Palestinako genozidioa salatzeko mobilizazioak egin dituzte Donostian, Bilbon eta Gasteizen

Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, 'Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera!' lelopean egin dituzte mobilizazioak. EHKSk elkarretaratzeak eginen ditu bihar, eta Gernika-Palestina herri ekinaldiak, berriz, manifestazioa larunbatean.

(ID_14790405) (Mikel Martinez de Trespuentes/@FOKU) 2025-03-20, Bilbo. Palestinaren aldeko protesta Bilbon
Palestinaren aldeko protesta Bilbon, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Isabel Jaurena.
2025eko martxoaren 20a
20:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Urtarrilean adostutako su etena hautsi du Israelek: gutxienez 400 palestinar hil ditu azken orduetan, haietatik 170 adingabeak. Hori salatzeko, hainbat mobilizazio egin dituzte gaur Bilbon, Donostian eta Gasteizen: Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean bildu dira hiru hiriburuetan. Bihar Iruñean eginen dute elkarretaratzea, eta etzi, berriz, Altsasun (Nafarroa).

«Israelek Gazaren aurkako bonbardaketei berriro ekin izana» salatu dute, baita «Zisjordanian indartzen ari den erasoaldia» ere. Palestinako herriari eta haren erresistentziari «elkartasun irmoa» adierazi diote: «Israelgo estatu genozida eta haren konplize guztiak salatuko ditugu, baita Euskal Herriko konplizeak ere». Zehaztu dute horrek guztiak bide ematen duela «entitate koloniala existitzeko eta egungo genozidioa gertatzeko».

Palestinarekin Elkartasuna plataformarekin batera egindako deialdiez gain, EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak bertze hainbat mobilizazio ere antolatu ditu, bihar arratsalderako. Israel estatu terrorista! Palestina askatu! lelopean, hamasei mobilizazio antolatu dituzte, Azkoitian (Gipuzkoa), Lizarran (Nafarroa), Baionan, Murgian (Araba) eta Gernikan (Bizkaia), besteak beste. «Estatu sionistaren izaera genozida salatzeko eta palestinarren alde kaleak hartzeko garaia da», adierazi dute.

Manifestazioa

Gernika-Palestina herri ekinaldiak, berriz, manifestazio nazionalera deitu du larunbaterako: Donostiako Bulebarrean elkartuko dira, 17:30ean. Genozidioa stop! Israel, su etena orain!  lelopean egingo dute Sagueserako bidea. Azaldu dutenez, «itxaropenez» bizi izan dute bi hilabeteko Palestinako su etena. Baina itxaropen hori desagertu egin da azken egunetan: «Israelek, Trumpen babesa eta nazioarteko komunitatearen isiltasuna» baliatuta, ez baitie jarraipenik eman nahi su etenaren bigarren eta hirugarren faseei.

Urtarrilean adostutako menia akordioan, hiru faseko su etena aurreikusi zuten: duela bi aste akitu zen lehenbizikoa, baina aldeek ez zuten lortu ados jartzea bigarrena hasteko. «Israelek, beste behin ere, genozidioaren aldeko hautua egin du: palestinar herria krudelkeriaz bonbardatu du, eta umeak jopuntuan jarri», salatu du plataformak.

Gure Haurrak Ere Badira plataformak ere mobilizaziora deitu du. Hain zuzen, heldu den astelehenean kontzentrazioak egitera deitu ditu ikastetxeak, eskolak hasi aurretik edo akitzerakoan. «Erailtzen ari diren haur horiek gure seme-alabatzat hartu, guraso horiek gure anai-arreba gisa sentitu, eta lau haizeetara oihukatu behar dugu: aski da! Gure gobernu eta erakundeei eskatzen diegu argi eta tinko egin dezatela genozidio horren aurka. Neurriak har ditzatela euskal herritarrok ez gaitezen izan sarraski horren konplize», adierazi du plataformak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.