Fedearen kontrako proposamenik ez du Jesus. Hurbilketa historikoa liburuak, baina zuzenketa batzuk egin beharko dizkio Jose Antonio Pagolak, eta Eliza katolikoak ez dio inprimatur baimena eman, ez du bere doktrina barruan txertatuko, beraz. Pagolak berak eman du Fedearen Doktrinarako Kongregazio Erromatarrak hartu duen erabakiaren berri, gutun batean.
Orain sei urte argitaratu zuen liburua Pagolak. Juan Maria Uriarte orduko Donostiako elizbarrutiko gotzainak nihil obstat agiria eman zion. Inprimatzeko trabarik ez ziola ikusten erabaki zuela, alegia. Espainiako Gotzainen Batzarrak, ordea, bestela ikusi zuen. Doktrina ohar bat kaleratu zuen, eta Jesus Nazaretekoaren historia «manipulatu» zuela egotzi zion. 2010ean liburu dendetatik erretiratu zuten Pagolaren lana. Ordurako bederatzi edizio kaleratuak zituen. Fedearen Doktrinarako Kongregazio Erromatarrak orain bi urte hasi zuen Pagolaren lanari buruzko prozesua, Eliza katolikoaren doktrinarekin bat zetorren ebazteko.
Egunotan hartu du erabakia kongregazioak. «Kongregazioak aitortu du nire liburuak ez daukala fedearen aurkako proposamenik batere», esan du Pagolak berak, erabaki jakin orduko. Liburuaren metodologiari buruz, baina, ohar batzuk egin dizkio kongregazioak. «Nahasketak eta gaizkiulertuak ekideteko», hurrengo argitalpenetan Pagolak berak bost puntutan zehaztuak zituen aldaketak txertatzeko eskatu dio. Onartu egin du Pagolak, eta laster liburuaren edizio berritua kaleratuko dela azaldu du.
Babestu dutenei eskerrak eman dizkie Pagola teologoak. Adierazi du jarraituko duela egungo gizon-emakumeek «Jesusen nortasun zirraragarria» hobeto ezagutu dezaten lanean.
Munillaren aurkako kritikak
Berri horrekin batera iritsi da Eutsi Berrituz kristau taldeak Jose Ignacio Munilla gotzainaren gainean egin duen balorazioa. Hiru urte daramatza karguan Munillak. Eutsi Berrituz taldeak uste du «pastoral bizitza ahuldu» duela gotzainak, euskararen erabilerari indarra kendu diola eta «desatxekimendua» eragin duela elizbarrutiko kideen artean. Elizbarrutiak hiru hamarkadatan egin duen bidearen kontra egitea eta laikoen ekarpenei muzin egitea leporatu diote. Elizbarrutiaren jarduera Munillarenganako atxikimendua dutenengana murriztea ere aurpegiratu diote.
Pagolaren liburua ez da fedearen kontrakoa
Fedearen Doktrinarako Kongregazioak erabaki du 'Jesus. Hurbilketa historikoa' liburuak ez duela doktrina urratzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu