Pablo Ibarren bizi guztiko kartzela zigorra berretsi du Floridako Apelazio Auzitegiak

Floridako Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari dira Ibarren defentsa abokatuak

Pablo Ibar Bidezko Elkartearen agerraldia, astertean, Eusko Legebiltzarrean. RAUL BOGAJO/ FOKU
edurne begiristain
2023ko apirilaren 20a
11:45
Entzun

Pablo Ibar Bidezko Epaiketa elkarteak jakitera eman duenez, Floridako laugarren barrutiko Apelazio Auzitegiak Pablo Ibarren bizi osoko kartzela zigorra berretsi du, defentsaren helegitea atzera bota ondotik; hain zuzen, Ibarrek gaur egun betetzen duen zigorra baliogabetzea eta beste epaiketa bat egitea eskatzen zuen helegiteak. Joe Nascimento abokatuak emandako argudio guztiak atzera bota ditu auzitegiak, eta, elkarteak salatu duenez, «erabakia arrazoitu gabe hartu du». Epaia «kolpe handia» izan da Ibarren familiarentzat, elkartearen arabera. Floridako Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko aukera aztertzen ari da orain defentsa.

Pablo Ibarri 2019an ezarritako bizi guztiko zigorra berresteko epaian, magistratuek diote haren defentsak helegitean aurkeztutako hamabi gairen artean batek ere ez duela merezi atzera botatzea. Otsailaren 28an aurkeztu zuen defentsak Ibarren bizi osoko kartzela zigorra bertan behera uzteko 125 orrialdeko helegitea; bertan, hamabi arrazoi eman zituen argudiatzeko Ibarrek ez zuela epaiketa justua izan. Floridako Apelazio Auzitegiak hamabi argudio horietatik bati baino ez dio heldu –Dennis Bailley epailearen ustezko inpartzialtasunari–, eta, beraz, Ibarrek Floridako Auzitegi Gorenaren berrikuspena eskatzeko duen gaitasunari «kalte handia» egin diola uste du Ibarren defentsak.

Horrela, bada, Ibarren abokatuak mozio bat aurkeztuko du apelazio auzitegi horri eskatzeko bere erabakia berriz azter dezala eta idatzi bat egin dezala, gai guztiei heltzeko eta ondoren Floridako Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkeztu ahal izateko. Pablo Ibar Bidezko Epaiketa elkarteak gogoratu du Floridako Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuela Seth Peñalver beste akusatuaren kondena 2006an, eta bertan behera utzi zuela Ibarren aurreko zigorra 2016an, haren aurkako frogak «urriak eta ahulak» zirela iritzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.