Gizakiaren bizkarrezurraren eboluzioaren inguruan egin zuen doktore tesia Asier Gomez Olivenciak (Barakaldo, Bizkaia 1979), baina zientzialari honenlan esparrua egunero ikertzen duen iragana bezain zabala da. Neandertalen arrastoari tiraka ibili da, eta historiako lehen hilketari buruzko ikerketan parte hartu du. Atapuercan (Burgos, Espainia) hasi berri den aurtengo kanpainan parte hartzeko maleta prestatzen harrapatu dugu Ikerbasqueko aditua.
Nolakoa izan da aspaldi desagertutako aztarnategi baten fosilak ikertzeko lana?
Gure lan taldeak aukera izan du orain dela 28 urte aurkitutako fosilak berrikusteko. Sorpresa galanta izan dugu, Bizkaiko Punta Luzeroko harrobian Euskal Herrian orain arte ezagutzen ez ziren Pleistozeno garaiko hiru espezie identifikatu ditugulako: sable-hortz tigre motako Homotherium latidens felinoa, Panthera gombaszoegensisjaguar europarra eta otsoaren aitzindari den Canis mosbachensis. Aztarnategia Bilboko portua zabaltzeko lanak zirela-eta desagertu zen, baina fosilak gorde egin ziren. Horietaz gain, oreina (Cervus elaphus), orein erraldoi bat, errinozero bat, azeri bat eta tamaina handiko bobidoak topatu ditugu.
Animalia horiek gizakiekin batera bizi al ziren?
Egin dugun estimazioaren arabera, 400.000 eta 600.000 urte arteko tartean koka ditzakegu fosil horiek. Tamalez, aztarnategian zeuden estratoak desagertu dira, eta horiekin batera bestelako datazio zehatzagoak egiteko aukerak ere. Oraingoz, Euskal Herrian ez dago horren zaharrak diren eta ondo dataturik dauden gizaki aztarnarik. Orain dela 300.000 urtekoak dira topatu diren antzinakoenak. Gure asmoa Punta Luzeroko ingurua berrikustea da, agian besteaztarnategiren bat ager daitekeelakoan. Hala ere, aurkikuntza horrek aukera polita ematen digu jakiteko lehenengo biztanle horiek zer nolako fauna topatu ahal izango zuten.
Nola azalduko zenuke paleontologoen jardunbidea zer nolakoa izaten den?
Hainbat galdera zientifikori erantzuna emateko, fosilak bilatzen ditugu. Baina gure datuak beste paleontologoek topatutako fosilekin ere alderatu behar ditugu. Jakintza hori publikoari eta ikasle berriei zabaltzea ere ezinbestekoa da. Azken finean, iraganaren inguruko jakinduria sortu eta hedatu behar dugu. Paleontologiak gure leinuan, kliman eta faunan iraganeangertatutako aldaketen berri ematen digu, eta informazio baliagarria ematen du gaur egungo mundu aldakor hau hobeto ulertzeko eta bere erronkei aurre egiteko.
Atapuercara joango zara bihar. Nolako kanpaina espero da?
Zaila da galdera horrierantzutea, Atapuerca izenarekin ezagutzen dugunaren barruan hainbat aztarnategi daudelako. Helburu orokorrak dira bai duela milioi bat eta milioi eta erdi urteko biztanleriaren aldaketa ebolutiboak ikertzea eta bai inguruko ezaugarri paleoekologikoak ezagutzea. Nire kasuan, aurten, Estatuen galeria izeneko aztarnategian egingo dut lan. 2008an ireki zen aztarnategi hori erdi paleolitokoa da; neandertalen garaikoa, hain zuzen ere.
Espero al duzue sapiens bat eta neandertal bat eskutik helduta topatzea?
Bai zera! Egia da bi espezieen arteko hibridazioaz gero eta informazio gehiago dagoela, baina hainbat galdera daude oraindik haienharremanen inguruan: non eta noiz topatu ziren, transmisio kulturala egon ote zen, edota homo sapiens espeziearen eraginik izan ote zen neandertalen desagertzean. Adibide bat jartzearren, iaz Frantziako La Ferrassie izeneko aztarnategian lan egiteko aukera izan nuen.1970ko hamarkadan, zazpi neandertalen eskeletoak topatu ziren han. Datuak berrikusi ondoren, uste dugu badaudela datuakbertakoa hilobiratze bat izan zela proposatzeko.Ikertzaile frantziarrak eta estatubatuarrak zeuden bertan. Lehenengoak ados daude neandertal batzuek haien kideak, kasu batzuetan bederen,hilobiratzen zituztenaren ideiarekin. Baina estatubatuarrek uste dute oraingoz ez dagoela froga nahikorik hori ziurtatzeko.
Historiako lehen hilketatzat jotzen denaren aurkikuntzan ere parte hartu zenuen…
Atapuercan topatutako 17. garezurraren kasua da hori, eta ia ikerketa paleoforentsea izan da. Iradoki dugu lagun hori hilda zegoela orain dela 430.000 urte inguru Hezurren Leizera bota zutenerako. Kolagenoa dela eta, hezurrak modu ezberdinean apurtzen dira oraindik fresko daudenean eta lehortu direnean. Gizaki horrek bi kolpe jaso zituen aldi berean, tamainan antzekoak eta orientazio ezberdinetatik. Hori eroriko batean gertatzea oso zaila da, eta horregatik uste dugu hilketa bat izan zela. Literatura forentsean, bortizkeria interpertsonalaren marka gisa ezagutzen da hori. Garezur horretan topatu ziren marken kokapenak koherenteak dira bortizkeria mota horrekin, eta ez eroriko baten ondorioz espero zitekeenarekin.
Asier Gomez Olivencia. Paleontologoa
«Paleontologiak mundu aldakor hau ulertzeko informazioa ematen du»
Euskal Herrian oraino ezagutzen ez ziren Pleistozeno aroko hiru espezie topatu ditu Gomezen lan taldeak, Bilboko Portuaren zabaltzeko lanek aspaldi txikitutako aztarnategi bateko fosilak berraztertu eta gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu