Urtebete igaro da Poloniako Poliziak Pablo Gonzalez euskal kazetaria atxilotu eta espetxeratu zuenetik, eta Poloniako auzitegi batek atxiloaldia hiru hilabetez luzatzea erabaki du gaur. Ondorioz, gutxienez maiatzaren 24ra arte jarraituko du preso euskal kazetariak, RSF Mugarik Gabeko Kazetariak erakundeak jakinarazi duenez. Poloniako justiziak Gonzalez «preso arriskutsutzat» jotzen duenez, baldintza «bereziki gogorrak» pairatu behar ditu espetxean. RSFk salatu du Gonzalezek eskuburdinak eraman behar dituela une oro, ezin dela bere zeldatik atera eta kartzelako funtzionarioek «biluztera» behartzen dutela «egunean zenbait aldiz».
Gainera, RSFk salatu du astean behin dutxatzeko aukera baino ez duela izan Gonzalezek. Bere atxiloaldia «ahalik eta azkarren» amaitu behar dela adierazi du erakundeak, eta ez da bakarra izan. Urteurrena baliatuta, AI Amnesty International erakundeak kezka adierazi du Gonzalezen bakartze egoeragatik, eta hura askatzeko eskatu du. Poloniako fiskal nagusiari zuzendu zaio horretarako, baina ez du haren erantzunik jaso.
Ukraina eta Polonia arteko mugatik kilometro gutxira atzeman zuten Gonzalez, iazko otsailaren 27tik 28rako gauean. Ukrainako gerrak eragindako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zen eremuan. Poliziak, baina, Errusiako zerbitzu sekretu militarrentzat lan egitea leporatuta atxilotu zuen. Orduan, hiru hilabeteko behin-behineko espetxealdia ezarri zioten, baina hura luzatuz joan da Rzeszowko Auzitegia. Hamar urteko kartzela zigorra jar diezaiokete.
Egun, Gonzalezek badu harremana bere abokatuarekin —Gonzalo Boye—, eta Espainiako Estatuak Polonian duen kontsularen bisitak jaso ditu. Halere, Amnesty Internationalek salatu du irregulartasunak nabari direla prozesuan; besteak beste, atxiloaldiko lehen hamasei egunetan ez zuen ofiziozko abokatu baten bisitarik jaso, eta bi hilabete igaro arte ezin izan zuen abokatu bat aukeratu.
Horiek bermedun prozesu baten aurkako erabakiak direla gehitu du erakundeak, eta, beraz, Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunaren eta Europako Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunaren kontrakoak.
AIk salatu du bere senide eta lagunekin «harreman zuzen eta erregular bat» izatea galarazi zaiola Gonzalezi, eta hori «tratu gizagabea» jasotzearen baliokidea dela, «bizitza pribaturako eta familiarrerako eskubidea urratzen duelako». Izan ere, bere bikotekidearen bisita bat besterik ez du jaso urtebetean; azaroan izan zen hori. Atxilotuen eskubideen aurka doa hori, erakundeak salatu duenez: «Atxilotutako pertsonek, baita poliziaren zaintzapean eta epaiketaren zain espetxealdi prebentiboan daudenek ere, euren senide eta lagunekin komunikatzeko eta haien bisitak izateko erraztasun guztiak jaso behar dituzte».