanpaldiak egiten ari dira Hego Euskal Herriko lau campusetan; irudian, Gasteizko campusa. IDOIA ZABALETA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko maiatzaren 8a
13:35
Entzun

Mundu osoko ikasleak Palestinaren alde antolatzen ari diren protestetara batu da Ikama ikasle mugimendua. Hego Euskal Herriko lau campusetan egindako kanpaldiekin bat egin ostean, «jauzia» egiteko garaia dela iritzi diote. Hortaz, datorren astelehenean, lanuzteak egingo dituzte: «Ikasleriak mobilizazio zikloaren lekukoa hartu eta, unibertsitateetan kanpaldiekin egin bezala, ikastetxe guztietara zabaltzeko unea da». Israel Palestinaren kontra egiten ari den genozidioaren aurrean ikasleak Palestinarekin egongo direla aldarrikatuko dute.

Lanuzteez gain, mobilizazioak ere iragarri dituzte. Eguerdian izango dira, hiriburuetan; gaur arratsaldean emango dute mobilizazio horien berri. Ikamaren ustez, «inoiz baino garrantzitsuagoa» da nazioartean ikasleak erakusten ari diren «determinazioarekin eta erantzukizunarekin jarraitzea», Israelek helburu bakarra baitu: «Palestinar herriaren erabateko desagerpena».

Hain justu, gogora ekarri dute «Israelgo Estatu sionistak Gaza suntsitzen jarraitzen duela zazpi hilabeteren ondoren». Horrek milaka hildako eta zauritu eragin ditu, eta beste hainbatek euren lurretatik ihes egin behar izan dute. Are, egoera «gero eta gordinagoa» da: «Ikusi besterik ez dugu Rafahn indar sionistek abiarazi duten ofentsiba berria, milioi bat eta erdi Palestinar heriotzara kondenatuz».

Ikamak dei egin dio hezkuntza komunitateari, lanuzteetara eta mobilizazioetara batu daitezen. «Ikasleria beti izan da aldaketen motor, eta orain berdin jokatuko dugu, herri palestinarraren aurkako genozidioaren aurka mobilizatuz eta elkartasuna antolatuz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.