Pablo Gonzalez kazetaria otsailaren 28tik dago behin-behinean preso Poloniako kartzela batean, eta Poloniako Przemysl eskualdeko auzitegiak erabaki du beste hiru hilabetean behintzat kartzelan jarraitu beharko duela. Efe berri agentziak azaldu duenez, kazetariak Polonian duen abokatu Bartosz Rogalak eman die erabakiaren berri.
Errusiako zerbitzu sekretuen alde lan egitea egozten diote, baina Gonzalezen abokatu Gonzalo Boyek Radio Euskadin erabakia jakin aurretik esan du Poloniak haren aurkako frogarik ez duelako luzatu diotela espetxealdia: «Frogaren bat edukiko balukete, jakingo genuke, mahai gainean egongo lirateke». Halaber, gaitzetsi du oraindik ezin izan dutela kazetariarekin hitz egin.
Horrenbestez, Poloniako Delinkuentzia Antolatuaren eta Ustelkeriaren Arloko Fiskaltzaren eskaria babestu du epaitegiak. Hain zuzen, fiskaltzak joan den ostiralean galdegin zuen Gonzalezi espetxealdia luzatzea. Zenbait arrazoi eman zituen horretarako: prozesuan «iruzur egin» dezakeelako; ezkuta daitekeelako edo ihes egin dezakeelako; eta, zigortuz gero, «zigor handia» ezar diezaioketelako.
Otsailaren 28tik preso
Gonzalez otsailaren 28an atxilotu zuten, Przemyslen, Errusiak Ukrainari egindako erasoak sortutako errefuxiatu krisiaren berri ematen ari zela. Errusiako zerbitzu sekretu militarrarentzat lan egitea leporatzen diote, eta hamar urteko kartzela zigorra jar diezaiokete horregatik. Atxilotu zutenean, hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta beste hiru hilabete luzatu zioten maiatzaren amaieran.