PAI programako D ereduko ikastetxeek ordubete gehiago eman beharko dute ingelesez

Orain arte, LHn, gutxienez sei ordutan egin behar zuten ingelesez; datorren ikasturtetik aurrera, zazpitan. Administrazioan Euskaraz taldeak dio kaltegarria izango dela euskararen irakaskuntzarako. Kontseiluak eskatu du PAI bertan behera uzteko.

D ereduaren aldeko protesta bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
D ereduaren aldeko protesta bat, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2025eko otsailaren 11
09:12
Entzun

PAI Ingelesez Ikasteko Programari buruzko foru arau bat onartu zuen iaz Nafarroako Gobernuak, eta, Administrazioan Euskaraz taldeak salatu duenez, ezinegona piztu du zenbait ikastetxetan. Izan ere, Lehen Hezkuntzako D ereduko zenbait eskolak ordu gehiago eman beharko dituzte ingelesez: orain arte, astean gutxienez sei ordutan egin behar zuten ingelesez; datorren ikasturtetik aurrera, berriz, zazpitan. Astean ingelesez eman daitekeen gehienezko saio kopurua ere igo egin dute: bederatzi ordutik hamabira. Lehen Hezkuntzan ez ezik, Haur Hezkuntzan ere areagotuko dute ingelesezko eskola kopurua: bigarren eta hirugarren mailan, astean gutxienez hiru saio egin behar ziren lehen, eta lau saio izango dira aurrerantzean. Ordu kopuruari dagokiona ez ezik, badago beste aldaketa bat ere: Plastika edo Gorputz Hezkuntza ezingo dituzte ingelesez eman; Natur Zientziak edo Gizarte Zientziak hautatu beharko dituzte ingelesez emateko.

Euskalgintzaren Kontseiluak irmo egin du foru arauaren kontra: «Atzerapauso oso larria dela deritzogu». Nabarmendu dute ez duela kontuan hartzen euskara Nafarroako berezko hizkuntza dela eta minorizatuta dagoela: «Atzerriko hizkuntzen maila berean jartzen dute». Eta, areago, uste dute PAI oztopoa dela euskarazko murgiltzea hedatzeko: «Eskoletan euskarazko ereduaren hedapena oztopatzeko sortu zen Pai, eta horretarako eusten diote». Gainera, zera salatu dute, euskarari Nafarroako eremu gehienetan ofizialtasuna ukatzen diotenez, lurraldearen zati handi batean ikasleek ez dutela bermatuta euskaraz ikasteko eskubidea edo «etengabe» oztopatzen dietela aukera hori izatea.

Bide bertsutik jo du Administrazioan Euskaraz taldeak. Haren irudiko, neurri hori oztopo izango da euskara behar bezala ikasteko: «Euskarazko murgiltze eredua beharrezkoa da euskara ongi ikasteko. Beraz, euskara ikasteko zailtasun bat gehiago izanen dute ikasleek». Halaber, nabarmendu dute ez duela modurik ematen ingelesa behar bezala ikasteko ere: «Ingelesez ere ez dute ikasiko ingeles murgiltzea balitz bezala, soilik zazpi ordu baitituzte». Emaitzak ikusita, uste dute Nafarroako Gobernua tematuta dagoelako ezartzen dutela programa hori: «Ingelesezko ordu horiek sobran daude, eta hor daude soilik Nafarroako Gobernuaren inposizioaren bidez, gurasoen borondatearen aurka». Taldearen arabera, erabakiak egonezina sortu du zenbait ikastetxetako irakasleen eta familien artean; besteak beste, Sarrigurengo Joakin Lizarragan, Iruñeko Buztintxurin eta Tafallako Marques de la Realen.

Emaitza txarrak emateaz gain, programak segregazioa bultzatzen duela ere salatu dute: «Euskararen ikaskuntzarako kaltegarria da, ikasten den ingeles mailak gutxitan gainditzen du D ereduko ikasleena, eta ikasgaia ongi ikastea galarazten du. Ingelesezko akademiak ordaintzeko dirua duten gurasoen ikasleek soilik ateratzen diote etekina PAIri. PAI segregatzailea da».

Konponbide eske

Horiek horrela, aldaketak galdegin dituzte hala Euskalgintzaren Kontseiluak nola Administrazioan Euskaraz taldeak. Kontseiluaren esanetan, beharrezkoa da PAI bertan behera uztea eta euskarazko irakaskuntza lurralde osoan indartzea. Izan ere: «Ikasle nafar guztiek euskararen oinarrizko ezagutza izateak bermatuko ditu nafar guztien berdintasuna eta kohesioa». Horregatik, eskaera bat egin diote Nafarroako Gobernuari: «Nafarroako Gobernuari eta Hezkuntza Departamentuari exijitzen diogu foru agindua baliogabetzea eta egoera horri irtenbidea ematea».

Nafarroako Gobernua jo du erantzuletzat Administrazioan Euskaraz-ek ere: «Hezkuntza Departamentua da honen guztiaren erantzulea. Bada garaia Nafarroako Gobernuak Carlos Gimeno [Hezkuntza] kontseilaria kargugabetzeko. Eta alderdi abertzaleek ongi hausnartu behar dute Nafarroako Gobernuari ematen dioten babesa, burugabekeria hau aurrera eramaten duen bitartean».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.