Pagola ikertzen ari da Vatikanoa, liburuak dotrina jarraitzen duen argitzeko asmoz

Inkisizioaren oinordeko erakundea ari da 'Jesus. Hurbilketa historikoa' lana aztertzen, Pagolak berak onartu duenez

Erredakzioa
Donostia
2011ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Zeresana sortu zuen kaleratu berritan, eta, hiru urte pasatuak direnean, hala segitzen du. Vatikanoak ikerketa hasi du Jose Antonio Pagolaren Jesus. Hurbilketa historikoa liburuari buruz. Hala jakinarazi dute hainbat hedabidek, eta, asteburuan Espainiako egunkari bati emandako elkarrizketa batean, Pagolak berak onartu du Vatikanoa ari dela liburua aztertzen: «Fedearen Irakasbiderako Kongregazioaren eskuetan dago liburua, Erromaren azken hitzaren zain». Inkisizioaren oinordeko erakundea da Fedearen Irakasbiderako Kongregazioa.

Luze joko du azterketak —zenbat iturriren arabera, bi eta lau urte artean—, batzordeak hainbat txosten aztertu eta egileari berari galdera mordoa helarazi ohi baitizkio. Bederatzi argitaraldi izan ditu liburuak, eta sei hizkuntzara itzulia dute; 80.000 ale baino gehiago salduak dituzte. Gaur egun merkatuan topatzea, ordea, beste kontu bat da; iazko martxoan, PPC argitaletxeak erretiratu egin zuen liburu arrakastatsua.

Espainiako gotzain hainbaten presio handiaren ondoren hartu zuen erabakia PPCk. Espainiako Gotzainen Biltzarrak agiria egin zuen liburuari buruz, eta Jesusen irudia «desitxuratzea» egotzi zion Pagolari, Jesusen jainko irudia ez zuelako eman. Ordurako, zortzigarren argitaraldia zen kalean.

Uriarteren bermeak, ezbaian

Polemika bizi-bizi zen garaian, esku hartu zuen Joan Maria Uriartek, orduan Donostiako Elizbarrutiko gotzain zenak. Liburua aztertu, eta bi baimen eman zizkion: Nihil obstat (eragozpenik ez) eta Imprimatur (argitaratu). Horiek emateko, Uriartek Pagolari eskatu zion berriro aztertzeko liburuko pasarte batzuk; hala egin zuen hark: liburuaren pasarte batzuk moldatu zituen, eta lanaren izaerari buruzko kapitulu bat gehitu.

Horrekin ez ziren polemikak amaitu, eta Vatikanoraino bertaraino heldu da oihartzuna. Hala hasi du ikerketa. Liburua zilegitzat ez jotzekotan, ezbaian jarriko luke Uriarte gotzaina. Are, eliz gaietan aditu diren hainbat hedabidek diote Uriartek emandako bermeak ezeztatu dituztela jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.