Pablo Ibarrentzako «epaiketa justu bat» eskatu dute senideek Gasteizen

Presoak 27 urte daramatza kartzelatuta, Floridan; haietako hamabost, heriotzaren korridorean. Senideek babesa eskertu dute, hunkituta

Ezkerretik hasita: Candido Ibar, Andres Krakenberger eta Tanya Ibar. L. RICO / EFE.
unai etxenausia
Gasteiz
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Pablo Ibarrek 27 urte daramatza Floridako kartzela batean preso,Estatu Batuetan. Haietako hamabost egin zituen heriotzaren korridorean. 1994an klub batean lanean ziharduten bi neska hiltzea egotzita, heriotza zigorra ezarri zioten Ibarri. Errugabea dela adierazi izan du, eta Ibarrentzako «epaiketa justu bat» eskatu dute Gasteizen. Euskal Herrira etorri da Ibarren familia, haren epaiketa prozesuaren azken albisteen berri emateko eta Ibarren Euskal Herriko familia bisitatzeko. Euskal Herrian jaso duten babesa eskertu nahi izan du familiak.

Agerraldian izan dira Andres Krakenberger Pablo Ibar-Epaiketa Justua elkarteko bozeramailea, Candido Ibar, Pabloren aita, eta Tanya Ibar, Pablo Ibarren emaztea. Ibarren defentsak 2016an lortu zuen heriotzara kondenatzen zuen 2000. urteko epaia baliogabetzea, auzitegiak ez zituelako nahikotzat jo fiskalak aurkeztutako frogak. Halere, berriz epaitu zuten 2019ko maiatzean, eta bizi guztiko espetxealdia betetzera zigortu zuten. Ibarren defentsak azken epaiketaren apelazioa aurkeztu du Estatu Batuetako Floridako 4. Barruti Judizialeko Apelazioetako Auzitegian. Epaileak onartzen badu, lehen aldiz kondenatu zutenetik egin den laugarren epaiketa izango litzateke.

Denboran atzera egin izan balute bezala sentitzen da Krakenberger. Izan ere, Floridako Auzitegi Gorenak heriotza zigorra baliogabetu zuenean, berriz hasieratik hasi zuten apelazio kate guztia. «Behetik hasi da prozesu guztia», esan zuen Krakenbergerrek, eta salatu azken epaiketan ere fiskaltzak irregulartasun larriak izan zituela. Krakenbergerrek uste du urte hasierarako izango dutela fiskaltzak aurkeztutakoaren berri. Gero, fiskaltzak adierazitakoaren aurkako argumentuak aurkeztea espero du defentsak.

Aurrera egiteko sostengua

«Eskerrik asko; zuek gabe galduta egongo ginateke». Hunkituta mintzatu zaizkie hedabideei Candido Ibar, Pabloren aita, eta Tanya Ibar, Pabloren emaztea. Azken epaiketan bizi guztiko espetxealdira zigortu zutenean «ezin sinetsita eta garaituta» atera zela aitortu dute. Azken bisitan «askoz hobeto, animosoago eta borrokatzeko gogoz» ikusi dutela esan dute.

Garestiak izan ohi dira epaiketak. Krakenbergerrek esan du epaileak defentsari arrazoia ematen badio 1.100.000 dolar inguruko kostua izango duela. Finantzaketa kolektiboko kanpaina bat abiatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.