PAIren kaiolatik ezin atera

Castejongo ikastetxe publikoak PAI Ingelesez Ikasteko Programatik ateratzeko eskaera egin du, baina Nafarroako Gobernuak atzera bota du. Adituen irizpidearen kontra ezarri zuten PAI, eta horri eusteko ahaleginetan da egungo Hezkuntza Departamentua ere. BERRIA hainbat eragilerekin solastatu da.

Yolanda Barcina lehendakari ohia eta Jose Iribas Hezkuntza kontseilari ohia, Cascanteko PAI ikastetxean, programa ezarri zutenean. NAFARROAKO GOBERNUA.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko otsailaren 28a
00:00
Entzun

PAI, ingelesez ikasteko programa, hezkuntza egitasmo bat baino gehiago da Nafarroan. UPNren agintaldian, lehentasun politikoa izan zen gobernuarentzat —Yolanda Barcina lehendakari ohiak 2014an aitortu zuen PAIren ondorioz ez zela handiagoa euskaraz ikasteko eskaria—. Irakasle askorentzat, PAI da lan prekaritatearen, aparteko orduen eta behin-behineko kontratuen sinonimo. Ikastetxe batzuen ikuspuntutik, berriz, inposizioaren ikurra da: gogoz kontra aplikatu dieten eta gainetik kendu ezin duten zama.

Azken hori da, hain zuzen, Castejongo Dos de Mayo ikastetxe publikoaren kasua. Aurten, PAItik ateratzeko eskaera egin dute, baina Nafarroako Gobernuak ez die baimena eman, eta programan segitzera behartu ditu. «Adar jotzea izan da», dio Ainhoa Reparazek, ikastetxeko ikasketaburuak. «Bozketa egin genuen, bai klaustroan, bai eskola batzordean. Bietan onartu zen PAItik ateratzeko proposamena, eta, hala ere, atzera bota digute eskaera». Hezkuntza Departamentuaren arabera, eskaera ez zegoen «behar bezala justifikatuta». Reparazentzat, ordea, hori aitzakia besterik ez da: «Informazioa falta zela diote. Ez da egia. Eskaeraz gainera, hainbat agiri ere aurkeztu behar izan genituen: PAItik atera osteko plangintza, helburu hori urratsez urrats gauzatzeko egutegi bat eta erabakia arrazoitzeko txostena. Dena entregatu genuen epe barruan, eta Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasun zerbitzuaren oniritziarekin».

Hori guztia ez zen aski izan, eta oraingoz, behintzat, ingelesez ikasteko programa eskaintzen segitu beharko dute: «Errekurtsoa aurkezteko asmoa dugu, baina ez dakigu onartuko diguten ala ez; bitartean, orain arte bezala segitzea beste aukerarik ez dugu». Ikasketa buruak argi du, hala ere, «ikasleen eta familien kalterako» izanen dela.

Presazko hedatzea

Barcinaren gobernuak 2011-2012ko ikasturtean ezarri zuen lehen aldiz PAI, aurretiazko ikerketarik edo proiektu piloturik egin gabe, eta Hezkuntza Departamentuko Ingeles eta Ikuskaritza zerbitzuen kontrako txostenei entzungor eginez. Bigarren fasean, 2012tik 2015era, azeleragailua zapaldu zuten: 60 eskola berri sartu zituzten PAI programan, eurek nahi ala ez. Castejongo ikastetxea izan zen horietako bat.

«Inposatu egin ziguten, argi eta garbi», gogoratu du Reparazek: «Ikastetxeko klaustroak, eskola batzordeak eta guraso elkarteak ezetz esan zuten, baina familia batzuek udalari eskatu zioten programa jartzeko, eta bide hori erabili zuten, Hezkuntza Departamentuarekin adostuta». Denborak arrazoia eman diela uste du irakasleak, hala ere: «PAI jartzeko presio egin zuten familietako askok atzera egin dute dagoeneko. Programaren kontra daude orain. 'Hau ez da guk pentsatzen genuena', aitortzen digute».

Irakurri hau ere. Richard Weyndling (irakaslea eta kazetaria): «PAI programa iruzur hutsa da; desastrerako errezeta perfektua»

Zerk eraman ditu, baina, familia horiek PAIren sustatzaile izateari utzi eta haren aurka egotera? Juan Pedro Urabaien irakasle eta ELA sindikatuko ordezkariaren ustez, ingelesezko programak «arazo ugari» ekarri dizkie ikasleei: «UPNk eta PSNk esaten dutenaren kontrara, PAI ez da ingelesezko murgiltze eredu bat. Ez da ingelesezko ikastola bat. Ikasgai batzuk ematen dituzte ingelesez: Gizarte Zientziak, Natur Zientziak, Plastika... Horren ondorioa da ikasleek ez dutela ingelesezko maila on bat garatzen, eta ikasgaietako oinarrizko edukiak ere ez dituztela behar bezala barneratzen, ulertzeko zailtasunak dituztelako».

Harekin bat dator Alfredo Lakuntza ingeleseko irakasle eta ELAko kidea: «Irakasleek, askotan, edukiak sinplifikatu behar izaten dituzte, edo lezio bera bi aldiz eman, ingelesez eta gaztelaniaz, ikasle guztiek barnera dezaten. Horrek dakar sekulako atzerapena ikasgelaren erritmoan, ikasgaiak edukiz husten dituztelako».

Irakasleentzat ere arazo iturri bihurtu da PAI. Eloi Tato irakasle eta LAB sindikatuko kidearen esanetan, Hezkuntza Departamentuak ez die irakasleei prestakuntzarik ematen: «Irakasleen maila ez da behar den bestekoa. Batzuek ez dute ingelesezko C1 maila, eta horrek zailtasun handiak dakartza». Behin-behineko irakasle zerrenden kudeaketan, bestalde, «liskarrak» sortu ohi direla dio: «Haur Hezkuntzako titulaziorik izan gabe ere, Haur Hezkuntzan tutore lanetan aritzen dira, ingeles titulua ez duten irakasle eskarmentudunen gainetik».

Ebaluazioek azaleratutakoa

Nafarroako Gobernuak, orain arte, hiru ebaluazio egin ditu PAI programaren inguruan —guztiak lauko gobernuaren agintaldian, 2016 eta 2018 artean— eta PAIren aldekoek programaren «bikaintasuna» nabarmentzen duten arren, ebaluazio horien emaitzak argilunez beterik daude: alde batetik, egia da PAI programako ikasleek, oro har, gainerakoek baino maila apur bat hobea erakutsi zutela ingelesezko probetan, baina hobekuntza, hala ere, ez da oso nabarmena, PAI programako ikasle gehienek ez baitute ingelesezko A1 maila gainditzen, Lehen Hezkuntza bukatzean. Ahozko proban, A1 edo hortik beheragoko maila erakutsi zuten ikasleen %67k; idatzizkoan, berriz, %81 izan ziren. Hau da: PAI programan bederatzi ikasturte eta 3.000 eskola ordu ingelesez eman ostean, gehiengo handi bat ez litzateke hizkuntza eskolako A2 mailara iritsiko.

«Gure eskolako barne ebaluazioek ere ondorio bertsuak eman zituzten», azaldu du Reparazek. «Antzeman genuen ikasle asko atzean gelditzen ari zirela eta ez zirela iristen gutxieneko helburuetara. Iaz, Lehen Hezkuntzako lehen mailako ikasleek oso emaitza kaskarrak atera zituzten Natur Zientzietako azterketetan, eta ikasgaia moldatu behar izan genuen: ingeleseko orduak kendu eta eskola batzuk gaztelaniaz ematen hasi». Behar bereziak dituzten ikasleen kasuan, arazo horiek «areagotu» egiten direla nabarmendu du Dos de Mayo ikastetxeko ikasketa buruak: «Immigrazio maila handiko herria da Castejon, eta behin-behinekotasun handia dugu ikasleen artean ere. Ikasturte honetan, adibidez, 56 ikasle berri sartu dira irailetik hona, epez kanpo izena emandakoak. Batzuek ozta-ozta dakite gaztelaniaz hitz egiten; ingelesez, askoz okerrago. Ikasle horiei eskola orduen erdiak ingelesez egin araztea beldurgarria da». Oraingoz, baina, Nafarroako Gobernuak ez die beste aukerarik eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.