Pablo Gonzalezek senideen eta lagunen bisita izan du espetxean

Senideen hirugarren bisita izan da, bi urte eta hiru hilabeteko epean. Kazetariaren lagunek estreinako aldiz izan dute hura bisitatzeko aukera.

Pablo Gonzalezen aldeko elkarretaratze bat, Gernikan (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU
Pablo Gonzalezen aldeko elkarretaratze bat, Gernikan (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU
gotzon hermosilla
2024ko maiatzaren 14a
16:00
Entzun

Pablo Gonzalez kazetaria espetxean dago oraindik ere, 2022ko otsailean Poloniako zerbitzu sekretuek atxilotu zutenetik, espioitza lana egiteaz akusatuta. Denbora tarte horretan, Gonzalezen senitartekoek eta haren aldeko sostengu taldeko kideek behin baino gehiagotan salatu dute kazetaria inkomunikatuta dagoela Radom segurtasun handiko espetxean (Polonia), eta zailtasun handiak dituela telefono deiak egiteko eta bisitak jaso ahal izateko. Orain, Publico agerkariak jakinarazi duenez, senideen eta lagunen bisita izan du Gonzalezek.

Senitartekoei dagokienez, Oihana Goiriena bikotekideak eta haien seme nagusiak bisitatu dute. Poloniako agintariek jarritako oztopoak direla eta, Goirienak eta Gonzalezek hiru aldiz baino ezin izan dute elkar ikusi bi urte eta hiru hilabeteko epean. Semeak, berriz, bigarren aldiz ikusi du aita hura espetxeratu zutenetik. Goirienak esan du Gonzalez «osasunez ongi, aldarte onean eta itxaropentsu» dagoela, eta kazetariak espero duela Poloniako agintariek behingoz haren kontrako akusazioak zehaztea, «horren aurrean bere burua defendatu ahal izateko». Bisitak bi ordu iraun du, eta Poloniako zerbitzu sekretuen zaintzapean egin dute.

Publico-kazaldu duenez, kazetariaren bi adiskidek ere hura bisitatu dute duela gutxi. Berritasun handia da hori, orain arte senideek, abokatuek eta Espainiak Polonian duen kontsulak baino ezin izan baitute bisitatu Gonzalez.

Gonzalez atxilotu zutenetik bi urte betetakoan BERRIAk egindako elkarrizketa batean, Goirienak azaldu zuen «inkomunikazioa» dela espetxealdiaren alderik makurrena, eta bisitak jasotzeko, telefono deiak egiteko eta abokatuekin harremana izateko oztopoak salatu zituen. Gonzalezen gertukoen eskaera nagusiak ere laburbildu zituen Goirienak: «Alde batetik, epaiketarako data albait arinen jartzea, eta epaiketa bidezko bat izatea; bitartean, aske gelditzea, baldintzapeko askatasunean edo behar den moduan, eta, ahal dela, hemen. Ezinezkoa balitz, Euskal Herriko edo Espainiako kartzela batera ekartzea, gu bisitan joan ahal izateko. Eta hori ere posible ez balitz, gutxienetik kartzelan dituen neurriak malgutzea, batez ere komunikazioei dagokienez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.