Palestinako bandera erraldoi bat margotu dute Gasteizko autobus batean

Kaputxadun batzuek autobus bat gelditu zuten atzo arratsaldean, eta bandera bat margotu ibilgailuaren albo batean. Gasteizko Udalak salaketa jarriko du Udaltzaingoan.

Palestinako bandera bat margotu zioten atzo autobus bati. GASTEIZKO UDALA
Palestinako bandera bat margotu zuten atzo autobus batean. GASTEIZKO UDALA
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko urtarrilaren 31
13:25
Entzun

Gasteizko Udalak salatu duenez, kaputxadun batzuek Palestinako bandera erraldoi bat margotu zuten atzo Tuvisa konpainiako autobus batean. Atzo arratsaldean izan zen, 19:30 aldera, Zalduondo kalean, Gasteizko Goikolarra auzoan. «Antza denez, dozena bat gazte inguruk, burua estalita eta beltzez jantzita, ibilgailua gelditu zuten, eta gainerakoek Palestinako bandera margotu zuten autobusaren albo batean», adierazi dute udaleko iturriek.

Tuvisa konpainiak abisu eman zion Udaltzaingoari, eta, ondoren, Agirrelandako kotxetegira eraman zuten ibilgailua, garbitzeko. Gasteizko Udalak «erasoa» gaitzetsi du, eta gaur bertan aurkeztuko du salaketa Polizian.

Beatriz Artolazabal Espazio Publikoko eta Auzoetako zinegotziak gertatutakoa gaitzetsi du X sare sozialean, eta herritarrentzat «kostu ekonomikoa» duela gogoratu. «Autobusak zerbitzu publikoko espazioak dira, ez aldarrikapenerakoak», erantsi du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.