Pablo Gonzalezen espetxealdia hiru hilabetez luzatu du Poloniak

Amnesty International eta Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeek Gonzalez askatzeko eskatu dute, eta «irregulartasunak» salatu dituzte

Iosu Alberdi - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2023ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Urtebete igaro da Poloniako Poliziak Pablo Gonzalez euskal kazetaria atxilotu eta espetxeratu zuenetik, eta Poloniako auzitegi batek atxiloaldia hiru hilabetez luzatzea erabaki zuen atzo. Maiatzaren 24ra arte izango du preso , RSF Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak jakinarazi duenez. Poloniako justiziak Gonzalez «preso arriskutsutzat» jotzen duenez, baldintza «bereziki gogorrak» pairatu behar ditu espetxean. RSFk salatu du Gonzalezek eskuburdinak eraman behar dituela une oro, ezin dela bere zeldatik atera eta kartzelako funtzionarioek «biluztera» behartzen dutela «egunean zenbait aldiz».

Gainera, RSFk salatu du astean behin dutxatzeko aukera baino ez duela izan Gonzalezek. Bere atxiloaldia «ahalik eta azkarrena» amaitu behar dela adierazi du erakundeak, eta ez da bakarra izan. Urteurrena baliatuta, AI Amnesty International erakundeak kezka adierazi du Gonzalezen bakartze egoeragatik, eta hura askatzeko eskatu du. Poloniako fiskal nagusiarengana jo du horretarako, baina ez du haren erantzunik jaso.

Ukrainaren eta Poloniaren arteko mugatik kilometro gutxira atzeman zuten Gonzalez, iazko otsailaren 27an. Ukrainako gerrak eragindako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zen eremuan. Poliziak, baina, Errusiako zerbitzu sekretu militarrentzat lan egitea leporatuta atxilotu zuen. Orduan, hiru hilabeteko behin-behineko espetxealdia ezarri zioten, baina hura luzatuz joan da Rzeszowko Auzitegia.

Egun, Gonzalezek badu harremana bere abokatuarekin —Gonzalo Boye—, eta Espainiako Estatuak Polonian duen kontsulak bisitatu izan du. Halere, Amnesty Internationalek salatu du irregulartasunak nabari direla prozesuan; besteak beste, atxiloaldiko lehen hamasei egunetan ez zuen ezein ofiziozko abokatuk bisitatu, eta bi hilabete igaro arte ezin izan zuen abokatu bat aukeratu.

Horiek prozesu bermedun baten aurkako erabakiak direla gehitu du erakundeak, eta, beraz, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren kontrakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.