PAI blindatzeko asmoa berretsi du PSNk, ingelesa eskakizun bihurtuta

Lege proposamenari buruzko azalpenak eman ditu Gimeno kontseilariak. PSNk eta Navarra Sumak biharko osoko bilkuran onartu nahi dute araua, Nafarroako Kontseiluaren irizpenaren zain egon gabe

LAB, Steilas, ELA eta UGT sindikatuek protesta egin zuten atzo Nafarroako Parlamentuaren aurrean, PAI blindatzeko lege proposamenaren aurka. BERRIA.
Ion Orzaiz.
2022ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
PAI ingelesez ikasteko programa legez blindatu nahi du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenok (PSN). Argi du prozedura: irakasle izateko lan deialdi publikoetan baldintza gisara jartzea ingelesaren ezagutza —edozein espezialitatetan, ez soilik Ingeles irakasleen postuetan—, eta, era horretan, PAI ikastetxeetako lanpostuak «egonkortzea». Prozedura ez ezik, bidelaguna ere hautatu du PSNk: Navarra Suma. Lege proposamena aurkeztua dute Nafarroako Parlamentuan, eta biharko osoko bilkuran onartu nahi dute, horretarako gehiengoa baitute bi taldeek.

Kontra azaldu dira gainerako indar politikoak, baita Maria Txibiteren gobernuko kide direnak ere. Atzo, lege proposamenari buruzko azalpenak eman zituen Hezkuntza kontseilariak parlamentuan, EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Duguk hala eskatuta. Gimenoren esanetan, «langileen baldintzak hobetzeko» xedez erabaki dute legea aldatzea: «PAIri dagokionez, behin-behinekotasuna %70ekoa da, eta hori konpondu beharra dago».

Espainiako 276/2007 Errege Dekretuak, ordea, ez du baimentzen ingelesa lanpostu publiko baterako baldintza orokor gisa ezartzea —gaztelania edo euskara soilik izan daitezke eskakizun—. Gimenok aitortu du Hezkuntza Departamentuak bi urte daramatzala Espainiako Gobernuarekin negoziatzen, baina «ezinezkoa» izan dela PAIk berezkoa duen ezegonkortasun hori konpontzeko bide bat adostea eta, hortaz, lege propio bat egitea dela konponbide bakarra, «autogobernua baliatuta». Era horretan, ordea, Nafarroako Gobernuaren deialdietan lanpostua lortzen duten irakasleek zerrenda bereizia osatuko lukete, herrialderako soilik. Horrek «zerrenda paraleloak» eta «lan baldintza desorekatuak» sortuko dituela salatu dute oposizioko taldeek.

Kontseilariak presazko izaera eman dio proposamenari, gainera, hamazazpi eguneko tramitearen ostean iritsiko baita osoko bilkurara. Are: PSNk eta Navarra Sumak ez dute beharrezkotzat jo Nafarroako Kontseilua prestatzen ari den irizpena aintzat hartzea, eta txostena jaso baino lehenago bozkatuko dute araua.

Babes bakarra, eskuinetik

Hezkuntza batzordean, Navarra Sumako eledun Pablo Gonzalez izan da, PSNko ordezkariak kenduta, proposamenari babesa agertu dion bakarra, «PAI arrakastatsua delako eta familien %70ek eskatzen dutelako». «Harago» joateko ere galdegin du koalizio eskuindarreko eledunak, «PAI programari eredu izaera emanez».

Gainerako talde parlamentarioak kritiko azaldu dira lege proposamenarekin. Geroa Bairen izenean, Maria Solana legebiltzarkideak salatu du Hezkuntza Departamentuak «hizkuntza ofizial izaera» eman nahi diola ingelesari herrialde osoan, «euskarari ezarritako zonifikaziorik gabe». Lege proposamenak, gainera, «zalantza juridiko ugari» eragiten dizkiela esan du.

EH Bilduko Bakartxo Ruizek burugabekeriatzat jo du PAI blindatu nahi izatea, «Madrilen edo Gaztela-Mantxan, esaterako, PSOE hasia baita kontrako bidea urratzen». Txarretsi du PSNk «presaka eta korrika» onartu nahi duela legea, «hamazazpi egunetan, tartean Aste Santua egonda, eta Nafarroako Kontseiluaren irizpenaren zain egon gabe». Hezkuntza Departamentuak «kazike baten erara» jardun duela salatu du.

Ezkerra taldeko Marisa de Simonentzat, «ausarkeria» da legea onartu nahi izatea Nafarroako Kontseiluaren irizpenik gabe ere: «Erakundeek ebazten badute proposamena legez kanpokoa dela, zer? Zer ziurtasun juridiko eskainiko diezue irakasle postua lortzen dutenei? Zenbat distortsio eta errekurtso ekarriko ditu burutazio honek?», galdetu du.

Sindikatuen protesta

Gimenoren agerraldiaren aurretik, legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egin zuten LAB, Steilas, ELA eta UGT sindikatuek, lege proposamenarengatik protesta egiteko. Elkarteon esanetan, «eskubide desberdinak dituzten bi irakasle talde» sortuko ditu arauak, eta «ziurgabetasun juridikoa» eraginen die funtzionarioei: «Urteak daramatzagu Departamentuari eskatzen lanpostu guztiak egonkortu ditzala, baina hori ezin da egin araudia kontuan hartu gabe eta beste langileen egonkortzea zailtzen duten baldintzak gehituz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.