Pastor
Darwin eta gu

Palestina! Palestina!

2024ko maiatzaren 25a
05:00
Entzun

Espainiako bandera oso gustura altxatuko lukete asteartean Ramallah eta Gazan, azkenean Madrilek Palestinako Estatua aitortzen badu. Espainiarekiko begirunea edo sinpatia handitu egingo da Israelek okupatzen dituen lurraldeetan.

Gazan bultzatutako erasoaren ondorioz inoiz baino hurbilago sentitzen ditugu palestinarrak. Haiek, aldiz, sekula baino urrunago izango gaituzte datorren astetik. Eta gu menderatzen gaituen Espainia ustez atsegin, eredugarria inoiz baino maiteago. Israeldarrek Sefarad zaharra bainoago. Palestinako bandera erakusten segituko dugu okupatzaile sionistak eragindako genozidioa salatzeko. Palestinarrek, berriz, ez dute ikurrina aterako gurekin bat egiteko.

Euskal Herrian bete-betean egongo bagina prozesu subiranista batean eta independentzia aldarrikatuko bagenu, Israel izango genuke lehendabiziko estatua, gaur-gaurkoz, gurekin bat egiten. Lehena eta, seguruena, bakarra, hasieran behintzat. Espainiaren aurkako mendekuagatik, bestegatik ez bada. Haren babesa onartuko genuke? Ez nago ziur. Palestinarrena bai, baina hobe genuke txakur-ametsak alde batera utziko bagenitu. Izan ere, sostengu hori inoiz ez zaigu etorriko. Are gutxiago orain. Egia esan, palestinarren onarpenak ez luke nazioartean balio berezirik izango, baina tira, elkartasun keinu polita izango litzateke gure alde.

Israel izan zen Kataluniaren independentzia bai onartu ez onartu egon ziren estatu bakanetako bat. Ia bakarra. Hala ere, israeldarrak berehala ohartu ziren hori egiteko oinarri sendorik ez zegoela. Hango politikari batek horixe ulertu zuen Israelera joaniko ordezkaritza independentista batekin elkartu ondoren. Noraino iristeko prest zeuden galdetu zien katalanei. Borroka horretan inor ez zutela hilko esan zuten haiek. Bakezaleak zirela. «Besteak hiltzeko ez, baina zuek prest zaudete Kataluniaren independentziaren alde hiltzeko?». Ezezko erantzuna, ostera ere. Israeldarrak bere denbora ez galarazteko eskatu zien. Alegia: alde hemendik eta beste iritzi bat duzuenean hitz egingo dugu. Palestinarrek, aldiz, segituan egin zuten bat Espainiarekin. PPk bezain unionista jokatu zuten katalanen errebolta garaian. Independentzia sostengatu balute, Espainiaren errekonozimendua izango zuketen egun?

Ez espero palestinarrek txapela janzterik. Kapela kordobarra nahiago haiek. Inoiz baino espainiazaleagoak izango dira asteartetik

Munduko estatu guztiek beraien interesak izaten dituzte gogoan. Soilik beraienak. Eta horien arabera lotzen dituzte kanpoko harremanak. Ingeles hark esan zuena: «Nazioek ez dute ez lagun, ez arerio iraunkorrik, soilik interes iraunkorrak». Hala egiten dute estatu guztiek. Estaturik izan ez, baina estatua izan nahi duten herri guztiek berdin egiten dutela esango nuke. Euskal Herriak ez, baina. Munduko jenderik xaloena gara. Palestinarrek aspaldi ikasi zuten realpolitik delakoa zer den. Euskaldunok inoiz ikasiko dugu ala betiko moduan jokatzen segituko dugu, jator bezain inozente?

Realpolitik hori egunero ikusten dugu munduan. Baldintzatutako internazionalismo, elkartasuna. Gaur honekin, bihar horrekin, etzi harekin. Zer dute komunean Kubak eta Iranek? Deus ez. Osaba Samen gorrotoak batzen ditu. Eta merkataritzak. Ebrahim Raisiren istripua dela-eta, dolu eguna ezarri dute Habanan. Erlijioa opiotzat jotzen duen marxismoa eta Alderdi Komunista oinarri dituen estatua malkoak isurtzen sistema politiko teokratiko baten presidente emakume-zapaltzailearen heriotzagatik.

Emakume irandar bati ez zaio ezer gertatuko Jose Marti heroiaren monumentuaren ondoan argazki bat egiten badu, zapia buruan eta gorputza goitik behera estalia, Habanako Iraultzaren plazan. Bizimodu eta ohitura kubatarrei eta Karibe aldeko izaera sentsualari eta jatorri afrikarreko sinesmenei ustez arbuioz begiratu eta barre egin arren. Joan dadila neska kubatar bat Teherango Iraultzaren plazara, praka motzak jantzita, zilborra agerian, gerria dantzan. Azal diezagula gero nolako esperientzia izan duen, bizirik bueltatzen bada. Internazionalismo asimetrikoaren adibide argiagorik…

Palestina! Palestina! Israelen politika salatzen segituko dugu, kufija lepoan, sua bihotzondoan. Hala behar du. Ordea, ez espero palestinarrek txapela janzterik. Kapela kordobarra nahiago haiek. Inoiz baino espainiazaleagoak izango dira asteartetik. Espainiako bandera edonon astindu eta ereserkia nonahi entzunarazteko gertu izango ditugu. Edo porompompero-a, berdin dio. Palestinako Aginte Nazionalak eta Hamasek Madrilen erabakia txalotu dute. Ez haiengana joan eta Espainia zapaltzailea dela esan. Espainia, haientzat, askatzailea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.