«Nik argi daukat: PAI gurasoak dira. Zure familiak aukera badu eskolaz kanpoko akademia bat edo irakasle pribatu bat pagatzeko, ez duzu arazorik izanen, bestela... Hor konpon». Gogor mintzo da Castejongo (Nafarroa) Dos de Mayo ikastetxe publikoko zuzendari Gemma Martinez, PAI ingelesa ikasteko programaren aurka. Oraingoz, Castejongoa da PAI eskaintzen duten eskolen zerrendatik ateratzea lortu duen zentro bakarra, bertoko hezkuntza komunitateak ia aho batez eskatu ostean.
Nabarmendu du programak «arazo handiak» eragin dizkiela irakasleei, zuzendaritza taldeari eta, batez ere, egoera zaurgarrian diren familiei; haurren ingeles maila ez dela nabarmen hobetu, eta, are okerrago, «gabeziak» sumatu dituztela gainerako ikasgaietan. Ez da kasu bakarra. Espainiako Estatuan, ia ehun ikastetxetan eten dituzte PAIren gisako «programa elebidunak», motibo bertsuak argudiatuta. Errealitate hori agerian utzi nahi izan du PAI Free plataformak, otsailaren 3an eta 10ean Iruñeko San Frantzisko eskolan eginiko jardunaldietan.
«Marketin ariketa handia dago ingelesezko programa elebidunen atzean, bai Espainian bai Nafarroan», azaldu du Juan Pedro Urabaien Bigarren Hezkuntzako irakasle eta PAI Free plataformako kideak. «Familiei saldu izan zaie ideia faltsu bat: beren seme-alabak aterako direla elebidun izaten, ingeles maila bikain batekin, eta halakorik ez da gertatu. Hainbat familiak desengainua hartu dute».
Irakasle askorentzat, berriz, PAI «presioaren eta lan baldintza kaskarren» sinonimo dela azpimarratu dute jardunaldien antolatzaileek. «Irakasgaiak eman behar dituzte arrotz zaien hizkuntza batean, eta horrek berebiziko estresa eragiten die», esan du Urabaienek. Nafarroan arazo horiek guztiak «gutxietsiak» edo, are, «isilduak» izan direla gaineratu du: «Etxe barruko arazoa izan da askorentzat».
Euskara kaltetzeko xedez
Yolanda Barcinaren gobernuak 2011-2012ko ikasturtean ezarri zuen lehen aldiz PAI. Ingelesarekiko obsesioa, ordea, askoz lehenagotik zetorrela uste du Urabaienek: «1990eko hamarkadaren bukaeran, agerikoa zen A eta D ereduak urtez urte handitzen ari zirela, eta gaztelania hutsezko G eredua, berriz, beheranzkoan zela. Horri buelta eman nahian sortu zuen UPNk British programa, 1997-1998 ikasturtean. Euskararen hazkundea mugatzea eta oztopatzea, hori zen asmo nagusia». Barcinak hori bera aitortu zuen 2014an, elkarrizketa batean.
2007tik aurrera, TIL Hizkuntzen Trataera Integratua abian jarri zuen Miguel Sanzen gobernuak, egungo PAIren aurrekari zuzena. Hala ere, Barcina izan zen PAI programaren sustatzaile nagusia. Aurretiazko ikerketarik edo proiektu piloturik egin gabe ezarri zuen, eta Hezkuntza Departamentuko Ingeles eta Ikuskaritza zerbitzuen kontrako txostenei entzungor eginez. Bigarren fasean, 2012tik 2015era, azeleragailua zapaldu zuten: 60 eskola berri sartu zituzten programan, eurek nahi ala ez. Gaur egun, ehun bat dira.
2015ean, hazkunde neurrigabe horri galga jarri nahi izan zion Uxue Barkosen gobernuak: martxan jarri zuten PAIren ebaluazio bat, eta atea ireki zuten programatik atera nahi zuten ikastetxeek horretarako aukera izan zezaten. Ebaluazioak agerian utzi zuen alde txikia zegoela PAI programako ikasleen eta gainerakoen artean, ingeles mailari dagokionez. Hala ere, laukoak ez zuen programa eten. 2019an, PSN agintera iritsita, PAIren defendatzaile sutsua den Carlos Gimeno izendatu zuten Hezkuntza kontseilari. Hain zuzen, Gimenok esana du PAI are gehiago indartzeko dekretu bat prestatzen ari dela departamentua, baina oraindik ez du zirriborrorik aurkeztu. PSNk, gainera, traba ugari jarri dizkie programatik atera nahi duten ikastetxeei.
Castejon, gogoz kontra
«PAI inposatu egin ziguten», esan du Castejongo eskolako zuzendariak. «2014-2015 ikasturtean, ikastetxeko klaustroak, eskola batzordeak eta guraso elkarteak ezetz esan zuten, baina Castejongo Udalak erabaki zuen eskaini behar genuela, eta Hezkuntza Departamentuarekin adostuta, inposatu ziguten».
Programa berria ezarrita, eskolan behartuta zeuden ikasgaien ia erdiak ingelesez ematera. Horrek «arazo ugari» eragin zituela gogoratu du Gemma Martinezek. «Gurea ikastetxe publiko bat da, immigrazio handiko herri batean. Gure ikasleetako asko atzerritarrak dira, eta egoera zaurgarrian bizi dira. Egoera horiek zaildu ditu PAIk: ikasleek ez zituzten edukiak ulertzen, eta atzean geratzen ziren».
Hain zuzen, PAIren aldeko argudio nagusietako bat hori da: hizkuntzen irakaskuntza «demokratizatzen» duela. Martinezen ustez, ordea, «propaganda hutsa» da hori: «Egiazki, kontrakoa ekarri du PAIk: segregazioa areagotu da eskolako familien artean. Askok jo behar izan dute ingeleseko akademia pribatuetara eta, horrez gain, haurrei aparteko eskolak eman behar izan dizkiete, ez zituztelako gainerako edukiak ulertzen».
Azkenerako, «labirinto administratibo bat» gaindituta, programatik ateratzeko baimena eman zien Hezkuntza Departamentuak, iaz. Oraingoz, bakarrak izan dira, baina Martinezek uste du ez direla azkenak izanen: «Interesa adierazi dute beste zenbait eskolak, baina ez dira ausartu pausoa ematera».
Ingelesez ikasteko programa
PAIren itzalak, arbelera
Hamar urte igaro dira Nafarroako Gobernuak PAI ingelesa ikasteko programa Lehen Hezkuntzan ezarri zuenetik. Esperimentuak, baina, ez du fruiturik eman. Are: ikasleen arteko arrakalak handitu dira, eta zentro batzuk hasiak dira erabakiaz damutzen. Horren gaineko jardunaldiak egin dituzte Iruñean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu