Non dago Mikel? dokumentala atzo iritsi zen Hego Euskal Herriko zein Espainiako zinema aretoetara. Milaka pertsona joan dira filma ikustera, eta horien artean baita Espainiako Gobernuko kideak ere. Madrilen egin zen estreinaldian Pablo Iglesias presidenteordea eta Irene Montero Berdintasun ministroa izan ziren Amaia Merino eta Miguel Angel Llamas zuzendariekin batera. Dokumentalaren amaieran Iglesiasek torturaren erabilera errefusatu zuen: «Demokrazia batek ezin du onartu, terroristarik odoltsuenaren informazioa lortzeko mekanismo prozesal gisa, torturak aplikatu izatea. Eta hori Espainian gertatu da, eta nik, Gobernuko kide gisa, hori ezin dela ahaztu esan nahi dut. Gure demokraziarentzat lotsagarria da».
Atzo gauekoa ez zen ostiral gau bateko zinema plan hutsa izan Iglesias eta Monterorentzako, presidenteordeak azaldu zuenez: «Hemen egotea erabaki politikoa da». Enrique Rodriguez Galindo jenerala hil berritan, Vox alderdiak bere oroimena jendaurrean aldarrikatu izana mingarria egin zitzaion Iglesiasi: «2021ean zenbait gauza entzun behar izatea oso larria da eta hemen egon nahi nuen, gobernuko kide gisa, demokratak garenok eta zuzenbide-estatuak demokratikoa izan behar duela defendatzen dugunok, herri honetan tortura mekanismo prozesala onartezina dela esateko. Intxaurrondon horrela izan zen».
Torturaren erabilera onartu eta errefusatu zuen horrela Espainiako Gobernuko kide batek, horrek demokrazia defendatzen baitu Iglesiasen arabera, «baita familiarekin solidarioak izatea ere».