Israelek gutxienez 400 palestinar hil ditu azken orduetan; horietatik 170 adingabeak dira. Hala, urtarrilean adostutako su etena hautsi du Israelek, eta tregoa hasi zenetik egindako erasoaldirik handiena egin. Egoera salatzeko, hurrengo egunetan mobilizazioak egingo dituzte Euskal Herrian. Gernika-Palestina herri ekinaldiak manifestazio nazionalera deitu du larunbaterako Donostian. Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta EHKS Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere mobilizazioak iragarri dituzte.
Ikusi gehiago
«Itxaropenez bizi izan dugu zailtasunez beteriko azken bi hilabeteko Palestinako su etena», azaldu du ohar bidez Gernika-Palestina plataformak. Itxaropen hori, baina, desagertu egin da azken egunetan, «Israelek, Trumpen babesa eta nazioarteko komunitatearen isiltasuna» baliatuta, ez baitie jarraipenik eman nahi su etenaren bigarren eta hirugarren faseei.
Urtarrilean adostutako menia akordioak hiru faseko su etena aurreikusten zuen. Duela bi aste amaitu zen lehenengo fasea, baina aldeek ez zuten lortu ados jartzea bigarrena abiatzeko. «Israelek, beste behin ere, genozidioaren aldeko hautua egin du: palestinar herria krudelkeriaz bonbardatu du, eta umeak jopuntuan jarri», salatu du plataformak.
Horiek horrela, euskal gizartearen erantzuna «ezinbestekotzat» jo dute. Larunbatean Donostiako Bulebarrean elkartuko dira, 17:30ean. Genozidioa stop! Israel, su etena orain! lelopean egingo dute Sagueserako bidea. Genozidioa amai dadila exijituko dute, eta nazioarteko komunitateari eskaera batzuk egingo dizkiote: «Dituen baliabide guztiak erabilita, Israel behartu dezala nazioarteko erabakiak behingoz betetzera, eta su etenaren bidera itzultzera, Palestinako herriaren eskubideak bermatze aldera; hau da, Palestinak justizia, lurra eta bakea izan ditzan».
Eragile sozial, politiko eta sindikalei dei egin diete larunbatean manifestaziora joan daitezen. Bihar emango dituzte mobilizazioaren inguruko xehetasun gehiago, Saguesen.
Mobilizazio gehiago
«Sionismoaren basakeriari aurre egiteko», protestara deitu du Palestinarekin Elkartasuna plataformak ere. Bihar, etzi eta etzidamu egingo dituzte mobilizazioak. Bihar, Gasteizen, Bilbon eta Donostian bilduko dira; etzi, Iruñean, eta, etzidamu, berriz, Altsasun (Nafarroa).
Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean egingo dituzte protestak. «Israelek Gazaren aurkako bonbardaketei berriro ekin izana» salatuko dute, baita «Zisjordanian indartzen ari den erasoaldia» ere. Bestalde, Palestinako herriari eta haren erresistentziari «elkartasun irmoa» adieraziko diote. «Israelgo estatu genozida eta haren konplize guztiak salatuko ditugu, baita Euskal Herriko konplizeak ere», erantsi dute, eta zehaztu horrek guztiak ematen duela bide «entitate koloniala existitzeko eta egungo genozidioa gertatzeko».
PALESTINAREKIN ELKARTASUNA PLATAFORMAK DEITUTAKO MOBILIZAZIOAK
- Gasteiz. Martxoaren 20an, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan.
- Bilbo. Martxoaren 20an, 19:00etan, Arriagan.
- Donostia. Martxoaren 20an, 19:30ean, Bulebarrean.
- Iruñea. Martxoaren 21ean, 18:30ean, Errekoleten plazan.
- Altsasu. Martxoaren 22an, 13:00etan, udaletxearen aurrean.
Palestinarekin Elkartasuna plataformarekin batera egindako deialdiez gain, EHKSk beste hainbat mobilizazio ere egingo ditu hainbat herritan ostiral arratsaldean. «Estatu sionistaren izaera genozida salatzeko eta palestinarren alde kaleak hartzeko unea da», azpimarratu dute sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Besteak beste, Azkoitian (Gipuzkoa), Lizarran (Nafarroa), Baionan, Murgian (Araba) eta Gernikan (Bizkaia) egingo dute protesta.
🔴 Israelek ehunka palestinar hil ditu azken erasoetan. Estatu sionistaren izaera genozida salatzeko eta palestinarren alde kaleak hartzeko unea da.@Palestinarekin plataformatik deitu ditugun mobilizazioez gain, hainbat tokitan kontzentrazioak egingo ditugu ostiralean. pic.twitter.com/uSdatbZ4jO
— Euskal Herriko Kontseilu Sozialista (@EHKSozialista) March 19, 2025