Pablo Gonzalez kazetariak artikulu bat argitaratu du Gara eta Naiz agerkarietan, eta han azaldu du haren kontrako jazarpenak ez duela zerikusirik espioitzarekin, ezpada «kazetaritzan eta, zehazki, ikerketa kazetaritzan jardun izanarekin». Kazetariak esan du urrun atxiki nahi dutela «haien jokamoldea ongi ezagutzen» duelako eta «ahots kritikoa» duelako, eta, preso egon bitartean pairatutako egoera salatzeaz gain, erantsi du aske utzi ondoren ere jazartzen ari zaizkiola prentsaren bidez, zeinak «fiskalaren eta epailearen rola» hartu baitu.
Gonzalezek dioenez, bertatik bertara ikusi du nola jokatzen duten Europako zenbait herrialdek, «gatazkak sortuz, armak emanez eta, batez ere, gainerakoei leporatuz beraiek egiten dituzten hobenak». Haren ustez, hori dago haren kontrako akusazioen atzean: «Eta ez ni Poloniaren nazio segurtasunerako arrisku bat izatea».
Bi urte eta erdiz egon zen preso Gonzalez, eta denbora tarte horretan pairatutakoa deskribatu du bere artikuluan. Bakartuta eduki zuten gutxieneko baldintzarik ere betetzen ez zuen ziega batean, egunero miatu egiten zuten, tratu «umiliagarria» eman zioten, janaria eskasa zen, eta seme adingabeei bideo deiak egitea galarazi zioten. Horren ondorioz, hogei kilo galdu zituen preso egondako lehenengo hilabeteetan, eta birika bat larri kalteturik zuela atera zen espetxetik. «Errusiak erreskatatu izan ez banindu, seguru asko nire osasunak kalte konponezinak jasango zituzkeen. Europako justiziak ezindurik utziko nindukeen».
Hori guztia haren kontrako epaiketarik, zigorrik eta akusazio formalik egon gabe gertatu zen. Gonzalezek dioenez, hori arrunta izaten da Polonian: beste preso bat 12 urtez egon zen behin-behineko espetxealdian, eta, azkenean, epaitu zutenean absolbitu egin zuten. «Horixe zen nire etorkizuna; behin-behineko espetxealdian urteak eta urteak ematea eta, ondoren, epaiketari aurre egitea, Bruselak berak politizatutzat jo duen sistema judizial batean».
Eskubideen urraketa
Gonzalezen arabera, Poloniak eta Europako Batasuneko beste herrialde batzuek «sistematikoki» urratzen dituzte oinarrizko eskubideak. «Bitxia da ikustea nola Europako Batasunak giza eskubideak errespetatzea exijitzen dien beste batzuei, eskubide horiexek urratzen dituen bitartean».
Bere idazkian, Gonzalezek aitortu du Poloniako agintariek eskaini ziotela libre uztea, preso zegoen beste kazetari batekin trukea eginda; baina, horretarako, beharrezkoa zen akusazio guztiak onartu eta epaiketa azkar bat egitea. Gonzalezek uko egin zion horri: «Ezin duzue irudikatu zein gogorra izan zen; baina ni prest nengoen nire errugabetasuna defendatzeko».
Azkenean, libre utzi zuten, baina, dioenez, hori ez zen izan Poloniako agintarien eta zerbitzu sekretuen gogokoa, eta, horregatik, haren kontrako jazarraldiari eutsi diote, oraingoan prentsa erabilita: «Ezin izan ninduten kondenatu, eta, orain, modu ez-ofizialean kondenatu nahi naute prentsaren bitartez, zeina fiskal eta epaile gisa aritzen baita».
Trukea egin ondoren Errusiara iritsi zenean, Errusiako presidente Vladimir Putinek harrera egin zien Gonzalezi eta harekin batera askatutako beste zenbait preso ohiri. Gonzalezek dioenez, hedabide batzuek haren erruduntasunaren frogatzat aurkeztu nahi izan dute hori. «Trukean askatutako kazetari estatubatuarrari ere AEBetako presidenteak, presidenteordeak eta zerbitzu sekretuetako goi mailako ordezkariek egin zioten harrera, eta argazkiak egin zizkioten AEBetako banderarekin eta agenteekin. Hari dagokionez, guztiz normala da hori; niri dagokidanez, berriz, delitu baten froga omen da».
Bere idazkian, Gonzalezek eskerrak eman dizkie haren alde jardun duten herritar guztiei: «Ni ezagutu gabe eta erruduna edo errugabea ote nintzeneko auzian sartu gabe eskubideak banituela aitortu duzuen guztioi, eskerrik asko».