Hezkuntza komunitatea, batetik, eta Hezkuntza Departamentua,bestetik. Hori ari da gertatzen Mendigorrian eta Castejonen (Nafarroa). Bietan ala bietan, argi eta garbi hitz egin dute ikastetxe publikoetako eragileek: Mendigorrian, D eredua nahi dutela; Castejonen, aldiz, ez dutela PAI programan segitu nahi. Kasu batean zein bestean, gurasoen zein ikastetxeen borondateari entzungor egin die Hezkuntza Departamentuak: D eredua nahi dutenei erantzun diete ezetz, Garesko eskolan izena eman dezatela; PAI programatik atera nahi dutenei ere ezetz, ingelesezko programaren «jarraitutasuna» bermatu beharra dagoela. Gurasoek, irakasleek edo ikastetxeetako zuzendaritza taldeek nahi edo ez.
Castejongo Dos de Mayo ikastetxe publikoan, duela zortzi urte ezarri zuten PAI, ingelesez ikasteko programa. Hango hezkuntza komunitateak, baina, «arazo ugari» antzeman ditu programaren ezarpenean: irakasleentzako prestakuntza urria, plangintzarik eza, eta, batez ere, maila akademiko eskasa kritikatu dituzte zenbait guraso, irakasle eta sindikatuk. Auzia ikastetxeko klaustroan eta Eskola Kontseiluan eztabaidatu, bozkatu eta aho batez onartu ostean, PAItik ateratzeko eskaera egin zuten. Ibilbide osoa egin eta gero, ordea, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok (PSN) atzera bota zuen eskaera, «behar bezala justifikatuta» ez zegoelakoan.
Mendigorrian, atera ez, sartu nahi dute: D ereduan sartu. Hamalau matrikula eskaera jaso dituzte aurtengo aurrematrikulazio kanpainan, Julian Maria Espinal Olcoz ikastetxe publikorako. Horietatik, sei izan dira D ereduan ikasteko; gainerako zortziak, berriz, beste ereduetarako (A eta G). Erdarazko ereduetan matrikula egin duten haurrak arazorik gabe hasiko dira irailean herriko ikastetxean. Euskarazkoa hautatu duten familien geroa, berriz, kolokan dago: Hezkuntza Departamentuak ez du Mendigorrian D ereduko gela bat zabaldu nahi, argudiatuta gutxienez zortzi ikasle behar direla lerro berriak ezartzeko.
Bi auzi horiek hautsak harrotu dituzte Nafarroako Gobernuari eusten dieten taldeen artean. Atzo, Geroa Baik eta Ahal Duguk itun programatikoa sinatu zuten taldeen bilera egiteko galdegin zioten Maria Txibite lehendakariari, Mahai eta Eledunen Batzordean. «Castejon eta Mendigorriko kasuetan ez da ari betetzen akordio programatikoan esaten dena», esan zuen Uxue Barkosek, Geroa Bairen eledunak. Hezkuntza Departamentuak hartutako «zenbait erabakiri buelta emateko aukera» egon daitekeela gaineratu zuen. Ahal Dugu-ren izenean, Ainhoa Aznarez parlamentariak gobernuari eskatu zion men egin diezaiola «eskolaren gehiengoak eskatutakoari».
Gobernu itunetik kanpo egonagatik ere, Hezkuntza Departamentuaren erabakiak txarretsi zituen EH Bilduko Bakartxo Ruizek ere: «Mendigorriaren gisako eskolek bizirik iraun nahi badute, gakoa da D eredua ezartzea. Hala eskatzen dute gurasoek».
Arartekoa eta lehendakaria
Hain zuzen, beren egoera argitzeko eskatu dute Mendigorrian D eredua ezarri nahi duten familiek. Azaldu dutenez, Arartekoarengana jo dute laguntza eske, eta kexa tramiterako onartua diete jada. Maria Txibite lehendakariarekin ere batzartu nahi dute, eta bilera eskatu diote, «egoera bertatik bertara ezagut dezan eta guztion artean konponbide logikoena eta bidezkoena lor dezagun: Mendigorrian D ereduko linea irekitzea».
PAI, nahitaez; D eredua, nahita ere ez
Mendigorrian D eredua ukatu eta Castejonen PAI derrigortzeko erabakiek ezinegona sortu dute gobernuari eusten dioten taldeen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu