Ingelesez ikasteko programak. Richard Weyndling. Kazetaria eta Ingeleseko irakaslea

«PAI gezur handi bat da: ez dago ingelesa ikasteko makilatxo magikorik»

Ingelesa ikasteko programen edukia eta ezartzeko modua kritikatu ditu Richard Weyndlingek. Haren ustez, ingelesa ikasteko metodo gisa PAI «eskasa» da; programa ezartzeko modua, berriz, «txapuza bat».

IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko otsailaren 11
00:00
Entzun
PAI programaren eragina hobekien ezagutzen duen profesionaletako bat da Richard Weyndling irakasle eta kazetari eskoziarra (Glasgow, 1961). Egitasmoa ezartzen hasi zirenean, ingeleseko irakasleen prestakuntzaz arduratzen zen Nafarroako Gobernuarentzat. Uste du «iruzur bat» dela, eta areagotu egin dituela «irakasleen, ikasleen eta zentroen arteko arrakalak».

Zergatik zaude PAIren aurka?

PAI programa eraikia dagoelako gezur handi baten gainean: familiei saldu zitzaien gazteek berehala ikasiko zutela ingelesa, makilatxo magiko batekin ukitu izan balituzte bezala. Ez dago halakorik. Programa horrek ez du aurrekorik, ezta oinarri sendorik ere. Europa osoan ez da halako eredu bat ezarria duen herrialderik. Gainera, proiektu piloturik gabe ezarri zuten Nafarroan, arrapaladan.

Ingeleseko irakasleen prestatzaile izan zara, Hezkuntza Departamentuarentzat. Zer pentsatu zenuen programa aurkeztu zutenean?

Atzerriko hizkuntzen irakaskuntzan esperientzia dugunok hasieratik ikusi genituen PAIk ekar zitzakeen arazoak. Eta guk aurreikusten genuena bete da zehatz-mehatz, urte hauetan guztietan.

Zeintzuk dira ondorio horiek?

Lehenik eta behin, egoera ezin injustuago bat irakasleentzat; batez ere, behin-behineko kontratuak zituztenendako: ingelesa ikastera behartu zituzten, lanpostua galdu nahi ez bazuten. Eta behin ingeleseko gutxieneko maila lortuta [B2 maila, kasu askotan], lan egin behar izan dute menperatzen ez duten hizkuntza horretan. Pentsa zer den Filosofiako edo Historiako kontzeptuak azaldu behar izatea hizkuntza arrotz batean, hizkuntza hori ulertzen ez duten ikasleei. Estres izugarria eragin die horrek hezitzaileei.

Eta irakasleei ez ezik, nola eragiten die horrek ikasleei ere?

Eragin oso kaltegarria izan du, beste erkidego batzuetan ikusi den bezala. Polarizazioa sortu du eskolen barruan. Madrilen, nagusiki, baina baita Nafarroako zenbait zentrotan ere, ikusi ahal izan dugu ikasleak banatu egin dituztela ingeles mailaren arabera. Eliteko taldeak sortu dituzte maila ona dutenekin, eta gainerakoak bigarren mailakotzat jo dituzte: migratzaileak, arazoak dituztenak... Azkenean, segregazioa eta polarizazioa indartu ditu programa horrek.

Programaren sustatzaileek D ereduarekin alderatu izan dute: euskarazko murgiltzearen antzeko zerbait, baina ingelesez...

Ez dira gauza bera, inondik inora. PAI programa ezarri zuten arduradun politikoek konparazio hori egiten dute askotan, modu tranpatian, baina aldea izugarria da: D eredua murgiltze eredu bat da, irakasleek hizkuntza menperatzen dute eta emaitzak frogatuta daude. Gure familia da horren adibide garbiena, semeak D ereduan eskolatu genituelako Iruñera etorri ginenean. Etxean, gutako inork ez zekien euskaraz hitz erdirik ere esaten, eta, zortzi hilabeteren buruan, seme zaharrena euskaraz mintzatzen zen natural. Seme gazteena, are azkarrago: hiru hilabetean ikasi zuen. Hori da murgiltze eredu bat, eta PAIk bermatu ezin duena.

Zergatik?

Ikasleak ez daudelako giro ingeles batean murgilduta, eta irakasleentzako ere ingelesa ez delako euren hizkuntza, oztopo bat baizik. Finean, PAIk egiten duena promesa faltsu bat da. Gero eta jende gehiago ari da horretaz konturatzen.

Espainian, ikastetxe asko atera dira programa elebidunetatik. Nafarroan, oraingoz, bakarra. Kolore ezberdineko gobernuek ere ez diote heldu auziari...

Bi arazo nagusi ikusten ditut nik hor: alde batetik, zenbait sektorek euskarari dioten ezinikusia, eta, bestetik, ingelesari aitortzen zaion estatus ia erlijiosoa. Ingelesa hitzak botere magikoa du zenbaiten ahotan, eta guraso askok itsu-itsuan sinesten dute horretan. Pentsatzen dute beren seme-alaben etorkizunerako eta formakuntzarako elementu garrantzitsuena dela ingelesa, ia bakarra ez esatearren. Hortaz, norbaitek eskaintzen badie ingelesa oinarri duen sistema elebidun bat, oso gauza erakargarria irudituko zaie. Gizarteak, oro har, ez daki zer den programa elebidun bat, zer den murgiltzea, nola ikasten diren hizkuntzak... Ezagutza teknikoa falta zaigu, eta horregatik sartzen digute ziria gauza hauekin.

Nola has liteke egoera aldatzen?

Uste dut, orain arte, hedabideek ez diotela auziari behar bezala heldu, eta ez dituztela programa horren gezurrak ikertu. Horrez gain, uste dut oso mesedegarria litzatekeela Nafarroako Gobernuak nazioarteko adituengana jotzea, azal dezaten nola irakasten diren atzerriko hizkuntzak beste herrialde batzuetan. Eztabaida tekniko gehiago, eta xextra politiko gutxiago. Era horretan, argi geratuko litzateke hemen ingelesarekin egin dena astakeria galanta izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.