Pablo Gonzalezek kartzelan segituko du beste hiru hilabetean gutxienez

Kazetariaren abokatuak esan du ez dagoela haren aurkako frogarik. Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak men egin dio fiskaltzaren eskariari, eta behin-behineko espetxealdia luzatu dio

Pablo Gonzalez askatzeko egindako elkarretaratze bat, martxoaren hasieran, Nabarnizen (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak hartu du erabakia: luzatu egin du Pablo Gonzalez kazetariaren behin-behineko espetxealdia; horrenbestez, Gonzalezek espetxean jarraitu beharko du beste hiru hilabetean behintzat.

Gonzalez otsailaren 28tik dago preso Polonian. Errusiako zerbitzu sekretuen alde lan egitea egozten diote. Ordea, atzo Gonzalezen abokatu Gonzalo Boyek ziurtatu zuen ez dagoela horretarako arrazoirik. Erabakiaren berri izan aurretik, Radio Euskadi irratian hitz egin zuen, eta nabarmendu zuen haren aurkako frogarik ez dutelako luzatu izan diotela espetxealdia: «Frogaren bat edukiko balukete, jakingo genuke, mahai gainean egongo litzateke». Halaber, salatu zuen oraindik ezin izan dutela kazetariarekin hitz egin.

Behin epaitegiaren erabakia jakinda, ildo beretik jo zuen abokatuak. Twitter bidez, salatu zuen kazetariak inkomunikatuta jarraitzen duela, eta berretsi zuen ez dutela haren aurkako «ustezko frogen» berri. Antzera mintzatu zen Gonzalezen bikotekide Oihana Goiriena. Uste du kazetaria «makurrarazi» nahi dutela, «egin ez duena aitortu dezan». «Behea jo dezala nahi dute». Iragarri du luzapenari helegitea jartzen saiatuko direla, baina uste dute aurreko aldian bezala atzera bota diezaieketela: «Erantzuna lehengo bera izango da, eta beste hiru hilabete itxaron beharko dugu zer gertatzen den ikusteko». Beren egoera ere salatu du: «Oinarrizko eskubideak —Pablorekin zuzeneko kontaktua edukitzea, telefono deiak eta bisitak edukitzea eta konfiantzazko abokatu batek kasua bere gain hartzea— lortzeko borrokan jarraitzea beste biderik ez dugu. Momentuz, galarazten ari dira».

Ebazpenarekin, Poloniako Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Fiskaltzaren eskaria babestu du epaitegiak. Hain zuzen, fiskaltzak joan den ostiralean galdegin zuen Gonzalezi espetxealdia luzatzea. Zenbait arrazoi eman zituen: prozesuan «iruzur egin» dezakeela; ezkuta daitekeela edo ihes egin dezakeela; eta, zigortuz gero, «zigor handia» ezar diezaioketela. Esan zutenez, «ondo arrazoitutako kezka bati» erantzuten dio eskaerak.

Otsailaren 28tik preso

Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten, Przemyslen, Errusiak Ukrainari egindako erasoak sortutako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zela. Errusiako zerbitzu sekretu militarrarentzat lan egitea leporatzen diote, eta hamar urteko kartzela zigorra jar diezaiokete horregatik. Atxilotu zutenean, hiru hilabeteko espetxe zigorra ipini zioten, eta beste hiru hilabete luzatu zioten maiatzaren amaieran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.