Pablo Ibarren defentsak eskatu du bertan behera uzteko bizi guztiko kartzelaren kondena

Floridako tribunal baten aurrean egin berri dute auzi saioa bart, bideokonferentzia bidez. Candido Ibar aitak adierazi du berriz egin behar dela epaiketa.

Pablo Ibar bizi osorako espetxe zigorrera kondenatu zutenean, 2019an. AMY BETH BENNETT/ EFE
Isabel Jaurena.
2023ko martxoaren 1a
11:53
Entzun

Pablo Ibarren defentsak adierazi du ez dagoela «froga sendorik» Ibarrek bizi guztiko kartzela izateko, eta eskatu du kondena hori bertan behera utzi dezatela. Joe Nascimiento letraduaren arabera, ustez Ibar hilketarekin lotzen duen DNA frogan zaintza katea hautsi zen. Eta, gainera, akusazioaren lekuko nagusiarengan Poliziak «eragin» zuen.

Floridako West Palm Beach tribunalaren aurrean egin zen atzo auzi saioa, bideokonferentzia bidez. Han, Nascimientok hamabi arrazoi eman zituen Ibarren bizi guztiko kartzela zigorra bertan behera uzteko, eta bertze epaiketa bat egiteko «legezko berme guztiekin». Candido Ibar aitak auzi saioa ikusi ahal izan zuen, eta gaur Euskadi Irratian adierazi du epaiketa berriz egin beharko litzatekeela: «Horretarako nahiko froga badago. Baina noren esku dagoen erabakia, haren zain egon behar».

1994ko ekainean, hiru pertsona hiltzeaz erruduntzat jo zuen epaimahai batek Pablo Ibar. 2000. urtean izan zen lehenbiziko auzia, eta heriotza zigorra jarri zioten. 2016an, baina, lehenbiziko sententzia hura bertan behera utzi zuten, Ibarren aurka zeuden frogak ez zirelako sendoak. 2019an kondenatu zuten bizi guztiko kartzelara.

Duela lau urte egin zen bigarren epaiketa hartan, fiskaltzak DNA froga bat aurkeztu zuen. Nascimientok, ordea, froga hori zalantzan jarri berri du. Haren erranetan, ordura arte egin ziren azterketa guztietan emaitzak negatiboak izan ziren. Hau da, «ez zegoen aztarna biologikorik» frogatzen zuenik Ibar hilketak gertatu ziren lekuan egon zela. Gehitu du DNA zantzuak kamiseta batean aurkitu zituztela, «kantitate hutsaletan»: «Frogen zaintzan gertatutako nahi gabeko kutsatze baten ondorioa besterik ezin da izan».

Izan ere, zaintza katea «oso akastuna» izan zen: kamiseta zegoen poltsako babes zigilua erdi irekia iritsi zen laborategira. Nascimientok gogoratu zuen 2000. urtean egindako dokumental batean ikusten ahal dela kasuari buruzko frogak «banaka bildu gabeko» kutxetan gordetzen zirela, eta fiskalak eskularrurik gabe «manipulatzen» zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.