PAI edo hartzaren besarkada PSNri

Hordagoa jo du Navarra Sumak: ingelesezko programari D ereduaren estatus bera eman ezean, ez du PSNren lege proposamena babestuko. Gaur bozkatuko dute zirriborroa

Javier Esparza, Navarra Sumako bozeramailea, eta Maria Txibite lehendakaria, artxiboko irudi batean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
2022ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Gehiago nahi du Javier Esparzak. PAI ingelesez ikasteko programa blindatzeko lege proposamenarekin «ados» izanagatik ere, Navarra Sumako bozeramaileak koxka bat gehiago estutu nahi du Maria Txibiteren gobernua. Zehazki, PAIrentzat beste estatus bat exijitu du: D ereduak gaur egun duena. PSNk baldintza hori onartu ezean, koalizio eskuindarrak ez du lege proposamena babestuko. Legebiltzarreko taldeek gaur dute osoko bilkura, eta horretan bozkatzekoak dira arauaren zirriborroa. Atzo arte, baina, Navarra Sumarena zen PSNk ziurtzat jotzen zuen babes bakarra. Hortaz, legea onartu nahi badu, Esparzaren eskaerei men egitea beste biderik ez du Txibite lehendakariak, bide horrek kinka larrian jar badezake ere PSN, Geroa Bai eta Ahal Dugu-ren arteko gobernu ituna.

PSNk aurkeztutako lege proposamenaren helburua da PAI programako irakasleen lanpostuak «egonkortzea», baina hortik harago doaz Navarra Sumak legebiltzarrean erregistratu dituen hiru zuzenketak. Hirurek dute, aldez edo moldez, PAI hezkuntza eredu bihurtzeko helburua. Puntuetako batean, koalizio eskuindarrak «konpromisoa» eskatu dio gobernuari, «behin PAI programako profesionalen egonkortzea gauzatuta, programa hori eredu linguistiko bihurtzeko prozesua has dadin».

Navarra Sumak eredutzat hartu duena, gainera, ez da edozein eredu linguistiko: euskarazko murgiltzeak dituen ezaugarriak nahi ditu PAIrentzat, baina zonifikazioak eragindako trabarik gabe. «D ereduan, familia batzuei ordaindu egiten zaizkie garraioa eta jantokia; bada, guk nahi duguna zera da: administrazioak konpromisoa har dezala zerbitzu horiek pagatzeko PAI programa aukeratu eta beren herrian ez duten familiei, gertuko udalerri batera joan eta ingelesezko hezkuntza jaso dezaten», azaldu du Esparzak. UPNren idazkari nagusiaren ustez, puntu horren helburua da «PAI programako familien eskubideak D eredukoekin parekatzea».

Azkenik, beste zuzenketa bat ere aurkeztu du Navarra Sumak, ingelesezko eskakizuna duen lanpostu bat lortzen duten irakasleei beste ereduetarako sarbidea ixteko. Horren arabera, ingelesezko postuak PAI programako ikastetxeetarako izanen dira soil-soilik, eta, adibidez, postua lortu duen irakasle euskaldun bat, gerora, ezinen litzateke D eredura aldatu. Esparzaren esanetan, Afapna sindikatuarekin hitzartutako zuzenketa da hori, eta xedetzat du PAI programari «benetako egonkortasuna» ematea eta «kalitatea bermatzea».

Gobernua, ataka estuan

Navarra Sumak «asmo osoa» agertu du PSNren lege proposamena bere botoekin babesteko, baina, horretarako, ezinbesteko baldintzatzat jo du bere hiru zuzenketak onartzea: «PSNk gure zuzenketak babesten baditu, guk gauza bera eginen dugu lege proposamenarekin, baina hiru zuzenketak aurrera atera behar dira; bestela, kontrako botoa emanen dugu». Hortaz, baliteke mahai gainean jarritakoa karamelu pozoitsua izatea PSNrentzat, eta ataka estuan jartzea Nafarroako Gobernua bera.

Izan ere, Esparzak berak behin baino gehiagotan gogorarazi duenez, PSNk sutsuki egin du PAIren alde azken legealdietan —«Familiek nahiago dute ingelesa euskara baino», irakur daiteke PSNren 2019ko hauteskunde programan, zurian beltz—, hortaz, alderdiaren jarrera historikoarekin koherentea izanen litzateke Navarra Sumaren zuzenketak bere horretan onartzea. Aitzitik, atzera egiteak eraginen luke lege proposamena bertan behera gelditzea, PSN eta Navarra Suma ez beste talde parlamentario guztiek iragarria baitute kontra bozkatuko dutela. Porrot handia Txibiterentzat, hauteskundeetarako urtebeteren faltan.

Esparzaren exijentziei men egiteak, ordea, badu arriskurik sozialistentzat. Giroa gaiztotuta dago gobernuari eusten dioten alderdien artean, batez ere hizkuntza politikari lotutako auzietan. PAI blindatzeko lege proposamenak are gehiago handitu du PSNren eta Geroa Bairen arteko arrakala, eta, egoera horretan, Navarra Sumaren zuzenketak onartzeak gobernu koalizioa leherraraz lezake. Zirt edo zart egin beharko du PSNk gaur: gobernukideen konfiantza berreskuratzen saiatu, edo eskuinarekin aliantzak estutu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.