Pablo Gonzalezek kazetaritzan lan egiten jarraitzeko asmoa dauka. Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera eta, Moskura joan ondoren, libre eta kargurik gabe dago Gonzalez, bi urte eta bost hilabete iraun duen espetxeratzearen ondoren. RT Errusiako telebistari elkarrizketa eman dio, eta kartzelan hogei kilo argaldu dela azaldu du. Espetxealdi luzearen lehen bederatzi hilabeteetan «torturak» eta bestelako «presioak» egin dizkiotela salatu du.
Halaber, aurre egin die Errusiarentzat espioitza lanean aritu delako salaketei. «Susmoak baizik» ez dizkiote egotzi, haren hitzetan. «Errusiako informazio zerbitzuei laguntzea egotzi zidaten, baina ez zidaten jakinarazi berehala. Espainiako abokatuarekin elkartzea, hori bakarrik erraztu zidaten. Hori ni atxilotu eta bederatzi hilabetera izan zen. Bederatzi hilabetera».
Egoera hori azaldu ondoren, bederatzi hilabete horietan jasandako tratu txarrak eta torturak salatu ditu kazetariak. «Bederatzi hilabetez mehatxatu eta torturatu egin ninduten, erabat. Galdetu nien: 'Zer egin dut? Zein da akusazioa?'. Esan zidaten: 'Zuk badakizu'. Eta nik ez nekien; azpimarratu egin behar dut hau: ez nekien. Informazio faltsuak zabaldu zituzten, esanez zigortua izan nintzela; eta ez, ez naute zigortu. Poloniako legean zenbait urrats daude: delitu bat egin duzulako susmoak daude; gero, horiek leporatzen dizkizute, eta, ondoren, epaiketara eramaten zaituzte».
Soilik susmoak
Gonzalezekin ez da bide hori guztia egin, kazetariak berak esplikatu duenez: «Niri soilik susmo bat egotzi zidaten, soilik susmoa; hau da, ez zidaten leporatu formalki ezer, eta ez nuen epaiketa bat eduki, noski».
Abuztuaren lehenean utzi zuten aske Gonzalez. Errusiaren eta Poloniaren arteko preso truke baten harira askatu zuten, espetxean bi urte eta bost hilabete egin ostean. Familiarekin telefonoz solastatzeko aukera izan du kazetariak. Oihana Goiriena haren emazteak azaldu duenez, Gonzalezek Euskal Herrira itzuli nahi du, baina lehenbiziko guztiz osatu nahi du. Horrez gain, nortasun agiria eta pasaportea ere behar ditu, Poloniak ez baitizkio itzuli oraindik. Hortaz, ez dago argi noiz itzuli ahalko den. RT telebistari kazetariak berak esan dio bere lana berreskuratu nahi duela, eta kazetaritzan jarraitu.