Polonian atxilotuta daukaten Pablo Gonzalez kazetariaren aferari heltzeko exijitu diote dozenaka kazetarik eta abokatuk Espainiako Gobernuko Atzerri ministro Jose Manuel Albares Buenori. Zehazki, eskatu diote Poloniako Gobernuari Gonzalez Espainiaratzeko, hura aske uzteko eta «prozesu justu bat bermatuko duen prozesu judizial bat» abiatzeko. «Espainiako Gobernuak eta Europako Batasunak ezin dute segitu baimentzen Espainiako, Europako herritar batek baldintza hauetan atxilotuta jarraitzea, ezta Europako Batasuneko estatu batek hain modu tematian bere oinarrizko eskubideak urratzea ere», salatu dute.
Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten, Przemyslen (Polonia), Errusiak Ukrainari egindako erasoak sortutako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zela. Errusiako zerbitzu sekretu militarrarentzat lan egitea leporatzen diote, eta hamar urteko kartzela zigorra jar diezaiokete horregatik. Inkomunikatuta dago Gonzalez, baita haren abokatuarengandik ere. «Defentsarako eskubidea» urratzen du horrek, agiriaren sinatzaileen esanetan, zeina Giza Eskubideen Europako Hitzarmenean jasota baitago.
Gainera, Poloniako Fiskaltzak bi aldiz luzatu du Gonzalezen atxiloaldia, eta, ondorioz, bi urtez hala egoteko arriskua duela ohartarazi dute. Guantanamoko (Kuba) atxiloketa eremuan dauden presoen egoerarekin parekatu dute harena.
Sinatzaileen artean daude honako kazetari eta abokatu hauek: Teresa Aranguren, Begoña Lalana, Gonzalo Boye, Endika Zulueta, Olga Rodriguez, Martxelo Otamendi, Benet Salellas, Pascual Serrano, Mirta Nuñez Kazetaritza, Jose Manuel Marin Medem, Rafael Fraguas, Jose María Patiño, Marcelo Camacho Samper, Javier Couso, Miguel Riera eta Javier Saenz Munilla. Baita Euskal Herriko hedabideetan jarduten duten hainbat kazetarik ere; besteak beste, Amaia Goikoetxea Kazetarien Euskal Elkargoko dekanoa, Iker Bizkarguenaga Gara-ko kazetaria, Ainhoa Mujika El Diario Vasco-koa eta Xabier Lapitz EITBkoa.