Non dago Mikel? dokumentala ostiralean iritsi zen Hego Euskal Herriko eta Espainiako zinema aretoetara. Milaka pertsona joan dira filma ikustera, eta horien artean baita Espainiako Gobernuko kideak ere. Ostiralean Madrilen egin zen estreinaldian Pablo Iglesias presidenteordea eta Irene Montero Berdintasun ministroa izan ziren, eta argazkia atera zuten Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas zuzendariekin batera. Dokumentalaren amaieran, Iglesiasek adierazpen argiak egin zituen torturaren erabilera arbuiatuz: «Demokrazia batek ezin du onartu, terroristarik odoltsuenaren informazioa lortzeko mekanismo prozesal gisa, torturak aplikatzea. Hori Espainian gertatu da, eta nik, gobernuko kide gisa, esan nahi dut hori ezin dela ahaztu. Gure demokraziarentzat lotsagarria da».
Ostiral gauekoa ez zen zinema plan hutsa izan Iglesias eta Monterorentzat, presidenteordeak azaldu zuenez: «Hemen egotea erabaki politiko bat da». Enrique Rodriguez Galindo jenerala hil berritan, Vox alderdiak haren oroimena jendaurrean aldarrikatu izana mingarria egin zitzaion Iglesiasi: «2021ean zenbait gauza entzun behar izatea oso larria da, eta hemen egon nahi nuen, gobernuko kide gisa, demokratak garenok eta zuzenbide estatuak demokratikoa izan behar duela defendatzen dugunok herri honetan tortura mekanismo prozesala onartezina dela esateko. Intxaurrondon horrela izan zen».
Espainiako Kongresuan bozketa egin zen iazko uztailean Felipe Gonzalez presidente ohiaren eta GALen arteko harremanak ikertuko zituen batzorde bat sortzeko. Podemosek alde bozkatu zuen, baina aurretik aurkako jarrera azaldu zuen, eta horrek zalaparta sortu zuen. Pablo Echenique koalizioko bozeramaileak, hala esan zuen: «Mundu guztiak daki zer gertatu zen».
Pablo Iglesias: «Demokrazia batek ezin du onartu torturak aplikatzea»
'Non dago Mikel?' filmaren estreinaldian izan zen ostiralean Espainiako presidenteordea Irene Montero Berdintasun ministroarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu