Palestinako bandera kendu du Baionako Herriko Etxeak, jarri bezain laster

Auzapezaren erabakirik gabe, «lasterregi» ezarri zuten bandera, herriko etxearen hitzetan. Israelgo bandera kentzeko eskatu dute herritar batzuek.

Palestinako bandera, Baionako Santizpiritu zubian. GUILLAUME FAUVEAU
Palestinako bandera, Baionako Santizpiritu zubian. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko ekainaren 5a
15:26
Entzun

Palestinako banderak gutxi iraun du Baionako Santizpiritu zubiaren gainean. Ez du haizeak bota, eta ez da ezein presio politikoren ondorioa izan. Hala baieztatu du David Tollis herriko etxeko zerbitzuburuak. «Bandera lasterregi ezarria izan da, Jean Rene Etxegarai auzapezak agindu gabe», adierazi du. Administrazioaren oker bat izan dela iradoki du, baina ez du zehaztu nahi izan nork hartu zuen erabakia, eta nork agindu zien herriko etxeko teknikariei bandera ezartzea. 

Urteak dira Santizpiritu zubian nazioarteko herrialdeetako banderak ikusgai direla; horien artean da Israelgoa ere. EH Bairen Baionako taldeak Palestinakoa jartzeko eskatua zuen aspaldian, eta asteartean jakinarazi zuen haren eskaera baikorki erantzun zuela Etxegarai buru duen administrazioak: «Baionako herriko etxeak EH Bai Baionak egindako galdea entzun eta onartu du», adierazi zuten X sare sozialean.

Baina ez du luze iraun banderak. Jarri bezain laster kendu du herriko etxeak, eta Olinpiar Jokoetako banderarekin ordezkatu. Gai «minbera eta konplikatua» dela esplikatu du Tollisek. «Etxegaraik kontsideratu du gai honek hautetsiekin elkarrizketa bat izatea merezi zuela erabaki bat hartu aitzin». Horrez gain, Santizpiritu zubian diren banderei buruzko gogoeta orokor bat egiteko beharra ere badela erran du.

Maiatz bukaeran, zubi gainean dagoen Israelen bandera andeatu zuen ezezagun batek, eta herriko etxeak salaketa jarri zuen. Apirilean, sinadura bilketa abiatu zuten Israelen bandera kendu zezatela eskatzeko; 1.300 sinaduratik gora bildu ditu jadaneko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.