Pablo Gonzalez kazetaria ospitalean dagoela adierazi dio haren bikotekide Oihana Goirienak Europa Press agentziari. Poloniako Radomgo segurtasun handiko espetxetik atera ondoren, Moskun dago Pablo Gonzalez, libre eta kargurik gabe. Hango ospitale batean osasun azterketa egin diote, eta likidoa atzeman diote biriketan. «Egun batzuk daramatza ospitalean, eta ikusi beharko da nola dagoen; izan ere, koronabirusa pasatu zuen kartzelan zegoen bitartean. Ez zuen tratamendurik jaso, eta ez dakigu horrek ondoriorik izango ote duen. Emaitzak eduki arte ez dugu jakingo larria den edo tratamendurik beharko duen», azaldu du Goirienak.
Joan den astean utzi zuten aske Gonzalez. Errusiaren eta Poloniaren arteko preso truke baten harira askatu zuten, espetxean bi urte eta bost hilabete eman ostean. Asteburuan familiarekin telefonoz solastatzeko aukera izan du Gonzalezek, eta esan die «ongi» dagoela. Goirienak azaldu duenez, Gonzalezek Euskal Herrira itzuli nahi du, baina lehenbiziko guztiz osatu nahi du. Horrez gain, nortasun agiria eta pasaportea ere behar ditu, Poloniak ez baitizkio itzuli oraindik. Hortaz, ez dago argi noiz itzuli ahalko den.
Goirienak gehitu du, gainera, Espainiako Gobernuko inork ez diola ezer erran orain arte; ez azken egunotan, eta ez Gonzalez kartzelan egon den denbora guztian. «Deia aurreztu dezatela. Deia zertarako? Orain zertarako?», erran du.
Moskun jaio zen Gonzalez, 1982an. 2022an atxilotu zuten Poloniako zerbitzu sekretuek, espioitza egotzita. Garai hartan, Errusiaren eta Ukrainaren arteko gatazka piztua zen, eta Gonzalez Polonian zegoen, Ukrainatik herrialde horretara ihes egiten saiatzen ari ziren errefuxiatuen krisiaren berri emateko. Geroztik, Radomgo segurtasun handiko espetxean eduki dute, Polonian. Haren senitartekoek behin baino gehiagotan salatu dutenez, denbora tarte horretan Poloniak ez du haren kontrako akusazio zehatzik aurkeztu, eta haren espetxealdia etengabe luzatzen aritu da. Bi urte eta bost hilabete preso eman ostean, hura epaitzeko eguna ezarri gabe zegoen oraindik.