Gerra Ukrainan

Pablo Gonzalezek ez du hitz egin abokatuarekin oraino, eta 13 egun dira preso dela

Nabarnizen bizi da kazetaria, eta otsailaren 27an bidali zuen Ukrainari buruzko azken kronika. Hura askatzeko eskatu dute erakundeek

Gonzalezen aldeko elkarretaratzea egin zuten iragan igandean. M. DEL VALLE / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Joan den otsailaren 28an atxilotu zuten Pablo Gonzalez kazetaria Polonian, Ukrainako mugatik gertu, eta oraindik ez du bere abokatuarekin eta senitartekoekin hitz egiterik izan. Behintzat, Espainiak Polonian duen kontsulak Gonzalezekin hitz egin zuen joan den astelehenean, eta, horri esker, orain senideek badakite kazetaria ondo dagoela «animoz eta osasunez»; baina hamahiru egun igaro ostean Gonzalezek bere abokatuarekin hitz egin ez izana ez dator bat Europako Batasunean ustez indarrean dauden oinarri demokratikoekin.

«Kontsula astelehen goizean egon zen harekin, eta niri astelehen arratsaldean eman zidaten horren berri», azaldu du Gonzalezen bikotekide Oihana Goirienak: «Geroztik ez dugu albiste gehiago izan. Ez da beste inorekin egon. Abokatuarekin kontaktuan nago egunero, eta ez dit ezeren berririk eman».

Espainiako kontsularen bitartez Gonzalezen berri jakin ahal izatea oso pozgarria izan da kazetariaren senitartekoentzat: «Kontsulak esandakoaren arabera, ondo dago, animoz eta osasunez, horixe baitzen gure kezka nagusia hain denbora luzean inkomunikaturik egon ondoren», adierazi du Goirienak. «Lasai dago, osorik, baina arduratuta eta frustratuta; horixe izan zen kontsulak erabilitako berba, frustratuta, ez dakielako zer egiten duen han eta zer dela-eta egiten dizkioten akusazio horiek».

Ekialdeko Europan aditu

Pablo Gonzalez kazetaria Moskun jaiotakoa da; haren aitona 1936ko gerraren garaian Euskal Herritik Sobietar Batasunera ihes egin behar izan zuten ume haietako bat izan zen. Gonzalez aditua da Europako Ekialdeko herrialdeen historian eta politikagintzan, eta eskarmentu handia du munduko alderdi hartako gatazketan. Hori dela eta, Euskal Herriko eta Espainiako hedabide ugarirentzat lan egin du.

Gonzalezek otsailaren 27an bidali zuen Ukrainako gerrari buruzko azken kronika, eta hurrengo egunean atxilotu zuen Poloniako kontraespioitza zerbitzuak. Lehenengo orduetan inkomunikaturik egon zen, eta horrek areagotu egin zituen kazetariaren egoeraren inguruko kezkak. Geroago, Poloniak jakinarazi zuen Gonzalez espetxeratuta zegoela, «atzerriko inteligentzia zerbitzu baten jardueretan parte hartzea» leporatzen ziotela, eta litekeena dela zenbait hilabete igarotzea epaiketa egin arte.

Geroztik, elkartasun mezuek eta Gonzalez askatzeko eskaerek ez dute etenik izan. Goirienak dioenez, Espainiak Polonian duen kontsula eta Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza hasiera-hasieratik jarri ziren familiarekin kontaktuan, eta gaur egun ere harremana etengabea da. Hala ere, beste erakunde batzuen jarreraz ezin gauza bera esan: «Espainiako Gobernuaren Atzerri Ministerioa ez da gurekin kontaktuan jarri. Dei bat bera ere ez dugu eduki. Ez dakit haien prozeduraren barruan ez den sartzen familiari ezer esatea, baina guk horren falta sumatu dugu, azken finean haiek direlako sakatu behar dutenak, baina oraingoz ez digute ezer esan».

Joan den igande eguerdian, elkarretaratze bat egin zuten Nabarnizen (Bizkaia) eta jende ugari elkartu zen, Gonzalezen egoera salatzeko. Udalak egin zuen deialdia, aho batez: «Udalean gauden bi indarrak, EH Bildu eta EAJ, ados paratu ginen, bai deialdia egiteko, bai eta bukaeran irakurri genuen agiria idazteko ere», azaldu du Nabarnizko alkate Jose Antonio Marurik.

Udalerri txikia da Nabarniz, eta, udala prest badago ere bere esku dagoen guztia egiteko, badakite ardura nagusia beste erakunde batzuetan dagoela: «Hor Espainiako Gobernua eta Atzerri Ministerioa dira mugitu behar direnak. Haiek egin behar dute ahalegina Pablo askatzeko eta hau guztia konpontzeko, eta guk horixe eskatzen diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.