«Zelan egin berba herri bati/ non gosariko janak bonba usaina duen egunero/ gosaritarako bonbak ez diren ezer baldin bada batere/ […]» Leire Vargas bertsolariak idatzitako poemak jarri die, hain zuzen ere, gaur 178 herritan egin diren elkarretaratzeei berba. Zientoka lagun bildu dira Euskal Herriaren luze eta zabalean, Gernika-Palestina plataformak deituta, Gazako genozidioaren amaiera eskatzeko. Iaz Donostian egin zuten lehen mobilizazio nazionalaren urteurrenaren kari deitu du elkarretaratze horietara.
«[…] Herri bati/ non heriotza arnasaldi artean den gertatzen,/ hala esan dit Mohammed El-Kurdek,/ nik heriotzaz ez baitakit ezer […]». Izan ere, Israelek 43.000 palestinar baino gehiago hil ditu iazko urriaren 7an sarraskia hasi zuenetik, eta salatu dute, halaber, Gazako azpiegituren %70 suntsitu dituela Israelgo armadak.
Leire Vargas bertsolari, idazle eta itzultzaile durangarra da. Euskal Herritik erreparatzen dio Gazan gertatzen ari denari: «[...] Nik ez dakit ezer/ hemen nire gela aratzean nire aulki erosoan/ hemen Gernikaren herrian/ [...] zergatik da hain erraza entzungor egitea?/ genozidio bat/ milaka kilometrora ere entzun beharko litzateke./ Nik ez dakit ezer».
Palestinan gertatzen ari dena banalizatzen ari direnei ere bidali die mezua Vargasek: «Baina gogoan dut andre ileurdin bat Parisko manifestazio jendetsuan/ zelan etorri zitzaidan esku arteko kartelak zer ote zioen galdetzen/ Palestinako genozidioa euskaraz idatzita egonagatik nahiko/ unibertsala ez balitz lez/ zer eta esateko/ ez da genozidioa/ ez da genozidioa zioen/ ez ozeanoaz bestaldeko politikari batek/ [...] baizik eta une hartan nire parean emakume ileurdin batek/ [...].
Izan ere, genozidioa egin egiten ari da Israel, Vargasen hitzetan: «[...] eta zelan ez dela genozidioa/ zelan ezetz errefuxiatu-guneak ari direnean bonbardatzen/ euren gorputzaz gain dena kendu dioten/ euren gorputza baino/ ez duten pertsonak direnean jo-puntua/ eta gorputza ere ari zaienean ahitzen gosea, polioa eta hepatitisa./ euren gorputza Gazako lurraren fruitua delako gorputz oro gorpu izan arte ez dutelako lurperatuko Palestina/ eta zelan ez da hori izango/ genozidioa/ [...]».
Mendebaldeko herrialdeen erantzukizunen ingurukoak ere jaso ditu bertsolariak testuan, eta NBE Nazio Batuen Erakundearen funtzioa kolokan jarri du: «[...] mendebaldea ekialdeaz bazkatzen beste behin/ [...] Estatu Batuek betatu badezakete nazioarteko justiziak epaitua/ zer da Nazio Batuen Erakundea/ zer Nazioarteko Zigor Auzitegia/ onartzen bada nazioarteko legea/ (bere horretan luze eman genezakeena kritikatzen/ [...]».
Eta honela amaitu du:«[...] ikasiko al dugu?/ Zergatik ez dugu honezkero/ ikasi? Beti da beranduegi/ eta horrexegatik/ hau da unea.». Ondoren, minutu bateko isilunea egin dute, Mahasen al-Khatib irudigilea —Gernika-Palestina elkarteko kolaboratzaile— eta Israelgo armadak hil dituen gainerako 43.000 palestinarrak oroitzeko.
Elkarretaratzeak eguerdian
Eguerdian elkarretaratzeak egin dituzte sindikatuek eta hezkuntza komunitateko kideek, Iruñean, Bilbon, Gasteizen, Tuteran zein Donostian, eta sindikatu ia guztiek egin dute bat: ELA, LAB, EAEko eta Nafarroako CCOO eta UGT, ESK, CGT, LKN, Steilas, Solidari, Nafarroako EHNE, Etxale eta Hiru sindikatuek.
«Palestinak gure elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi». Horregatik, bereziki, gatazkari konponbidea emateko bide diplomatikoak ireki behar direla azpimarratu dute: «Berehalako su etena eta kolonizazioaren zein okupazioaren amaiera lortzeko bide diplomatikoak ireki behar dira, baita eskubide nazionalak erdigunean jarriko dituen ebazpen politiko integrala lortzeko ere».
Israelekiko konplizitate oro amaitzea ere eskatu dute. «Langile klaseari eskatzen diogu presio neurri guztiak aktibatzen jarrai dezagun, Israelek Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak errespeta ditzan eta eskualdean bakea eta egonkortasuna lortu daitezen». Erakundeei ere bidali diete mezua: «Apartheidaren, gizartearen aurkako krimenen eta herri palestinarrak pairatzen duen genozidioaren konplize izateari utz diezaiotela eskatzen diegu».