Pablo Gonzalezen sendiak Sanchezi eskatu dio esku har dezala auzian

Oihana Goirienak Espainiako presidenteari galdegin dio «bitartekari lana» egin dezala Poloniarekin, «epaiketa justu bat bermatzeko»

Goiriena (eskuinean) eta Gonzalo Boye abokatua, Legebiltzarrean. D. AGUILAR / EFE.
Ion Orzaiz.
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Pablo Gonzalezen auzian «esku har dezala» galdegin dio Polonian atxilotutako kazetariaren familiak Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi. Efe agentziak jasotako adierazpenetan, Oihana Goirienak, Gonzalezen bikotekideak, Espainiako gobernuburuari eskatu dio «bitartekari lana egin dezala», kazetariak «defentsa eta epaiketa justuak izanen dituela» bermatze aldera.

Ostiralean, Gonzalezen behin-behineko kartzelaldia luzatzeko galdegin zuen Poloniako Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Fiskaltzak. Przemysl hiriko epaitegiak datorren asteartean erabakiko du eskaera onartu edo ez. Goirienak, baina, ez du esperantza handirik jarrita auzitegiaren erabakian: «Aurrekoetan ere, epaileak men egin die fiskaltzaren eskakizunei, eta, tamalez, hala izanen da oraingoan ere». Are: Goirienak gaineratu du fiskaltzaren eskaerak ez dituela ezustean harrapatu: «Hasieratik argi utzi zidaten, bai kontsulak bai Poloniako abokatuak, hala izan ohi dela. Polonian, sei hilabeteko behin-behineko espetxealdia ez da ezohikoa, ez dute uste epe luzea denik».

Hori dela eta, Espainiako presidenteari galdegin dio Poloniarekin hitz egin dezala: «Ez defentsako abokatu gisa, Pablok badu abokatu bat horretarako, baizik eta oinarrizko eskubideak berma diezazkioten, eta ziurtatzeko defentsa eta epaiketa prozesuak justuak izanen direla». Besteak beste, familiarekin hitz egiteko eta konfiantzazko abokatu bat izateko eskubideak aldarrikatu ditu Gonzalezen bikotekideak.

Honako hau, baina, ez da Espainiako Gobernuari eskaera hori egiten dioten lehen aldia: uztailean, Sanchezek Varsoviara egin beharreko bidaia ofizial baten harira, gauza bera galdegin zioten Espainiako presidenteari. Sanchezen erantzuna: Poloniako agintariek eta sistema judizialak Espainiako Gobernuaren «konfiantza osoa» dutela esatea.

Harremanak, gutun bidez

Radio Euskadi irratian eginiko elkarrizketan, Goirienak azaldu du familiak bide bakarra duela atxilotutako kazetariarekin hitz egiteko: gutun bidez. «Ezin dugu harekin zuzenean hitz egin. Ez dizkiote baimendu telefono deiak, ezta bisitak ere». Gainera, salatu du idatzizko komunikazioa «atzerapen handiarekin» iristen zaiela, «zentsuragatik»: «Aste honetan jaso ditugu azkenak, eta ekainekoak dira». Horietan, Gonzalezek senide eta lagunei esan die «ongi» dagoela osasunez, baina «triste»: «Harentzat gogorra da, sei hilabete daramatzalako familiarekin kontakturik izan gabe; ezin seme-alabak ikusi, ezin haiekin hitz egin...».

Otsailean atxilotu zuten Gonzalez, Ukrainako mugatik kilometro gutxira. Errusiako zerbitzu sekretuetako agente izatea leporatu zioten, eta, akusazio horren arabera, hamar urterainoko kartzela zigorra ezar diezaiokete kazetariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.