Pablo Gonzalezek hamar hilabete egin zituen atzo Polonian kartzelatuta. 304 egun, ziega batean bakartuta eta inkomunikazio egoera ia erabatekoan. Hori dela eta, urrats bat gehiago egin nahi izan dute kazetariaren senideek eta lagunek, korapilo juridikoa askatzen hasteko. Irabazi asmorik gabeko elkarte bat erregistratu dute, #FreePabloGonzalez izenekoa, auzia gizarteratzeaz gain, babes ekonomikoa eskaintzeko. Besteak beste, diru bilketa bat abiatu dute, auzibidetik eratorritako gastuak ordaintzeko eta familiari laguntza emateko.
Dagoeneko eman dute izena elkarte gisa EAEko Elkarteen Erregistro Nagusian. Oihana Goirienak, Gonzalezen bikotekideak, erakunde berriko lehendakari kargua izanen du, eta Maribel Martinezek eta Gabino Martinezekosatuko dute zuzendaritza batzordea. Gonzalezen lankide izandako Juan Teixeira fotokazetaria izanen da elkarteko bozeramailea.
«Pablo otsailaren 28az geroztik dago atxilotua Polonian. 67.296 ordu, gelaxka txiki batean, inkomunikaturik. Denbora horretan, bisita bakarra izan du: Oihana bikotekidearena, Pabloren hiru seme-alabek ez baitute aitarekin hitz egiterik izan», azaldu dute elkarteko arduradunek, sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Horrez gain, salatu dute Poloniak Gonzalezen oinarrizko eskubideak urratu dituela hamar hilabeteotan, gutunak zentsuratu dizkiolako, eta mediku arreta eta elikadura egokiak ukatu.
Elkarteak gaineratu duenez, egoera horri eusteko, «legezko bi pasaporte, bankuko txartelak eta Pablok lan egindako hedabideak» dira Poloniak orain arte aurkeztu dituen froga bakarrak: «Ebidentzia horiek nahikoak izan dira poloniarrentzat, prozesua oztopatu nahian ari baitira».
Horren ondorioz, familiak hiru abokatu talde kontratatu behar izan ditu, prozesuari aurre egiteko. «Gastu horiei gehitu behar zaie Pabloren mantenua kartzelan [300-400 euro hilean], elikadura osagarrietarako eta oinarrizko beste behar batzuetarako, hala nola espetxean ematen ez dizkioten arropa beroak erosteko».
Espetxeratzearen ondorioz gora eginiko gastuek zamatuta eta kazetariaren diru iturririk gabe, Gonzalezen familia «finantza egoera oso larrian» dela azpimarratu du Goirienak. «Aurreztua genuenaz gain, familiakoen eta hurbilekoen laguntza lortu dugu orain arte, baina behartuta gaude gizarteari laguntza eskatzera».
Ekarpenak egiteko kontua
Elkarteak diru bilketa kanpaina bat abiatu du, prozesutik eratorritako gastuak —abokatuen joan-etorriak, soldatak, tramite burokratikoak...— eta Gonzalezen mantenua pagatu ahal izateko. Kutxabanken zabaldu dute kontua: ES31 2095 0043 1091 2213 9880. Ekarpena eginda, elkarteak eskatu du mezu bat bidaltzeko [email protected] helbidera, familiak laguntza eskertzeko modua izan dezan.
Pablo Gonzalezen aldeko elkarte bat sortu dute, auzian diruz laguntzeko
Kazetariaren familiak eta lagunek osatu dute elkartea. Defentsa gastuak ordaintzeko erabiliko dituzte jasotako diru ekarpenak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu